514.2019 agindua, maiatzaren 29koak honela dio, Herri Kontseiluak 2019ko maiatzaren 22ko bilkuran hartu zuen aparkamenduari buruzko deliberamenduak ekarri hitzetan:
Ordainpeko aparkatzea – agindu osagarriak:
Ikusiak eta kontuan hartuzkoak
Ikusirik Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusia, bereziki honako artikulu hauek: L 2211-1 eta L 2212-2, L 2212-5, L 2213-1 artikulutik L 2213-6 artikuluraino,
Ikusirik 2014ko urtarrilaren 27ko 2014-58 Legea, lurraldeko jardun publikoaren modernizatzeari eta metropolien baieztatzeari buruzkoa («MAPTAM» lege deitua), karriketako ordainpeko aparkatzean erabiltzeko araudia aldatzen duena, besteak beste, (halako aparkatzea zigorgabetzea eta deszentralizatzea), 2018ko urtarrilaren lehenean indarrean sartu zena,
Ikusirik 2015eko martxoaren 18ko 2015-300 Legea (Giza Ekintzaren eta Familien Kodearen L. 241-3-2 artikulua aldatzen duena), aparkatzeko txartela duten eta ahalmen urritasunen bat dutenen aparkatzea erraztekoa,
Ikusirik Errepide Kodea, bereziki honako artikulu hauek: R 417-6, R 417-10 eta R 417-12, Ikusirik Zigor Kodea, bereziki R 610-5 artikulua,
Ikusirik errepide seinaletikari buruzko ministerioarteko agindua,
Ikusirik HENDAIAren Herri Kontseiluaren honako deliberamendu hauek: 099.2017 zk. 2017ko irailaren 19koa, eta 148. 2017 zk. 2017ko abenduaren 22koa, aparkatze zerbitzuagatiko zergaren eta aparkatze ondoko prezio finkoaren tarifak finkatzen dituztenak,
Ikusirik HENDAIAren Herri Kontseiluaren honako deliberamendu hauek: 037.2019 zk., 2019ko martxoaren 27koa, ordainpeko aparkatzean aldaketak egiten dituena, eta 065. 2019 zk., 2019ko maiatzaren 22koa, ordainpeko aparkatzeari buruzko agindu osagarriak dakartzana,
Kontuan hartuz aparkatzearen arautzea ordena publikoaren eta ororen interesaren beharrengatik egiten dela,
Kontuan hartuz karriketan aparkaturik diren autoak aldizka egon behar direla aparkaturik eta mugitu behar direla eta zerbitzuetara (administraziokoak, merkataritzakoak, etab… ), bereziki herri barnean daudenetara, heltzea erraztu behar dela, autoak aldizka aparkatuz,
Kontuan hartuz ibilgailuak leku berean geldirik luzeegi egon ez daitezen bilatu behar dela,
Kontuan hartuz bermatu behar zaiela, bereizkeriarik egin gabe, ahal beste erabiltzaileri, aparkatzeko aukera berdinak ukan ditzaten,
Kontuan hartuz berriz zehaztu behar direla ordainpeko aparkatzearen sektoreak (sektore urdin eta gorria), ordainpeko aparkatze hori ahal bezain on izan dadin,
Kontuan hartuz 2019ko apirilaren 30eko 418.2019 zk. herri agindua, karriketan aparkatzearen araudia zehaztekoa,
SEKTORE GORRIA (Hondarraitz auzoa)
Honako karrika hauek hartzen ditu:
ARKAZIA, GURBITZ, ARMATONDO (karrikaren 5. zenbakiaren eta LARREXTAko bidearen arteko zatian), eta ELORRI XURI karrikak,
TXINGUDI BADIAren etorbidea (EUKALITU karrikaren eta FLORAko biribilgunearen artean),
EZKERRAHIEN, AIHENTXURIEN, ZITROINONDOEN eta MALDAKO karrikak,
ASTIGARREN karrika, EUKALITUEN karrika,
PIKONDO eta URBIZI karrikak eta FLORAko biribilgunea,
IRUN karrika,
JAZMIN karrika,
LECLERC JENERALAREN etorbidea, HERIOTZORRI karrika,
MAGNOLIA etorbidea, ITSAS etorbidea, MIMOSA etorbidea, MURUGATZE karrika,
MIZPIRONDO karrika,
OLIBONDO eta LARANJONDO karrika,
KAKIONDO, PINU eta ARANONDO karrikak,
PAUL SIMON apezaren biribilgunea (kanpoko ingurunean),
HAREATZA karrika, DONIBANE LOHIZUNE karrika,
TULIPARBOLA karrika,
«ZOKOBURU» aparkalekua (Itsas etorbidean, Talasoterapia zentrotik hurbil),
TXINGUDI BADIAREN etorbidearen eta LARANJONDOEN karrikarena arteko aparkalekuak,
BIDASOA zabaltza ondoko aparkalekua («WATER SPORTS CENTER By DECATHLON» – TRIBORD- saltegiaren aitzinean).
