Hendaia: “On Egin” elkarteak astean behin zabaltzen ditu ateak

Egungo elikadura segurtasun ezari erantzuteko, urririk jateko proposamen bati ekin dio Herriaren «prekarietatearen aurkako borroka» lantaldeak.

Hartara, iragan azaroaren 10ean, 19:00etan, On Egin elkartearen ateak ireki dira lehen aldiz. Egun horretan, elkarte berri-berriaren lantalde osoa, Joël Courtie elkarteburuaren inguruan, lanerako prest zen elikadura segurtasun ezean bizi diren pertsonak hartzeko. Ingurune egoki-egokian hartu nahiz, Saint Vincent kolegioaren zuzendaritza lotu da proiektura eta ikastetxearen jantokia eskaini du.

Irekitze horretarako, Zarpai Bandak prestatu zituen apairuak, talentu handiz, ohi bezala, eta, baliatzeko aukera ukan zutenek ziotenez «on-ona zen».

Neguan, behartsuenei apairu beroa proposatzea

«Table du soir*» delakoaren gisara, ekintza honen helburua elikadura segurtasun ezean bizi direnei, neguan zehar, astean behin, administrazio oztoporik batere gabe, «bero eta goxo» jatera ematea da. Table du soir edo arratseko mahaiak dioen bezala: «Gose bazara, zatoz».

Apairuak emateko, hendaiar «sozietateak», sukaldariak, kirol elkarteak, adiskide taldeak eskaini dira aldizka arituz beren elkartasuna erakusteko.

«Prekarietatearen aurkako borroka» lantaldea, irekitze horretara gonbidatua izan delarik, arras poztu da bere proiektua gauzaturik eta herritarren parte hartzea ikusirik.

Bizi luzea ukan dezala One Egin elkarteak, nahiz eta, Coluche-k, «Restaurants du Cœur» edo Bihoztun jatetxeak deiturikoei buruz, zioen bezala, «ez zen halakorik izan behar».

On Egin elkartearen bulegoa eta administrazio batzorde

Président : Joël Courtie  – Vice-Président : Ignacio Miquelarena
Trésorier : Eric Dupuy  – Trésorier adjoint : Conchi Zubiri
Secrétaire : Michel Persiaux  – Secrétaire adjoint : Cathy Behasteguy

Odile Diratchette, Marie-Claude Hourquiscot, Jean Larraga, Marie-Joëlle Madina, Rodolphe Orsztynowicz, Bernard Schneider

*Baionan kokatu izen bereko elkarteak sortu kontzeptua

Navigation de l’article