Lurraldeko heziketa proiektua

Proiektuaren gidari den lurralde kolektibitatea: Hendaia

Proiektua aurkezteko data: 2018ko irailaren 5a

Arduradunaren izena: Kotte ECENARRO jn.

Funtzioa: Auzapez

Helbidea: Herriko Etxea – Errepublika plaza – 64 700 HENDAIA

Telefonoa: 05 59 48 23 23

Helbide elektronikoa: mairie@hendaye.com

LHParen eremua eta publikoa:

Ukitzen duen lurraldea: Hendaia herria 

Uki ditzakeen haurren kopurua: 2850 haur (horietarik 1958 ikastetxe publikoetan).

Ama eskolak: hiru eta bost urte artekoak: 653

Lehen mailako eskolak: 1291

Kolegioak: 906 

Nola eman izena proposaturiko jardueretan:

Egiturak denei irekiak izanen dira, gizarteko nahasketa faboratzeko xedearekin.

Eskolaldi inguruko harrerak:

Eskolaldi inguruko harreretan izena emateko erreferentzia garaia ikasturtea da; halarik ere, urtean zehar alda daiteke.

Eskola egunak:

Idatziz eman behar da izena, izen-emate fitxa baten bidez. Dokumentu hori haurren bitartez ematen zaie familiei.

Asteazkenetako plana:

Izena ematea gurasoek eskaturik egiten da.

Lekuen esleitzeko batzorde bat bilduko da. Leku eskasia bada, hautatzeko irizpideak honako hauek izanen dira nagusiki: dosierraren eskuratze den eta familia egoera. Inolaz ere ez da kontuan hartuko gurasoen lan jarduera.

Eskolaz kanpoko harrerak:

Idatziz eman behar da izena, izen-emate fitxa baten bidez. Dokumentu hori harrera zenbaiten bitartez ematen zaie familiei.

Izen ematea urte osorako edo noizbehinkakoa izanen da:

  • Eskola oporraldi baterako izen ematea
  • Eskola oporraldi guztietarako izen ematea

Jarduera horiek ordainduz dira Tarifak harrera motaren arabera eta familiaren diru sartze mailaren arabera kalkulatuko dira. Familia Laguntza Kutxak parte hartzen du aisialdi harrerako egiturak diruztatzen.

Gazteen harrerari dagokionean, publiko horrekin harremanetan sartzeko, jardunaldi zenbait auzoetan antola litezke, gazteek izena eman ez eta ordaindu ere gabe, betiere gazte bakoitzari gehienez lau zerbitzu emanez.

Familiei informazioa emateko bideak:

Familiei hainbat bidetatik ematen zaie informazioa:

  • Dokumentu idatzien bidez
  • Gurasoekin egin bilkuretan
  • Gurasoekin noizean behin mintzatzean 

Ukituak diren ikastetxeen kopurua (publikoak eta kontratupeko pribatuak): 16

Ama eskolak:

  • Publikoak: 5
  • Pribatuak: 2

Lehen mailako eskolak:

  • Publikoak: 5
  • Pribatuak: 2

Bigarren mailako ikastetxeak:

  • Publikoak : 1
  • Pribatuak: 1

Ukituak diren ikastetxeen zerrenda:

Ama eskolak:

Ikastetxe publikoak: Hondatzako, Hiri-barneko, Geltokiko, Intzurako eta Lizardiko ama eskolak

Ikastetxe pribatuak: Saint Vincent eta Ikastola

Lehen mailako eskolak:

Ikastetxe publikoak: Hondatzako, Hiri-barneko, Geltokiko, Intzurako eta Lizardiko lehen mailako eskolak

Ikastetxe pribatuak: Saint Vincent eta Ikastola

Kolegioak:

Ikastetxe publikoa: Irandatz kolegioa

Ikastetxe pribatua: Saint Vincent kolegioa

Eskolaldi inguruko edota eskolaz kanpoko jarduerak proposatzen dituzten egituren zerrenda:

  • Denentzat Gizarte Zentroa: Denentzat aisialdi zentroa
  • «Uda Leku» elkartea: Hendaiako Uda Leku aisialdi zentroa
  • Hendaiako Herriko Etxea: Haurtzaroaren Etxea, Txiki, Ttiki-Handi, Ludoteka eta Nerabeak aisialdi zentroak 

LHPren jardunak dituzten eguneko edota asteko aldiak: 

Eskola garaietan:

Ikastetxe publikoetan, animazio aldiak izanen dira eguerdiko pausaldian, haurrek bazkaldu aitzin edo ondoren, bai eta goizeko eta arratseko harrera aldietan ere.

