Joan den azaroaren 12an, asteazkena, biomasa bidezko berokuntza sarea ofizialki ibiltzen hasi da Irandatz auzotegian. Honakoen arteko lankidetzaren emaitza da: Hendaiako Herriko Etxea, ENGIE Solutions, Frantziako estatua ADEME agentziak esleituriko diru laguntzaren bidez, Euskal Hirigune Elkargoa eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF). Proiektuak lurraldeko ereduzko trantsizio energetiko ausarta mamitzen du.
667 metro luze den biomasa bidezko berokuntza sare berriak Irandatz auzotegiko lau ekipamendu nagusi elikatzen ditu orain: bigarren mailako ikastetxea, gimnasioa, hiriko igerilekua eta ikastola.
230 kWeko bi biomasa bidezko galdarei eta tokiko egur hornitzeari esker, sare hori %90ean hornitua izanen da energia berriztagarriaren bidez, 248 tona CO2 isurtzea saihestuz urtean, hots ibilgailu termikoz ibili 1,3 milioi kilometroren baliokidea. Horiez gain, gas natural bidezko beste bi galdara erabiliko dira noiztenka kontsumo handieneko uneak eta ezohiko beharrak estaltzeko.
Albert Perez ENGIE Solutions France enpresako Hego-Mendebaldea Lurraldeko Zuzendaritzak dioenez: “Hendaiako biomasa bidezko berokuntza sarea martxan jarriz, xede partekatu bat gauzatzen dugu: tokiko aterabide energetiko berriztagarria eta menperatua proposatzea. Proiektu horrek ENGIE Solutions enpresak elkargoen ondoan bere gain hartu nahi duen betekizuna irudikatzen du ezin hobeki: lurraldeen trantsizio ekologikoa laguntzea haien burujabetasun energetikoa indartuz. Joan den apirilaren 28an, sarea udazkenean martxan ezartzea hitzeman genuen. Hitza bete dugu. Orain, sei urteko ustiapen urrats batean sartzen gara”.
Trantsizio energetikoaren aldeko urraspidea
Proiektua trantsizio energetikoko tokiko politika batean sartzen da. Helburu hirukoitza darama:
- Hiri-berokuntzaren kostua iraunkorki egonkortzea;
- Energia fosilekiko menpekotasuna murriztea;
- Tokiko egur saila eta lurraldeko ekonomia sustatzea.
Urtero, 280 tona egur hornituko dituzte 60 km baino gutira kokatuak diren bi enpresek, hurbileko hornitze arduratsua bermatuz.
160 m3-ko gordegailuari esker, sutegiak badu autonomia handia, banaketak murriztea ahalbidetuz (astean behin neguan eta hiru astetarik behin udan) harrabots trabagarriak eta zirkulazioa mugatzeko auzotegian, muntaduraren ibilera jarraikia segurtatuz.
Mathieu Duhamel suprefetak goretsi du “ereduzko proiektua, funtsezko eragilea izan den Herriko Etxeko nahiaren lekuko. Aginte publikoen mobilizazio bateratuak ekimena gauzatzeko bidea eskaini du, besteak beste ADEMEren diru laguntzaren bitartez. Zerbitzu publikoak deskarbonatzeko urraspide batean gara hemen, eredu azkarra, lau ekipamendu publikok baliatzen dutelarik. Proiektu horrek tokiko trantsizio ekologiko arrakastatsu bat mamitzen du, publiko/pribatuaren arteko lankidetza sendo batean oinarriturik eta paisaian modu egokian sarturik. Bestalde, erabiliriko biomasa tokiko baliabideetatik jalgia da, proiektuaren ingurumen-koherentzia indartuz”.
Paisaian isilka jarria
Sutegia ingurumenarekin abilki bat egiteko asmatua izan da. Lau metro gora den muino baten gibelean kukuturik eta teilatu landareztatu batez horniturik, paisaiarekin nahasten da, bertako biztanleei ingurumen-aitzinamendu eta bizi kalitatea batzeko aukera eskainiz.
Landareek hein batean kukutzen dituzten kebideak zehazki ezarriak eta neurtuak izan dira herritarrak ahal bezain guti trabatzeko gisan. Isilgailu eta iragazpen sistema eraginkorrez horniturik, arau zorrotzei jarraikitzen dizkie eta maiz kontrolatuak izanen dira.
Kotte Ecenarro auzapezak azpimarratu duenez: “Urtero, 60 km baino gutiagora kokatuak diren enpresek dituzte 310 tona egur hornituko sutegirako. Hurbiltasun horrek hornitze arduratsu bat segurtatzen du, tokiko enplegua eta zirkuitu laburrak sustatuz. ADEME, Euskal Elkargoa, gure partaide tekniko eta industrialak (ENGIN Solutions, CETAB, 5Cinq Architecture, Neo Réseaux eta Etchart Construction) eta hiriko zerbitzuak bihotz bihotzetik eskertu nahi ditut obrek iraun dituzte hamar hilabeteetan erakutsi duten engaiamenduagatik. Denen engaiamenduari esker, energia-eredu iraunkor eta erresiliente baten oinarriak jartzen ditugu gaur gure lurralderako, biztanleen eta ondoko belaunaldien zerbitzuko”.
Talde engaiamendua bat lurraldearen zerbitzuko
Hamar hilabetez eramaniko proiektua, 2,185 milioi euroko inbestimendua eskatu duena, egingarri izan da partaide publiko eta pribatu ugariren engaiamenduari esker. Honakoen diru laguntza baliatu du: Frantziako estatua (ADEME agentziak 613 260 € esleiturik), EGEF (txostena ikertzen ari), Euskal Elkargoa (125 373 €) eta Hendaiako Herriko Etxea (598 678 €).
CETAB, 5Cinq Architecture, Neo Réseaux eta Etchart Construction enpresek azpiegituraren asmatzean eta sorkuntzan parte hartu dute, Hendaiako Herriko Etxeko obragintzapean eta ENGIN Solutions enpresaren ustiapen-agintaritzapean.