Gaizkintzari aitzina hartzea tokiko eragileen kezken erdi-erdian

Kotte Ecenarro auzapeza buru duen Segurtasunerako eta Gaizkintzari Aitzina Hartzeko Tokiko Batzordearen lantaldeen gogoetek bi hitzarmen nagusi ekarri dituzte, azaroaren 22 astelehen honetan, prebentzioari dagokionean: alde batetik, Ohartarazpenak egiteko protokolo bat, eta, beste aldetik, indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen aurka borrokatzeko mobilizazio eta koordinazio kontratu bat plantan ematea.

Ohartarazpena

Herriak eta Justizia Ministerioak elkarrekin egin lehen ekintza honek etapa garrantzitsua seinalatzen du herrian gaizkintzari aitzina hartzeko prozesuan.

Kotte Ecenarro auzapezaren hitzetan «Herri hautetsiek begiramen handia diete Konstituzioak ezartzen duen botereen bereizketari eta Estatuari dagokion zereginari. Ez dagokio Herriari justizizaren edota poliziaren egitekoak egitea, baina bai Estatuaren zerbitzuekin elkarlanean aritzea. Nolanahi ere, tokiko hautetsiek pragmatismoz aritu behar dute. Eguneroko oiheskeriak, batzuetan delitu izatetik hurbil direnak baina halakotzat hartzea erraz ez direnak, ezin dira kontuan hartu gabe utzi gero segidarik gabe geratuko direlako edo polizia zerbitzuek garaiz landuko ez dituztelako. Ohartarazpenaren prozedura Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiak auzapezen esku uzten diren zereginetako bat da… Hendaian plantan eman nahi dugun prebentzioaren pedagogia horrek herrian lasaiki eta hobe bizitzen lagundu behar luke. Zeregin handia da, baina, jadanik hartu diren udaltzaingoa azkartzeko eta bideozaintza hedatzeko neurriekin batera, ohartarazpena lasaitasun hori lortzeko beste baliabide bat dugu».

Jérôme BOURRIER Errepublikaren prokuradorearen hitzetan, «Urraspide horrek bere leku berea du hurbileko zigor justizian eta gaizkintzari aitzina hartzeko ekintzetan. Ohartarazpena ongi bereizirik den neurria da eta elkarlan hertsian egiten da auzapezaren eta Errepublikaren prokuradoarearen artean. Ekintza jakin batzuk ditu jomuga (kalteak, andeatze txikiak…), zigor zuzenbidearen mugan direnak, baina, halere, ordena publikoa eta lasaitasun publikoa kaltetzen dituztenak. Urraspide horrek auzapeza kokatzen du prebentzio politiken eragile nagusi gisa eta gaizkintzari aitzina hartzeko eraikinerako beste harri bat da.»

Indarkeria sexisten, sexuzkoen eta senide artekoen gaineko tokiko mobilizazio eta koordinaziorako kontratua

Gero eta gehiago gertatzen ari dira indarkeria sexistak, sexuzkoak edota senide artekoak. Horietaz mintzatzea errazago den arren eta kontuan hartuagoak izan arren, oraindik bada bide luzea egiteko eta zeregin handi-handia dugu eskuartean gaitz hori nabarmen gutxituko badugu.

Dokumentu honen sinatzera heltzeko, lantaldeko 16 pertsona aritu dira urtebetez lanean (profesionalak, bolondresak, hautetsiak).  Leonor Labeau herri kontseilariak eta Xabier Manterola, bereizkerien aurkako borrokaren eta ahalmen urritasunaren ardura duen zinegotziak 3 ardatz zehatzen inguruan zedarritu dute esparrua:

  • Parte hartze bidezko lan moldeen zehaztea, dagozkien eragile eta profesionalen arteko koordinazioa areagotuz, biktimengandik ahal bezain hurbileko arrapostua faboratzeko (erakunde bakoitzaren egitekoen formalizatzea, sareko lanaren balioa azaltzea…)
  • Parte hartze bidezko lan horren laguntzeko ekintzak eta tresnak prestatzea (komunikazio tresnen hedapena, Segurtasunerako eta Gaizkintzari Aitzina Hartzeko Tokiko Batzordean indarkeria sexista eta sexuzkoen gaineko erreferente bat izendatzea, batzorde horren kideen edota gaia dagokien profesionalen formakuntza…)
  • Segurtasunerako eta Gaizkintzari Aitzina Hartzeko Tokiko Batzordean Departamenduaren jardunaren osagarriak liratekeen ekintza bereziak plantan ematea, indarkeria horietatik ateratzeko ibilbidean aitzin egitea arinago joan dadin (biktimen atzematea hobetzea, antolaketa eskemak egitea, prozeduren zehaztea, salaketa egitera laguntzea…)

