COP31 Bike Ride, klimaren aldeko munduko hiritarren aldizkako bizikleta lasterraldi handienaren frantses etapetako lehena izanen da Hendaia, heldu diren uztailaren 21 eta 22an.
Joan den maiatzaren 28an Brasilgo Belem-etik abiaturik, 23 000 kilometro baino gehiago kurritu eta lau kontinente zeharkatuko ditu ekimen honek, Turkian, Antalya-n bukatzeko, bertan baita COP31 burutuko, 2026ko azaroan.
Kari horretara, bi gertaldi nagusi antolatuak izanen dira Hendaian. Uztailaren 21ean, asteartearekin, « ENSEMBLE » dokumentala proiektatua izanen da Gaztelu Aretoan, 19:00etatik 21:00etara. Milaka txirrindulari planetaren alde bizikletaz ibiltzera bultzatzen dituen hiritar mugimendu horren epopeia, honen munduko markak kontatzen ditu filmak, mugikortasun aktibo aterabideei eskaini eztabaida aldiari lekua uzteko ondotik.
Justu proiekzio horren ondotik, mugikortasun eztiak garatzeko engaiamendu hitzarmena ofizialki izenpetuko du Udalak, bizikleta bideak antolatzeko politika jarraitzeko nahimena berretsiz honela.
Uztailaren 22an, asteazkenarekin, 8:00etatik aitzina, bizikletariei, izan arituak edo noizbehinkakoak, familia artean, kargo bizikletaz edo elektrikoaz, COP31 Bike Ride-ren bandera ofizialarekin batera ibiltzeko gomita luzatzen zaie, Gaztelu Zahar pilotalekutik abiatuko den Hendaia-Baiona etapan.
Jadanik abian ezarri Bizikleta bideen aldeko politika
Badu zenbait urte jada herriak ekintza konkretuak bideratu dituela. Hauen artean, abiadura 30 km/o-ra mugatzea herri osoan eta bizikletentzako kontra zentzua plantan ezartzea, tokiko elkarteek eskaini “bizikletaz ibiltzen jakin” formakuntzak eta berriz hasteko ekintzak bultzatzea, bai txirrindula elektriko mailegua sustatzea Euskal Hirigune Elkargoarekin partaidetzan eta herriko langileentzako mugikortasun iraunkor sariaren plantan ezartzea.
Etorkizuna prestatzeko Bizikleta Bide Eskema Nagusia
AVELO3 programa 2024az gero irabazirik, etapa berria gainditzekotan da Herriko Etxea haren Bizikleta Bide Eskema Nagusia apailatuz. Epe labur, ertain eta luzeko bide orria finkatzen du honek, bizikletaren praktika herrian berean baina baita herritik kanpo ere garatzeko, Kontsortzioko eta auzo herrietako bizi eremuarekin loturan.
Eskemaren arabera aurreikusia da egoitza auzotegiak hiri barneari eta hondartzari lotzeko zortzi bizikleta bide egituratzaile sortzea, besteak beste. Herriko zerbitzuak (Azpiegituren eta Bizi-ingurunearen Sailak), Mugikortasunen Sindikatua, ADEME, INGETEC ikerketa bulegoa bai eta Hendaia Vélo eta Recyclarte tokiko elkarteak bildu dituen elkar aditze baten ondorioz burutua izan da lan hau.
Gertatu beharreko antolamenduekin batera, bizikletariei zuzendu ekipamenduak plantatu ditu Udalak. 350 arku inguruz osatu berrogeita hamar bat aparka-gune aurkitzen dira gaur egun. 2026ko, beste 100 arku erosi (oro har aparkatze parkearen %30eko emendatzea) eta tokiko elkarteek seinalatu hogei bat gunetan plantatuak izanen dira.
Engaiamendu konkretuak 2030era begira
COP31 Bike Ride etaparen karietara izenpetu hitzarmenaren bitartez, hainbat engaiamendu nagusi berresten ditu Hiriak:
- bizikleta bideen antolamendua jarraitu, auzo herriekiko konexio erronkak sartuz,
- Oinezkoei eta bizikletariei eskaini edo partekatzeko eremu gehiago sortu hiri berriztatze eta bideetako obra operazioak burutzean, Euskal Hirigune Elkargoa eta tokiko elkarteekin partaidetzan,
- aparkatze segurtatuen sareztatzea azkartu, bizikletaren egunerokoa erabilpena sustatzeko.
Vincent Alloy, Trantsizioen, Gizarte eta Elkartasun Ekonomiaren eta Mugikortasunen ardura duen auzapezordearen arabera, Herriko Etxeak kudeatu norabideetan osoki sartzen da COP31 Bike Ride-ren etapa hau: “gure herriak jadanik plantan ezarri ekintzen onarpen handia da COP31 Bike Ride Hendaian hartzea. Mugitzeko modu bat baino askoz gehiago da bizikleta: gure hiria eraldatzeko tresna da, trantsizio ekologiko eta bizi kalitatearen onurako. Gure Bizikleta Bide Eskema Nagusiarekin eta gaur egun hartzen ditugun engaiamenduekin, sare seguruagoa, helgarriagoa eta konektatuagoa eraikitzen dugu, denek bizikleta egunerokoan erabil dezaten”.
“Mundu mailako ekimen honi harrera eskainiz, mugikortasun eztiak gure lurralde proiektuaren muinean molde iraunkorrean sartzeko eta aldaketa klimatikoaren aurka, haren izarian, borrokatzen laguntzeko nahimena berresten du Udalak” ondorioztatzen du Kotte Ecenarro Auzapezak.
Hiritarren bitartekaritza bizikletaren boza COP31raino eramateko
Milaka bizikletari helburu bateratuaren inguruan biltzen dituen nazioarteko bilakatu da 2024an sortu COP Bike Ride: bizikleta larrialdi klimatikoari aurre egiteko aterabide konkretu gisa aitortzea.
Mundu mailako karbono isurketen %21 sortzen du garraioak. Alta, NBEri aurkeztu nazio plan klimatikoen heren batek bakarrik du bizikleta aipatzen, eta honen zati biziki ttipi batek baizik ez ditu helburu errealak, ekintzak, aurrekontuak bai eta gobernantza eta balioztatze koadroak zehazten. Hau guzia aldatzeko sortu da COP Bike Ride, kilometroz-kilometro erakusteko bizikleta ez dela bazterreko aterabidea, baina bai ekintza klimatiko palanka ebolutibo, helgarri eta berehalakoa.
Zenbakiek argiki adierazten dute: 5 km baino gutiagokoak dira hiriko joan-etorrien % 75, eta banatzeen % 42 hirian kargo-txirrindulaz egin daitezke furgonetaz baino gehiago. Hiriko joan-etorrien % 80 garraio publikoz, oinez eta txirrindulaz eginen balira, isurketak % 50 apalagoak lirateke.
Etapa bakoitzean, kolektibitateei eskatzen zaie ondotik, COP31ren karietara nazioarteko erabakitzaileei aurkeztuak izanen zaizkien bizikleta bideen aldeko engaiamenduak formalizatzea.
Denei irekia zaie COP31 Bike Ride. Etapa erdi bat, egun guzian eta bidai osoan ibiltzeko, bertan egonez mezua hedatzen laguntzen duzue: aterabidearen parte bat da bizikleta, eta klima errespetatzen duten hiriek bizikletaren aldeko politika hobea plantan ezarriz hasten dira. Izena copbikeride.org/cop31 webgunean eman.