Euskaraldia, berriz abian da!

Euskaraldiaren 2. edizioa iraganen da datorren azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Baina “ahobizi” eta “belarriprest” mobilizatzera deituak dira gaurdanik… beren leihoetan eta sare sozialetan.

Gauzak ardurenean ezeztatzen diren garai honetan, hona, bederen, parte hartzen ahalko dugun hitzordu bat. Euskaraldia, hamabost egunez euskaraz ahal bezain bat mintzatzera gonbidatzen gaituena, iraganen da datorren azaroaren 20tik abenduaren 4ra.

Ez da beharrezkoa hiztun osoa izatea parte hartzeko; hain zuzen mintzaira batean aritu nahi dugularik sor daitezkeen blokeatzeak kentzen laguntzen gaitu, izan daitezela intimoak ala gizarte alorrekoak. Bai eta ere, zenbait kasutan, Xalbadorren mintzairaren baztertzera pusatzen gaituzten ohitura batzuen gainetik pasatzea.

Belarriprest eta Ahobizi, bata besteari gehigarriak

Zehazki, nola iragaten ote da? Txapek bi parte hartzaile mota identifikatzen dituzte. Belarriprestak euskara ulertzen du, berdin mintzatzen daki baina ez da egoera guztietan euskaraz mintzatzeko prest sentitzen. Txapa ezarriz, beste hiztunak gonbidatzen ditu berekin euskaraz aritzera. Elkarrizketa elebiduna izan daiteke. Haatik, Ahobizia engaiatzen da elkarrizketa guztiak euskaraz hastera, eta bere solaskidearen mailaren arabera egokitzera.

Etxealditik Euskaraldira: konfinamenduaz baliatzeko, lehenbiziko trebaldi bat

Apirilaren 20tik, “Etxealditik Euskaraldira” Euskal Herri osoan bultzatua den ekimena hasi da. Euskaraldiaren hats berekoa, nahi dutenak gonbidatuak dira euskara erabiltzera konfinamendu garaian, beren etxean bai eta beren elkarrizketa pertsonal eta profesionaletan.

Parte hartzaileek beren esperientziak parteka ditzakete sare sozialen bitartez, bideoak edo argazkiak igorriz helbide honetara: @euskaraldia eta #EtxealditikEuskaraldira. Ekimenean parte hartzen dutela erakusteko, beren leihoak edo balkoiak apain ditzakete Euskaraldiaren sinboloa den kolorezko puntu batez. Ariketa horrek maiatzaren 3a arte iraunen du.

2018an, lehenbiziko Euskaraldiak 225 000 parte hartzaile mobilizatu zituen Euskal Herri osoan, zeinetarik 6016 Iparraldean. Hendaian, 764 lagunek parte hartu zuten, horietarik 528 Ahobizi eta 236 Belarriprest. Hendaiako Udalak Euskaraldia sostengatzen du, eta 2018an, dirulaguntza eman zion Mintzaian elkarteari, kanpaina antolatzen eta animatzen ahal izateko.

 

Xehetasun gehiago: Euskaraldia Ipar Euskal Herrian Facebooken https://www.facebook.com/euskaraldia.ipareh.3

Navigation de l’article