Asteazkenetako plana aitzinetik zerrendatu egituretan eginen da.

Oporraldietan:

Aisialdi harrerak eskola oporraldietan dira zabalik, astelehenetik larunbatera.

LHPa lurraldeari begira egin nahian, eskolaz kanpoko egiturak bildu dira, LHParen helburuen inguruan koordinaturik aritzeko.

Gero, 2017ko otsailaren 21eko gidaritza batzordean, gainerako partaideei jakinarazi zaie egitura horiek gure LHPra lotzen zirela.

Honela, gure LHPak asteko lanegun guztiak hartzen ditu, urte osoan zehar.

Eskola antolaketari menturaz eginen litzaiokeen dispentsarako onartu den  data:

2017ko maiatzaren 16an.

LHParen iraupena (3 urte gehienez):

Urtebete, adierazi gabean berriztagarri.

LHPa berritu aitzineko urtean jadanik zeuden eskolaldi inguruko eta eskolaz kanpoko jarduerak eta ukitu dituzten lurraldeko haurren kopurua: 

Eskolaldi inguruko jarduerak:  Izena eman duten haurrak: 2029. 

Eskolaz kanpoko jarduerak: Izena eman duten haurrak: 1983.

Zerrendatu diren beharrak (publiko motaren arabera): 

Guraso nola haurrei galde egin eta honako behar hauek azaldu dituzte:

Hezkuntza Ministerioko profesionalei eta zenbait gurasori egin azken galdeketetan, haurraren atseden beharra azaldu zuten.

Horregatik, beraz, garrantzi handia emanen diogu asteazkena haurrari astean pausatzeko aldia gerta dakion.

Noski, guretzat atsedenaldi hori da haurrari, taldean edo bakarka, bizipen atsegingarriak eskaintzeko unea, ikasteko beharrik batere gabe.

Bestalde, gure herrian jadanik proposatuak izan diren eskolaldi inguruko edo eskolaz kanpoko aldi orotan bezala, jarraituko dugu, honetan ere, haurraren eguneko erritmoen kurba kontuan hartzen.

Beraz, erreferentziak plantan emateko aukera bideratzeko, egiturek «ereduzko egun» bat eman dezakete. 

LHPa gauzatzeko lurraldeak dituen aukerak eta indarrak: 

Lurraldeko Heziketa Proiektua lurraldeko eragile orori parte hartzeko bide emanez gauzatu da. Hitzartze horrekin jarraituko dugu. Honako hauek hartuko ditu adoste horrek: gurasoak, irakasleak, animatzaileak, ama eskoletako lurralde langile berezituak (ATSEM), hautetsiak, eta haurrak eta gazteak beraiek ere, noski.

Horrez gain, gure lurraldearen aberastasuna baliatzen jarraituko dugu, elkarteekin, kultura erakundeekin eta gure natura guneekin lan eginez.

Lau urteko esperientzia ukanik, gidaritza batzordeak bere eragileak bilduko ditu, haien borondatearen arabera, haurrarentzat garai desberdinak elkarren osagarri eta heziketan koherente izateko xedean aurrera egin nahian.

Duen esperientzia horrek ekarri dio hobeki ezagutzea partaideak bai eta partaide horiek haurren heziketan duten egitekoa ere.

Gisa berean, asteazkenetako, eguerdiko pausaldietako eta goizeko eta arratseko harrera aldietako animatzaile taldeak egonkor izatea ezin ukatuzko abantaila da plantan emate horrentzat.

Lurraldeak dituen oztopoak eta LHPak oztopo horiek kontuan hartzeko moduak: 

Oztopo nagusiak 2014koak berak ditugu orain ere, hau da:

  • zerbitzu emaileen eta soldaten kostua eta proposatu nahi ditugun

jardueretara egokitu lokalen eskasia

  • asteazkenetako plana eskaintzen duten egituren eta eskolen arteko urruntasuna.

Partaideek partekatzen dituzten LHParen heziketa helburuak:

LHParen helburuak herrian ditugun Tokiko Heziketa Kontratuaren, Haur eta Gazteria Kontratuaren eta heziketa proiektuaren helburuen arabera landu dira. Gisa horretan, plantan ezarri lantaldeak (gurasoak, irakasleak, animatzaileak, elkarteak eta beste hendaiarrak) bi kontratu horiei eta heziketa proiektuari begira aritu dira guztien helburuak birdefinitzeko. Gero, hautetsiek talde horiek eman dituzten helburuak gidaritza batzorde batean birlandu dituzte.

