Herriko Etxeak ukrainiar familiak hartu ditu

Asteazken honetan, apirilaren 6an, Kotte Ecenarro auzapezak hartu zituen beren herria jotzen duen gatazka bitartean Hendaian geratu nahi izan duten ukrainiar familiak. Horrela, berrogeita hamarretik gora iheslari mintzatu ahal izan dira haien artean arratsalde batez.

Auzapezak ongi etorria egin die eta herri kontseiluaren izenean ukrainiar herria sostengatzen dutela erran die. Gero, Richard Irazusta elkartasunaren ardura duen auzapezordeak gogora ekarri die hendaiarrak azkarki lotu direla Ukrainiari sostengua ematera, hala jantzien, janarien, botiken eta materialen bilketak egin eta Ukrainiara igorriz nola bidean diren iheslariak tren geltokian hartu eta aldi baterako ostatu ematen (apairua eta gaualdia) eta Irungo tren geltokiraino lagunduz eta, azkenik, aldi baterako Hendaian bertan 54 iheslari hartuz.

Kotte Ecenarro auzapezaren mintzaldia

Pozik hartzen zaituztet ofizialki harremanetarako tarte honetan eta, Herri Kontseiluaren izenean, erran nahi dizuet Hendaia herriak bere elkartasuna eta sostengua erakusten dizkizuela jasaten ari zareten nahigabe tragiko honetan.

Herriak ahalegin guztiak egiten ditu, ia hilabetetik hona, zuek baldintza onenetan hartzeko bai eta Espainia eta Portugal aldera bidaiatu nahi duten zuen herrikideen bidea errazteko.

Gatazkak dirauen bitartean Hendaian geratzeko hautua egin duzue eta laguntzen zaituzten edota ostatua ematen dizueten jendeen artean kontsolamendu zerbait atzemanen duzuela espero dut. Gaurko une atsegin honen bidez herrikide artean partekatzen dituzuen baloreak atzemanen dituzuela ere espero dut.

Hendaia historikoki da harrera lurra. Anitzek hartu duzue parte elkartasun oldar honetan eta eskerrak eman nahi dizkiet ostatu emaileei, segurtasun zibileko udal erreserbaren bolondresei, Gurutze Gorriari, udal langileei, GEUZari, Hendaiako geltokiko langileei, Denentzat gizarte zentroari, eskola publikoei eta San Bixente kolegioari, bai eta hemen lagundu zaituzteten eta zuen gizarteratzea erraztu duten herri hautetsiei ere.

GEUZa duzue administrazio urraspide guztietarako eta zuen ostatatze eta gizarteratzearen antolatzeko sarbidea, baina plantan ematen ari diren bestelako ekintzek ere pozten naute. Horren adibide dugu Aizpurdi lanbide lizeoa, ile apainketa edota estetika zerbitzuak urririk eskaintzen dizkizuelarik; horren beste adibidea Hendaia Turismo bulegoa, gure tokiko ondarearen harribitxia dugun Abadia gazteluaren bisita antolatzen baitizue; milesker haiei.

Richard Irazusta elkartasunaren auzapezordeak du hitza informazio gehiago eman diezazkizuen; gero, askaritxo baten inguruan bilduko gara, Goxo Goxoa dute-etxearen jabe Susperregi jaunak eskaini goxoki zenbaitekin.

Familien egonaldia errazteko, bilkuratik alde egin dutenean, informazio baliagarri anitz eraman dituzte, bai eta Abadia gaztelu-behatokia bisitatzeko Hendaia Turismoren gonbit bat, Aizpurdi lanbide lizeoak eskaini ile apainketa eta estetika zerbitzuak, Mugikortasunen Sindikatuak eskaini bus txartelak…

Argazkiak: eskubide guztiak erreserbatuak – Hendaiako Herria

Navigation de l’article