Horrela zedarritu sektorea ordainpekoa da, honako molde hauetan:
egunero (igande eta jaiegunetan ere barne), 8:30etik 12:30era eta 14 orenetatik 20 orenetara, urtero, apirilaren lehenetik urriaren 31ra,
- Salbu:
ITSAS etorbidea eta «ZOKOBURU» aparkalekua, urte osoan baitira egunero ordainpeko (igande eta jaiegunetan ere barne), 8:30etik 12:30era eta 14 orenetatik 20 orenetara, - ARMATONDO karrika (behere aldea, ikus 1.1.), TXINGUDI BADIAko etorbidearen eta LARANJONDOEN karrikaren artean dauden aparkalekuak, BIDASOA zabaltza ondoan dagoen aparkalekua («WATER SPORTS CENTER By DECATHLON» – TRIBORD – saltegiaren aitzinean), urtero, ekainaren 15etik irailaren 15era egunero baitira ordainpeko (igande eta jaiegunetan ere barne), 8:30etik 12:30era eta 14 orenetatik 20 orenetara.
Sektore horretan, ordainpeko aparkatzearen gehienezko denbora 10 orenetakoa da.
SEKTORE URDINA (Hiri barnea eta geltoki auzoa)
Honako karrika hauek hartzen ditu:
DE GAULLE JENERALAREN etorbidea, ESPAINIA hiribidearen eta DE GAULLE JENERALAREN etorbidearen 79 zenbakiaren arteko zatian eta ITURRIKO karrikaren eta ASKATASUNAREN karrikaren arteko zatian,
ELIZA karrika, PASSICOT komandantearen karrikaren eta JAIZKIBEL karrikaren arteko zatian,
ASKATASUNAREN karrika, GAZTELU ZAHAR karrikaren eta DE GAULLE JENERALAREN etorbidearen arteko zatian,
PORTU karrika, ELIZA karrikaren eta DE GAULLE JENERALAREN etorbidearen arteko zatian, ERREPUBLIKA plaza,
MERKATUKO karrika, JAIZKIBEL karrikaren eta SALVADOR ALLENDE karrikaren arteko zatian,
HOSTAILBIDEA hiribidea,
GELTOKI karrika,
MERKATARITZA karrika, 38. zenbakiaren (barne) eta DE GAULLE JENERALAREN etorbidearen arteko zatian,
Horrela zedarritu sektorea ordainpekoa da: egunero, igande eta jaiegunetan izan ezik, 9 orenetatik 12 orenetara eta 14 orenetatik 19 orenetara.
Sektore horretan, ordainpeko aparkatzearen gehienezko denbora 8 orenetakoa da.
TARIFAK
Aparkatzeagatiko zergaren tarifak, aparkatzen haste beretik ordaintzekoa. Tarifak honela dira finkatuak:
Sektore GORRIAN:
Orenbetez aparkatzeko – 1,40 €
2 orenez – 2,80 €
3 orenez – 5,30 €
4 orenez – 7,80 €
5 orenez – 12,50 €
6 orenez – 18,00 €
7 orenez – 21,00 €
8 orenez – 24,00 €
9 orenez – 25,00 €
10 orenez – 30,00 €
Sektore URDINEAN:
Orenbetez aparkatzeko – 1,40 €
2 orenez – 2,80 €
3 orenez – 5,30 €
4 orenez – 7,80 €
5 orenez – 17,00 €
Aparkatze ondoko prezio finkoa (FPS)
Sektore GORRIAN, aparkatze ondoko prezio finkoa: 30 €. FPS prezio finko hori 24 oren gabe ordainduz gero, 5 € kenduko zaizkio prezio horri.