Hainbat motatako pertsonak kontsultatu direlarik eta hautetsiek zenbait erakunderekin batera (HMI-IEN, GKDZ-DDCS, FaLK-CAF) balioztatu dituztelarik, erabili den metodoak aukera ematen du gure LHParen helburuak gure herrian adin txikikoak hartzen dituzten egitura guztietarako baliagarri izan daitezen. Betiere heziketaren eragile bakoitzak bere berariazko proiektua eraiki dezan utziz, noski.

Bizkitartean, kudeatzaileak filosofia, politika eta erlijiozko neutraltasunaz jokatzera engaiatzen dira. Egiturak ere, laikotasuna erakustera engaiatzen dira, Errepublikaren balore hori FaLKren eta dituen partaideen funtsezko elementua delarik.

Helburu nagusia: 

Zerikusia duten eragile ororekin adostuz egin da lurraldeko heziketa proiektua eta eskola erritmoen erreformaren oinarria da, haurren eskolako arrakasta eta ongizatea helburu izanik.

Hori egiteko, Hendaiako Herriko Etxeak baliabide guztiak erabiltzen ditu heziketa jarraikitasuna gerta dadin eskola proiektuen eta haurrei, eskolalditik at proposatzen zaizkien

jardueren artean; eskolaldi inguruko jarduerak heziketako zerbitzu publikoaren jarraipen eta osagarri gisa ulertu behar da, koherentzia eta kalitatea helburu.

Beraz, heziketako jarraikitasun hori ezin da eskolaz kanpoko aldietan ahantzi. LHPa da Hendaiako harrera egitura guztiak helburu beren alde ari daitezen behar den tresna.

Hendaiako Herriaren heziketa helburuak:

Lurraldeko heziketa proiektu honek bere zentzu osoa beteko badu, partzuergo bat ezarri behar da haurrekin aritzen diren esku-hartzaile ororen artean. Partzuergo horrek ekintza orotan, ingurunea zeinahi delarik ere, sustatu beharko diren balore eta ezagutzak begiratuko ditu.

2020ko abenduaren 17ko gidaritza batzordearen ondorioz, honako hiru helburu nagusi hauek birdefinitu ditugu:

Haurra gure lurraldearen ezaugarrietaz jabe dadin:

  • Hirueletasuna balioetsiz, gure lurraldearen berezitasunari begiratuz
  • Gure lurraldean mintzo diren hizkuntzen lekua zehaztuz
  • Euskaradun eta gazteleradun diren haurren frantsesaren ezagutza areagotuz
  • Frantsesdun haurrei euskaraz eta gazteleraz mintzatzeko aukera eskainiz
  • Gure lurraldeak eskaintzen digun ondarearen ezagutza bultzatuz
  • Mugakide ditugun herriekiko harremanak lagunduz.

Haurraren gizarteratzea:

  • Gure zeregina haurraren interesean oinarrituz
  • Haurra autonomiarantz eramanez
  • Errespetua sustatuz
  • Bakearen alde eta indarkeria ezaren alde heziz
  • Haurraren erantzukizuna bultzatuz
  • Gizartearen aniztasuna bultzatzaile eta egituratzailetzat hartuz.
  • Ezintasunen bat duten haurrei laguntza emanez
  • Herritartasunaren jabe egin daitezen bultzatuz.
  • Analfabetotasunaren aurka borrokatuz.

Heziketako jarraikitasuna:

  • Heziketan parte hartzen duten ororen arteko lotura sendotuz
  • Heziketan parte hartzen duten eragile ororen artean jarraikitasuna emanen dela bermatuz
  • Lekuak gurasoei eta elkarteei irekiz
  • Gurasoekiko harremanari kasu berezia eginez.

Hartara, honako bigarren mailako helburu hauek genituzke:

