Erlaitzeko errepideak Ziburu eta Hendaia lotzen ditu eta hor zirkulatzeko debekua ezarri da maiatzaren 21etik ekainaren 7 bitartean, zenbait neurri biltzeko. Esperimentazio horren bidez, hetsiera horrek egunerokoan dituen eraginak neurtu ahal izan ditugu.
Departamendu eta herri bideetan egin diren kontaketez gain, hiru astetako esperimentatze hetsiera horrek baieztatu digu errepide horren eguneroko 9000 (udan 16 000) erabiltzaileek jadanik bazekitena: bide hau ezinbestekoa zaio gure lurraldearen ekonomia garapenari, segurtasunari edota funtzionamenduari!
Hendaiako Herriak plantan eman zuen e-helbideak ia 200 lekukotza bildu ditu erlaitzaren errepidea atxikitzearen alde. Mezu horien artean, Itsas Ospitaleko (APHP) 650 langileetako anitz, lan ordutegia aldatu behar izan baitute eta bidaia gastuak areagotu; Hondarraitz auzoko merkatariak, negozio kopurua batez beste %30ean apaldu baitzaie; eguneroko erabiltzaileak, inguruan diren herri bideak trafiko hain handirako egokiak ez direla eta, segurtasun gabe sentitu omen baitira, bai eta bertako biztanleak ere, ekarri dizkien kalteekin zertxobait gogaiturik. Horra esperimentatze hetsiera horren lehen bilana.
Hendaiako hautetsiak, kaltetuak izan diren herritar eta enpresei adi izan dira hetsiera osoan zehar. Horrez gain, gidaritza batzordeak egunerokoan antolatu gune orotan parte hartu dute.
Esperimentazioa burutu eta, honako bi eskari hauek egiten dizkiegu gidaritza batzordekideei:
- Bilkura bat antola dezatela Euskal Erlaitzeko Biztanleen Aldeko Elkartearekin eta kaltetuak izan diren ekonomia eragileekin,
- Itsasertzaren Legea salbuetsi dezatela D912 errepidea higadura gehien dagoen leku jakinetan bakarrik edo mehatxatuen diren aldeetan egokitzapen neurriak hartzeko, gure lurraldearen garapen eta segurtasunerako garrantzitsua zaigun bide hori atxiki ahal dezagun.
Bat gatoz epe luzera gure itsasertza ahal beste zaintzeko aukera emanen diguten garraio moldeak eta bestelako bideak proposatu eta aterabideak atzemateko asmoan. Ez dugu, halere, itsuarena egin nahi ongi baitakigu aterabide iraunkor horiek, denbora beharko dutela aztertuak, diruztatuak eta gauzatuak izan aitzin.
Aski azterketa eta esperimentazio egin da jadanik; orain errealista eta pragmatiko jokatu behar dugu lehenbailehen; hori eskatzen digute gure herritarrek !