10 sinatzaileak* kontratua gauzatzera engaiatu dira elkarrekin, indarkeria horien aurka borrokatzeko arrapostuetan eraginkortasun handiagoa ukan dezagun.

*10 sinatzaileak: Pirinio Atlantikoetako Prefektura – Baionako Auzitegia – 64 Departamendu Kontseilua – Hendaiako Herria – Hezkuntza Ministerioaren zerbitzuen akademia zuzendaritza – Euskal Kostaldearen Ospitalgunea – ACJPB – Atherbea – CIDFF – Bagera/Nous sommes

Honako hauek erran dituzte

«Etengabeko mobilizazioa dute Herriaren udal zerbitzuek eta GEUZarenek bere gain; adi eta erne dira oinaze horien adierazpenei, bereziki eskola ingurunetan eta aisialdi zentroetan, non langileak oharturik baitira eta adi izaten diren eta aterabideen xerka. Herriak larrialdirako harrera bizitegi bat ere eskaintzen du eta eskaintza hori areagotzeko egiten du lan». Kotte ECENARRO, Hendaiako auzapeza

«Toki mailan oso baliagarri den urraspidea da. Estatua bozkariatu besterik ezin da egin kontratu horren sinaduragatik eta Hendaiako Herriak urraspide horretan parte hartu nahi izateagatik». Philippe LE MOING-SURZUR, Baionako suprefeta.

«Biktimak laguntzeko gure elkarteak egin duen lana azpimarratu nahi dut, Citoyenneté-Justice Pays Basque (ACJPB) elkarteak senideen arteko prozedura guztiak egiten baititu orain; baina aipa dezadan ere Euskal Kostealdearen ospitalgunearen jardun erabakiorra, biktimologia unitatearen sorkuntzarekin, gehigarri garrantzitsua baita biktimak diziplinarteko bide batez karguan hartzeko, salaketa modu sinplifikatuan egiteko aukerarekin edo mediku artamendua berehala ukaiteko aukerarekin; eta azkenik, urtarrilaren lehenean –hala espero dut-, Baionako unitate mediko-judiziala abian jartzearekin». Jérôme BOURRIER Errepublikaren prokuradorea

Ezkontideen arteko indarkerien egileen kargu hartzea

Philippe LE MOING-SURZUR suprefetak, sinadura horien karietara, garrantzi handia duen beste etapa paralelo bat ekarri du gogora, hau da, ezkontideen arteko indarkerien egileak karguan har eta segimendua egitearena. Obratzeak edo errepikatzeak gerta ez daitezen hobe prebenitzeko, beharrezkoa da nazio osoan, ezkontideen arteko indarkerien egileen karguan hartu eta jarraipena egiteko zentroak plantan ematea.
Gure lurraldean, Paueko AJIR elkarteak daraman esperimentazio proiektuak Paueko Dei Auzitegiaren eremua lantzen du, hau da, 3 departamendu (Landak, Pirinio Garaiak eta Pirinio Atlantikoak). Euskal Herrian, ACJPB dugu buruan. Ibilbideak baitezpadako oinarri modulu bat du (erantzukizuna onartzeko egonaldia) eta karguan hartze mediko-sozial bat. Eginiko balioztapenaren arabera, egilea hautuzko moduluetara bideratzen da (gurasotasuna, mendekotasunak, jarraipen psikologikoa edota psikiatrikoa). Proiektua % 70ean diruztatzen du Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Ministerioak. Gainerako % 30ak elkarrekin diruztatzen dute 64 Departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak.

Citoyenneté-Justice Pays Basque elkartea : www.acjpb-bayonne.fr

 

Navigation de l’article