  • Herritartasuna:
    • Haur eta gazteen sen zibikoa garatzea.
    • Topaketa, partekatzea, elkartasuna, elkar laguntza bultzatzea.
    • Gazteei bereizkeriaren aurka jokatzen eta bestelako jendeak onartzen ikasten laguntzea, bai eta ezintasun bereziren bat dutenen gizarteratzen ere.
    • Herria bere egin dezaten eta gizartera daitezen laguntzea.
    • Gizon eta emakumeen inguruko ikusmolde estereotipatuak zalantzan ezartzen dituzten jarduerak bultzatzea.
  • Norbanako gisa loratzea:
    • Kalitatezko josteta mota anitz eskaintzea.
    • Bakoitzak dituen bizi erritmoei eta beharrei kontu egitea.
    • Arriskua ekar dezaketen jokabideak saihestea.
    • Ekimena eta inplikatzea garatzea.
    • Haur eta gazteen garapenari, dituzten galdera eta nahiei loturiko esperimentazioak bultzatzea.
  • Tokiko nortasuna:
    • Gure lurraldeko hiru kulturen ezagutza bultzatzea: hizkuntza, tradizioak, mitologia, musika…
    • «Txingudi» bizi-eremua hendaiar nortasunaren barnera ekartzea.
  • Belaunaldien arteko trukaketak:
    • Belaunaldien arteko topaketak bultzatzea, elkar ezagutzeko eta elkar ulertzeko: aitatxi-amatxiak edo beste.
    • Haurrak eta gazteak hartzen dituzten egituren eta adineko pertsonak hartzen dituzten zerbitzuen arteko partzuergoa garatzea.
  • Ingurumenaren babesa eta garapen iraunkorra:
    • Haurrak eta beren familiak ingurumenaren babesaren garrantziaz ohartaraztea.
    • Era berean, garapen iraunkorraren garrantziaz ohartaraztea: elkarbizitza, banaketa bide laburrak, elkartasunezko eta tokiko ekonomia laguntzea.
    • Egituren barnean, ingurumenaren babeserako eta garapen iraunkorraren aldeko jokabideak antolatzea.

Espero diren ondorioak (ezagutzak, gaitasunak, jokabideak, etab…):

Heziketa proiektuaren helburuak elkar adituz gauza eta ebalua daitezen nahi dute partaideek.

Jadanik izan daitezkeen beste urraspideekin lotzea LHPa:

LHParen helburuen iturria honako hauek izan dira: Tokiko Heziketa Kontratua (THK-CEL), Haur eta Gazteria Kontratua (HGK-CEJ) eta herrian dugun heziketa proiektua. 

LHParen barnean proposatzen diren jarduerak:

Jarduera horiek eskolen proiektuekin loturik izan daitezen komeni da.

Asmo horrekin, gidaritza batzordeari partaideen arteko lan taldeak sor ditzala proposatuko zaio, gogoeta egin dadin eskolen proiektuek dituzten gaien eta eskolaldi inguruko eta eskolaz kanpoko aldiek dituzten gaien artean izan litezkeen loturen gainean.

Bestalde, jarduerak, egun diren bezala, animazio proiektu baten arabera antolatuko dira eta pedagogian aitzin egiteko gisan.

Eskolaldi inguruko eta eskolaz kanpoko aldien proiektuetan, egituraren zuzendariak zainduko du haurrei eta gazteei proposatuko zaizkien jarduerak taldeko animatzaileek bilatu, aztertu eta proposatuak izan daitezen. Pedagogia proiektuaren, animazio proiektuaren eta Lurraldeko Heziketa Proiektuaren arteko koherentziaren bermatzailea izanen da ere zuzendaria.

Hainbat motatako jarduerak eginen dira: kirol, kultura eta arte jarduerak, gure ingurumenarekin, gure historia ondarearekin eta gure herriko bizitzarekin loturik, eta haur eta gazte taldeak tokiko ekitaldietan parte hartzera eramanen dituzte.

Tailerrak ikastetxe bakoitzean zehaztuko dira, gurasoek, haurrek eta

profesionalek (irakasleak, animatzaileak…) adierazi eskariak edo

beharrak kontuan hartuz.

Kasu berezia eginen zaio ezintasun bereziren bat duten haurrak hartu ahal izateari, MDPH erakundeak gomendatu bezala. Batbederari Egokitu Harrera Protokoloa sistematikoki emanen da plantan eta, behar balitz, antolatzaileak harrera horietan aditu den elkarte bati eginen dio dei, familiei egin eskaintza egokitzeko.

Beraz, haurrek eta gazteek jarduerak hautatzen ahalko dituzte eta bizitza aldiak antolatzeko proposamen egile ere izanen dira. Bestalde, jardueren bilanetan haiek parte hartzeari balioa emanen zaio.

Gisa berean, egituretan “ezer ez egiteko” eskubidea ere atxikiko dugu.

Familiekiko harremanetan sakondu eta alor horri arta berezia emateko, gurasotasunari loturiko hainbat jarduera eginen dituzte gure lantaldeek.

Familiekin harreman sakonagoak ukan nahiz, jarraituko dugu guraso, aitatxi-amatxi eta bestelakoak hartzeko uneak antolatzen, molde zenbaitetan: pik-nik moldean, ateak zabal moldean, tailer partekatuen moldean…

Horrez gain, eskolaz kanpoko aldian kanpaldiak antolatuko dira pedagogia tresna gisa. Horien egiteko, taldea bikoiztu eta gaualdia antolatuko da.

Azkenik, egin diren proiektuak ebaluatzeko irizpideak ezarriko dira proiektuak asmatzerakoan.

