Elkarteek eta fundazioek nazioaren bizitzan duten garrantzia eta ororen onerako egiten duten ekarpena kontuan hartuz, administrazio agintariek diruzko edo materialezko sostengua ematen diete. Berdin gertatzen da kirol federazioekin eta liga profesionalekin. Administrazioak berak ere eman behar dizkie kontuak herritarrei eta frogatu behar du hala diru publikoak nola eman lezakeen ezagutza ongi erabili dituela eta, hartara, ziurtatu behar du dirulaguntza publikoak edota onespenen bat jasotzen dituzten erakundeek errepublika ituna betetzen dutela.
Xede horretarako, 2021eko abuztuaren 24ko 2021-1109 Legeak, Errepublikaren Printzipioen betetzea indartzekoak, Errepublika engaiamendu kontratua ezarri du.
2000ko apirilaren 12ko Administrazioekiko Harremanetan Herritarrek dituzten Eskubideei buruzko 2000-31 Legearen 10-1 eta 25-1 artikuluek diotenari jarraikiz, kontratu honek zehaztu nahi ditu Estatuari dirulaguntzaren bat edota onespenen bat eskatzen dion elkarte edo fundazio orok hartzen dituen engaiamenduak. Hartara, elkarte edo fundazio hori «askatasun, berdintasun, haurridetasun eta gizakiaren duintasunaren printzipioak betetzera engaiatzen da (…), bai eta Errepublikaren ikurrei begiramena erakustera (…)» eta «Errepublikaren izaera laikoa zalantzan ez jartzera» eta «ordena publikoa kaltetzen duen ezer ez egitera».
Engaiamendu horiek, betiere, Konstituzioak onartu askatasunak errespetatuz hartzen dira, bereziki elkartze eskubidea eta adierazpen eskubidea eta, haiei jarraikiz, biltzeko, manifestatzeko eta sortzeko eskubideak.
1. ENGAIAMENDUA: ERREPUBLIKAREN LEGEAK BETETZEA
Errepublikaren legeak betetzera beharturik dira hala elkarteak nola fundazioak, eta ez dute egin behar, ez eta egitera bultzatu, legearen aurka argi eta garbi doan inolako ekintzarik edo indarkeriazko edota ordena publikoa larriki kaltetu lezakeen inolako ekintzarik.
Onuradun elkarte edo fundazio hori engaiatzen da sineste politiko, filosofiko edota erlijiozkorik ez baliatzera kolektibitate publikoekiko harremanak gidatzen dituzten ororen arauetaz libratzeko.
Bereziki, Errepublikaren izaera laikoa zalantzan ez ematera engaiatzen da.
2. ENGAIAMENDUA: KONTZIENTZIA ASKATASUNA
Elkartea edo fundazioa bere kideen eta hirugarren pertsonen –besteak beste, bere zerbitzuen onuradunen- kontzientzia askatasuna errespetatu eta babestera engaiatzen da, eta ez du gehiegizko proselitismo ekintzarik eginen, bereziki bortxaz, mehatxuz edota hertsatuz eginikorik.
Engaiamendu horrek ez du kentzen sinesteen, bereziki erlijiozkoen, gaineko xedea duten elkarte edo fundazioek beren kideei erakundearen balore edota sinesteen aldeko atxikimendu zintzoa eskatzea.
3. ENGAIAMENDUA: ELKARTEKIDEEN ASKATASUNA
Elkartea engaiatzen da elkartekideek 1901eko uztailaren leheneko legearen 4. artikuluak aurreikusi baldintzetan elkartea uzteko duten askatasuna errespetatzera, bai eta elkartetik bidegabeki kanporatuak ez izateko eskubidea ere.
4. ENGAIAMENDUA: BERDINTASUNA ETA BEREIZKERIA EZA
Elkartea edo fundazioa legearen aitzineko ororen berdintasuna errespetatzera engaiatzen da.
Bere barneko funtzionamenduan nola hirugarrenekiko harremanetan, tratamendu bereizkeriarik ez egitera engaiatzen da sexuaren arabera, sexu joeraren arabera, genero identitatearen arabera, etnia bateko, nazio bateko, arraza delako bateko nola erlijio bateko kide izan edo izan ustearen arabera, non bereizketa horiek ez diren egoera desberdintasun objektibo baten gainekoak eta elkarteak duen xede zilegiarekin loturik; engaiatzen da ere halako desberdinkeriak ez zuritzera edota sustatzera.
Dituen bitartekoen arabera, sexuzko indarkeria mota ororen edo indarkeria sexista ororen aurka borrokatzeko neurri guztiak hartuko ditu.
5. ENGAIAMENDUA: HAURRIDETASUNA ETA INDARKERIARI AITZINA HARTZEA
Elkartea edo fundazioa haurridetasun eta jendetasun izpirituan aritzera engaiatzen da.
Elkartea engaiatzen da, bere jardunean, bere barne funtzionamenduan eta hirugarrenekiko harremanetan, inoren aurkako herra edota indarkeria ez sorraraztera eta halako jokabideak ez zuritzera. Arrazismo eta antisemitismo mota guztiei uko egitera engaiatzen da ere.
6. ENGAIAMENDUA: GIZAKIAREN DUINTASUNAREN BEGIRAMENA
Elkartea edo fundazioa engaiatzen da gizakiaren duintasunaren begiratzeari kalte egin liezaiokeen ekintzarik ez egitera, ez sostengatzera eta ez zuritzera.
Hala bere kideen nola bere zerbitzuen eta jardunen onuradunen osasuna eta osotasun fisiko nola psikikoa babesteko indarrean diren lege eta arauak betetzera engaiatzen da, bai eta bere egitateen bidez edo utzikeriaz arituz inoren bizitza arriskuan ez ematera.
Engaiatzen da ere bere kideen eta, zeinahi gisan bere jardunetan parte hartzen dutenen ahultasun psikologiko edota fisikoa ez sortu, ez atxiki ez eta baliatzera ere -bereziki ahalmen urritasun egoeraren bat dutenena- hala presioen bidez nola doktrinatze saioen bidez.
Engaiatzen da, bereziki, ez egitera adingabeen garapen fisiko, afektibo, adimeneko edota soziala, ez eta haien osasuna eta segurtasuna ere, arriskuan jar litzakeen ekintzarik.
7. ENGAIAMENDUA: ERREPUBLIKA IKURREN BEGIRAMENA
Elkartea engaiatzen da frantses banderari, nazio ereserkiari eta Errepublikaren ikurburuari begiramena erakustera.
………………………………….n egina,
…………………………………………. (a)n,
Elkartearen ordezkariaren izena, elkartearen zigilua, sinadura