Omenaldia Samuel Paty irakasleari

Conflans Saint-Honorine herrian irakasle zen Samuel Paty jaunaren senideei eta irakasle guztiei gure elkartasuna adierazteko asmoz, Kotte Ecenarro auzapezak eta Herri Kontseiluak elkarretaratze batera gonbidatzen dituzte herritarrak, urriaren 21 asteazkenerako, 18 orenetan, Herriko Etxearen aitzinera.

Frantziako Auzapezen Elkarteak (AMF) herri guztiak deitu ditu hil duten irakasleari omenaldia egitera. Hona hemen François Baroin elkartearen lehendakariak eta André Laignel lehen lehendakariordeak Frantziako auzapez orori igorri dieten mezua:

“Samuel Paty-ren hilketa: Frantziako Auzapezen Elkartearen deia Frantziako herriek omenaldia egin diezaioten

Samuel Paty, Conflans-Sainte-Honorine herriko Bois d’Aulne-ko kolegioan moralaren eta herritartasunaren irakaskuntzaren ardura zuen historia-geografiako irakaslearen hilketa inolaz ere zuritu ez litekeen ekintza basati eta sumingarria da.

Frantziako Auzapezen Elkarteak atxikimendu eta dolumin sentituena adierazten die haren senideei, adiskideei, lankideei eta ikasleei; herrialde osoa hartu duen bihotz zarrasta berak hartu gaitu gu ere. Elkartasuna eta sostengua adierazi nahi dizkie irakasle orori, ezagutzara hurbiltzea, izpiritu kritikoa sortzea eta nork bere kabuz pentsatzeko askatasuna bultzatzea baitute egiteko; izan ere, egiteko ordezkaezina da hori eta Errepublikak bere herritarrei zor dien formakuntzaren funtsezko zutabea.

Auzapezek badakite eta eskertzen ere dute irakasleek eta heziketan lanean ari diren guztiek, ikastetxeen eguneroko funtzionamendua segurtatzen duten langile orok, gure haur eta gazteen zerbitzura erakusten duten engaiamendu eta ardura handia.

Ez da, halere, heziketan ari direnen taldea bakarrik doluz jantzi: Frantzia osoa eta Errepublika ditugu oinarrizko printzipioetan eztabaidan ezarriak. Ekintza hori higuingarri izateaz gain, berriz ere ditugu adierazpen askatasuna eta laikotasun printzipioa, gure legeek, gure talde nahiak eta gure historiak ulertzen dituzten moldean, bortizki zalantzan ipiniak. Ez dugu halakorik onartzen, zentzugabe utziko baigenituzke gure herriko etxeen aitzin horman ageri diren Askatasun, Berdintasun eta Haurridetasun baloreak.

Frantziako Auzapezen Elkarteak Frantziako herri guztiak deitzen ditu, beraz, biktimarekiko eta haren senideekiko elkartasuna eta heziketan ari diren guztiei sostengua azaltzera eta adierazpen askatasunaren alde eta Errepublikaren antolamenduan laikotasunak duen lehentasunaren alde agertzera.

Horren egiteko, herriei proposatzen die eraikinetan #jesuisenseignant idatz dezatela eta minutu bateko isilaldia egin herri biltzarraren hurrengo bilkuran, eta herriko etxeko ikurrina haga erdira behetitzeko egun bat hauta dezatela ere.

Horrela eginez, Frantziako herri bakoitzak adieraz ditzake Errepublikaren printzipio nagusiekin duen atxikimendua eta biharko herritarrak hezteko egitekoa dutenenganako errespetu gaitza”.

Navigation de l’article