Sektore URDINEAN, aparkatze ondoko prezio finkoa: 17 €.
a) HENDAIAn bizitegi nagusia dutenentzat eta lokal nagusia HENDAIAN duten profesionalentzat:
- Egunero urririkako aparkatze tarteak
Herriaren administrazioak ontzat eman frogagiri batez bizitegi nagusia (ez bigarren bizitegia) Hendaian dutela frogatzen duten eta txartel grisa duten auto gidariek urririk aparkatu ahalko dute egunean bi aldiz (egun erdi bakoitzeko tarte bana), honako baldintza hauetan:
Edo bi aldiz orenbete sektore URDINEAN (orenbete goizean + orenbete arratsaldean),
Edo bi aldiz lau oren sektore GORRIAN (4 oren goizean + 4 oren arratsaldean), edo behin orenbete sektore URDINEAN GEHI 4 oren sektore GORRIAN.
Horretarako, urtean kopuru finko bat ordaindu beharko da: 15 €.
- Bertakoen hilabeteko abonamenduak
Bizitegi nagusia Hendaian dutenek bizileku abonamendua har dezakete ere, hilean 20 € ordainduz, egunero mugagabe aparkatzeko, betiere errepideen kodea betez, hau da, ibilgailu batek ezin duelarik egon zazpi egun baino gehiago leku berean geldirik.
Hileko abonamendu horrek sektore GORRI nola URDINEKO ordainpeko karrika orotarako balio du, salbu soilik bizileku ez diren edo merkataritza edota turismo jardunetako diren eta, hartara, ibilgailuak gehiago mugi daitezen eskatzen duten zonetako karrika eta aparkalekuetan.
Soilik bizileku zona ez diren zonatzat hartzen diren eta, halatan, abonamenduak balia ez litezkeen zonatzat honako hauek hartzen dira:
- Sektore GORRIAN: ITSAS etorbidea, LECLERC JENERALAREN etorbidea (ELORRI XURI karrikaren eta PALMONDO biribilgunearen arteko zatian), FLORIDAko, ZOKOBURUko eta «TRIBORD» aparkalekuak,
- Sektore URDINEAN: HOSTAILBIDEAren hiribidea, PORTU karrika (ELIZA karrikaren eta DE GAULLE JENERALAREN etorbidearen arteko zatian), ERREPUBLIKA plaza, DE GAULLE jeneralaren etorbidea (ESPAINIA hiribidearen eta DE GAULLE JENERALAREN etorbidearen 79. zenbakiaren arteko zatian) eta MERKATARITZA karrika (38. zenbakiaren eta DE GAULLE etorbidearen arteko zatian).
Abonamendua ibilgailuari loturik da eta ez zerga familiari (halatan, zerga familia berak dituen bezainbeste abonamendu ukan dezake).
b) Profesionalak
Egunerako urririkako tarteak ukan ditzakete lokal nagusia HENDAIAN dutela froga dezaketen (bizitegi nagusien kasuetan bezala) industria, eskulangintza edo merkataritzako enpresek, enpresa bakoitzari tarte bat emanen zaiolarik.
HENDAIAN bigarren bizitegia dutenek egunerako urririk aparkatzeko tarteak ukan ditzakete (egun erdi bakoitzerako tarte bana): bi aldiz ordubete sektore URDINEAN, bi aldiz 4 oren sektore GORRIAN. Horretarako, urtean kopuru finko bat ordaindu beharko dute: 15 €
Bizitegi nagusia BIRIATUN (64) eta URRUÑA herriaren PAUSU eta DORRONDEGI auzoetan (Legarralde karrika) dutenek egunean urririk aparkatzeko tarteak ukan ditzakete (egun erdi bakoitzerako tarte bana), bi aldiz orenbete sektore URDINEAN, bi aldiz 2 oren seltore GORRIAN. Horretarako, urtean kopuru finko bat ordaindu beharko dute: 15 €.
