Hendaiako arratseko mahaia proiektua

Hendaia Herriaren elkartasun batzordearen “Prekaritatearen aurkako borroka” lantaldeak proiekzio bat antolatzen du eta gero eztabaida bat prekaritateari buruz, ekainaren 10 ostiralean, 19:00etan, Gaztelu aretoan.

Arratsa Jean Baptiste Delpias eta Olivier Payage zinegileek egin “La part des autres” dokumentalaren proiekzioarekin hasiko da. Gero, solasaldia izanen da Baionako “Table du soir” elkartearen buruarekin. Ekitaldi horren helburua elikadura segurtasun ezean direnei, neguan, astean apairu oso bat proposatuko liekeen elkarte baliabide bat sortzeaz solastatzea da.

Proiektu horrek zenbait eragile lituzke, hala sozietate gastronomikoak nola gizarte elkarteak. Laburki, asmoa gure herrian mugimendu humanitario kolektiboa garatzea da. Gehiago jakin nahi edota gizarte proiektu horretan parte hartu nahi lukeen oro da proiekziora gonbidatua.

Herriak prekaritatearen aurka borrokatzeko daraman politikaren haritik bideratzen da proiektua. Izan ere, iragan maiatzaren 6an, GEUZak ia 70 pertsona bildu zituen Hendaiako aterpegabekoen gaiaren inguruan. Neguko ostatatze plana, larrialdiko ostatatze plana, arratseko mahaia, karrika hezitzaileen lana… hainbat baliabide, batzuk jarraituko direnak eta beste batzuk abian jarriko direnak.

Laburpena: Dokumental horrek ekoizleen nola kontsumitzaileen pobretzearen gaineko behakoa eskaintzen du eta orori kalitatezko elikadura iraunkorra duinki eskuratzeko baldintzetaz mintzo da.

Jende anitzek dio ez dela bere elikadurarekin ase. Haietan segurtasun gutxien dutenentzat, elikadura laguntza da arrapostu bakarra eta denboran luzatzen da; horrek kaltetzen ditu elikadurak dituen gizarte funtzioak, lagun arteko giroa sortzeko funtzioa eta herritar funtzioak.

Aldi berean, laborantza sistemak ez du lortzen ekoizle guztiak bizitzeko aski ukan dezaten, gainekoizpena eginagatik ere. Bizituriko egoera mota anitz aurkeztuz, «La part des autres» dokumentalak laborantza eta elikadura sistema osoa zalantzan ematera gonbidatzen gaitu.

Navigation de l’article