Asteazkenetako eskolaldi inguruko aisialdi harreren pedagogia proiektua Lurraldeko Heziketa Proiektuari atxikiko zaio, I. eranskin gisa. 

Proiektuan partaide direnak:

Partaide diren erakundeak:

Partaide diren erakundeak proiektuaren eragile dira jadanik, gidaritza batzordearen barnean. Bertan, honako hauek ditugu: Hezkuntza Ministerioaren ikuskaria (IEN), Gizarte Kohesiorako Departa-menduko Zuzendaritza (DDCS), FaLK-CAF, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Hirigune Elkargoa eta haurrekin aritzen diren elkarteak.

Partaide diren elkarteak:

Giza baliabideei dagokienean, herrian ditugun elkarteengana jotzen dugu, herri langileengana (kirol, kultura, hezkuntza, eskola bizitza eta animazio zerbitzuak), irakasleengana eta zerbitzu emaileengana.

Gehien erabiltzen ditugun ekipamenduak herri eraikinak dira: eskolak, aisialdi zentroak, frontoiak, mediateka, kulturgunea… Herritarrei zabalduriko eraikinak dira lokalak eta halako eraikinetarako segurtasun batzordeak begiratuko ditu aldian-aldian.

LHParen barnean proposatzen diren jarduerak gauzatzeko ardura duten eragileak:

Harrera aldi guztiak jadanik badauden eskolaldi inguruko eta eskolaz kanpoko harreren parte dira.

Egitura horiek zuzendari baten gidaritzapean dira; jardunaldi horien antolaketa osoaren arduradun dira, beraz. 

Gidaritza egitura:

Gidaritza batzordearen kideak  honako hauek dira: Herriaren ordezkariak (hautetsiak eta zerbitzuak), Hezkuntza Ministerioaren Departamenduko Zerbitzuetakoak, Gizarte Kohesiorako Departamenduko Zuzendaritzakoak, Familia Laguntza Kutxarenak, haurren alorrean aritzen diren elkarteen ordezkariak eta lantalde bakoitzeko bi kide. Urraspide osoa koordinatzeko eta gomendioak auzapezari igortzeko ardura du, hark har ditzan azken erabakiak.

Proiektuaren koordinazioa honako honek du:

Pedagogia arduradunaren izen-deiturak: PERUARENA Eugénie

Funtzioa: “Hirian Bizi” Zuzendaritzaren sailburua

Helbidea: Hendaiako Herriko Etxea
Herriko Etxea
Errepublika plaza
64 700 HENDAIA

Telefonoa: 05 59 48 30 51

Helbide elektronikoa:

Gidaritza moduak:

Gidaritza moduak proiektua plantan ematean erabilitako berak dira.

Partaideen lana eta gogoeta eskola talde bakoitzean osatu lantaldeetan oinarrituko den gidaritza batzorde baten bidez antolatzea proposatzen da:

  • Gidaritza batzordea (lehen aipatu osaera eta helburua ikus).
  • lantaldeak lekuetako hezitzaileen ordezkariek osatuko dituzte: gurasoek, irakasleek, «Hezkuntza–eskolako bizitza» eta «Haur eta Gazte Animazioa» udal zerbitzuek, elkarteek edota gaiak hunkitu pertsonek, auzo batzordeek, halakorik balitz. Eraginkorrago izan nahian, partaideen kopurua kategoria bakoitzeko (guraso, irakasle, animatzaile…) gehienez bizpahiru ordezkariz osatu beharko litzateke. Proposamen egile dira eta beren gomendioak gidaritza batzordeari emanen dizkiote.

Urraspidearen koordinazioa eta jarraipena “Hirian Bizi” Zuzendaritzaren sailburuak eginen du.

Bilduman aurreikusi elementuak: 

Maiztasuna: urtekoa.

Kontuan hartu adierazleak (kopuru nahiz kalitatezkoak): galdetegiak sortuko dira, eginikoa partaide bakoitzak eta publikoak balioets dezaten.

Gurasoek, haurrek eta profesionalek espontaneoki erranikoak kontuan hartuko dira ebaluazioetan.

Kontratua berritzeko eta gehigarri bitartez aldatzeko moduak:

Bildumaren ondorioz, gidaritza batzordeak auzapezari proposatuko dizkio LHPari egin beharreko aldaketak edota berriztapena.

Proiektuaren sinatzaileak: ECENARRO jauna, Hendaiako auzapeza

Hendaian egina, 2021eko otsailaren 22an

Auzapeza,
Euskal Hirigune Elkargoaren Lehendakariordea,
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseilaria,
Kotte ECENARRO