Urririk aparkatzeko tarte horiek eta bizileku abonamendu horiek emateko herriaren administrazioak eskatu frogagiriak ekarri eta ibilgailuak erregistratu beharko dira Herriko Etxearen zerbitzuetan.
Ordainpeko aparkalekuak galtzadan, plazetan eta bideetako jabari publikoaren lekuetan seinalatuko dira.
Lekuak erabiltzaileen esku jarriko dira ibilgailuak aparka ditzaten. Leku horien erabiltzeko aitzinetik ordaindu beharko dira aparkatzeko eskubideak.
Aparkatzeko eskubide horien ordainketa ordaingailuen bidez egiten da; aparkatzeko txartelak emanen dituzte gailu horiek. Honako ordainbide hauek balia litezke:
- Sos idorra (gutxienik 0.20 €),
- Banku txartelak,
- WHOOSH telefono aplikazioa.
Ibilgailuaren matrikulatze ziurtagiriaren jabeak edo gidariak aparkatze txartela ibilgailuaren aitzinaldean eman beharko du, haizetakoaren ondo-ondoan, karriken zaintzaz eta ordainpeko aparkatzearen kontrolaz arduratzen direnek erraz ikus dezaten.
Gehiegizkotzat hartuko da, bideen kodearen arabera:
- Ordainpeko aparkatze eremuko karrika bateko leku berean ibilgailua etengabe aparkatua uztea, ibilgailuaren matrikulatze ziurtagiriaren jabeak edo gidariak aparkatzeko eskubidea ordaindu gabe bi orenetik goiti,
- Zona URDINEAN 5 orenetik goiti aparkatzea,
- «geldialdi laburretarako» lekuetan baimendua den tartea baino luzeago aparkatzea
- bai eta behar bezala adieraziak diren beste denbora tarteak (10 minutu, 30 minutu) baino luzeago aparkatzea.
Gehiegizko aparkatze orok bigarren mailako arau-hausteetarako isuna jasoko du.
Ibilgailuaren matrikulatze ziurtagiriaren jabea edo gidaria bertan ez balego edo udal langileek gehiegizko aparkatzea utz dezan agindu eta eginen ez balu, ibilgailua geldiaraz eta bahitegira eraman liteke errepideen kodeak ezarri baldintzetan.
Trabagarritzat hartuko da, errepideen kodearen arabera:
- ibilgailua zirkulaziorako den galtzadaren aldean aparkatzea,
- ibilgailua ordaingailuek kontrolatu zona baten barnean, lurrean seinalaturik diren lekuetatik at aparkatzea.
2015eko martxoaren 18ko 2015-300 Legea (indarrean 2015eko maiatzaren 18an sartu zena) aplikatuz, urririk aparka dezake publikoari zabalik diren aparkaleku guztietan, ezintasun bereziagatiko aparkatze txartela duen orok edo halakorik duen norbait daraman orok, aparkatzeko denbora mugarik gabe.
Ezintasun bereziren bat dutenentzako aparkatze txartelerako europar eredua 2015eko martxoaren 3ko aginduak finkatu zuen.
- Honako hauek sortu dira:
Banaketarako lekuak, - Une bateko aparkalekuak (geldialdi «laburrak»),
- 10 minutuko, 30 minutuko aparkatze tartea duten lekuak,
- Ezintasun bereziren bat dutenentzako lekuak,
- Bi gurpilekoentzako aparkalekuak,
- Diru funtsen garraioetarako aparkalekuak,
- Taxientzako lekuak,
- Bidaiarien garraio publikoentzako geldileku edota aparkalekuak,
- Hondakinen bilguneen aitzineko lekuak. Leku horietan seinale egokiak ezarriko dira.
Aitzineko artikuluetan aipatu aginduek errepide eta autobideetako seinaletika eta kontrol gailuei buruzko 1967ko azaroaren 24ko ministerioarteko aginduak aurreikusi seinaletika plantan ematea ekarriko dute.
Agindu honen arau-hauste oro isun agiri batez adieraziko da eta legeek eta arauek agindu bezala zigortuko.