Egiazko Elkartasun Alokantzako etxe multzo berri bat sortu da

 Azaroaren 29 asteazken honetan, Cécile Elissalde, Bizitegien Langile Batzorde erakundearen (BLB-COL) lehendakariak eta Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapezak Henry Martinet etxe multzoaren lehen harria kokatu zuten, Leclerc hiribidearen 34 zenbakian.

Henry Martinet etxe multzoa herriaren hedapenean parte hartu zuen 19. mendeko arkitekto hori bizi zen (egun Bellevue hotela dena) bizitegiaren ondoan eraikiko da. Proiektu horrek bi eraikin ditu, 18 bizitegirekin (T2tik T4ra) Egiazko Elkartasun Alokantza bidez eskuratzeko (EEA-BRS).

Euskal arkitektura tradizionalaren kodeak beteko ditu Thomas Vignau arkitekto bulegoaren lanari esker: zurbeso ageriak, hegatz hodidun hormak, mentsulak, harria eta barandak egurrezko barkalunekin, auzoan oso ongi emanen dutenak.

Eragiketa 18-21 hilabetez edo luzatuko da eta 2025eko bigarren edo hirugarren hiruhilekorako izanen da eskuragarri.  

Kotte Ecenarro auzapezari pozgarri gertatu zaio bizitegi lagunduen eragiketa hori. «Bizitegi lagunduen eskasia egoeran garelarik (700 eskari Hendaian), gehitzen zaigun eskaintza hau arrapostu egokia zaio herrian bizitegi lagunduen kopurua emandatzeko udalak duen asmoari. Higiezinen eragiketa ederrari ekiten zaio hor eta parte hartzen duten guztiak eskertu nahi ditut, haiek gabe ez baitzen proiektua gauzatuko. Ahal den jende gehienei bizitegia eskuratzeko aukera ematea guztion zeregina dugu… Hendaiako Herriak bizitegien garapen harmoniatsua, bizitegi hutsen gutxitzea edota bizitegi lagunduen kopurua emendatzea kontrolatzen duen legeria eta sortzen diren ekintzak sostengatzen ditu. Bizitegi lagunduen erakundeek gidaturiko higiezinen beste eragiketak sortuko dira oraindik heldu diren hilotan».  

Bizitegien Langile Batzordearen (BLB-COL) lehendakariak, Cécile Elissalde andreak, bere aldetik, goraipatu du «Egiazko Elkartasun Alokantza (EEA-BRS) den baliabide berritzailea, espekulazioaren aurkako tresna eder askoa diru sartze apalak dituzten familiei bizitegia eskuratzeko aukera ematen baitie. Honako etxe multzo hau kokatuko den sektore gaitzean famila horiek ezin eros zezaketen bizitegia bide pribatutik. Hala zela ikusi eta BLB-COL erakundeak 2017. urtean jadanik erabaki zuen Frantziako funtsen elkartasunezko bigarren erakundea sortzea. Halatan, bada, baliabide horri esker, erostearen kostua merkatuaren preziokoa baino % 40 apalagoa izan da. Horrez gain, bizitegiak saltzean goitiko muga bat ukanen dute eta horrek mugagabe eginen ditu bizitegi horiek eskuragarri eta higiezinen espekulazioaren aurkako borrokan lagunduko du»

HISTORia zertxobait

Henry Eugène Martinet 1867ko otsailaren 9an sortu zen Azay-le-Rideau herrian. Aitarekin ikasi zuen baratzezaintza, botanika eta parke eta lorategien antolatzeko zaletasuna.

Baratzezaintzako Nazio Eskolan ikasi zuen, 1883tik 1886ra, eta handik arkitekto-paisaialari diplomadun eta laborantza ministerioaren medaila gorriaz saritua atera zen.

Henry Martinet han-hemen bidaian ibili zen maiz eta Ingalaterran hiri loratuak ezagutu eta haiekin arras interesatu zen. Angelu zuzenean gurutzatzen ez diren karriken moldeak liluratu zuen ere eta horrek gero Hendaian erabiliko zituen ideiak eman zizkion.

Parisen ekin zion bere karrerari ohe bagoien nazioarteko konpainian, zeinarentzat berrogeita hamar bat hotel eraiki baitzituen parke eta guzti, XIX. mendean.

Industria eta merkataritza baratzezaintza ikasketak sor eta horietan irakasteko ardura hartu zuen Versailles-eko baratzezaintzako nazio eskolan; Frantziaren ordezkari aritu zen frantziar gobernuaren atzerriko misio ofizialetan, hala nola 1899ko baratzezaintzako nazioarteko erakusketan.

Henry Martinet Frantziako hirietako hainbat parke eta lorategi aritu zen egiten, hala nola Paue, Valenciennes, Biarritz, Aix-les-Bains edota Châtellerault hirietan.

1906an, Hendaiara heldu zen itsas oporlekua sortzeko asmoz. Horren egiteko, «Société Foncière d’Hendaye-Plage» deitu sozietateak zituen parteak erosi eta 410 ha eskuratu zituen.

Geltokiko karriken planoa egin zuen eta landare eta loreen izenak eman zizkien karrika horiei, Ingalaterrako lorategi-hirien eta hango karrika bihurgunetsuen irudira. 1000 m2 inguruko 410 lursail egin zituen, haiek sal eta Edmond Durandeau Euskal Herriko arkitekto enblematikoa deitu zuten hango etxeen planoak egiteko.

Midi-ko trenbide enpresarekin harremanetan, Larruneko trentxoa sortu zuen eta 1913ko urtarrilaren 16an, Hendaiako tren geltokia eta Hondarraitz arteko tranbia linearen esleipenduna bihurtu zen, garai hartako Ferdinand Camino auzapezarekin sinatu hitzarmen baten bitartez.

Henry Martinet Hondarraitzeko geltokiaren arkitektoa dugu ere, Abadia eremuko golfarena, Haizabiatik hurbil (1934an bertan behera utzia), 125 gela eta 75 bainugelako Eskualduna deitu jauregi hotelarena eta Haizabia luxuzko hotelarena; azken hori, gerla bukatu eta Société Nationale des Chemins de Fer (SNCF) sozietateak erosi zuen umezurtegia egiteko hasieran, eta gero, 1988an, familia oporlekua, orain ezagutzen dugun bezala. Parisen hil zen, 1936ko urtarrilaren 3an, eta lehen harri hau kokatzearen harira, omenaldia egin nahi nion Hendaiaren eraikitzen eta egungo nazioarteko ospea egiten horren parte handia ukan duen gizon ameslari horri.

Navigation de l’article