2025eko Gau Beltza – Hendaiak arimen gaua ospatuko du

2025eko urriaren 31n, Hendaiako hiriak Gau Beltzaren erritmoan dardaratuko du. Misterioa, tradizioak eta zirrara partekatuen artean, Udalak eta bere partaideek ttipiak eta handiak gaualdi paregabe batera gomitatzen dituzte, sorginen dantzaldiaren ondotik. Bizidunen eta arimen munduen arteko ateak doi bat irekiko dira.

Itzala eta argiaren arteko besta

Gau Beltza zendu direnen presentzia hautematen dugun gaua da, itzalekin dantzatzen dugun gaua beldurra hobeki gainditzeko. Halloween hemen hedatu baino askoz lehenago, Gau Beltza ospatzen zen Euskal Herrian: arbiak edo kuiak zizelkatzen ziren, kandelak pizten ziren, jendea mozorrotzen zen – ez kanpoko besta bat ospatzeko, baizik eta hildakoen oroimena ohoratzeko, maite ditugunekin berriz adiskidetzeko eta uztak biltzeko garaiaren bukaera eta negurako iragatea ospatzeko.

Gaur egun, Hendaiak ohitura hori berpizten du olerkiz, errituz eta musikaz osaturiko egitarauarekin: nork bere beldurrak idaztea, arimak deitzea, haiekin dantzatzea, eta su garbitzailearen gomendio uztea.

Andere Beltzaren etorrera

Gaualdi osoan zehar, ohiz kanpoko pertsonaia andana batek ikusleak gidatuko ditu, euskal mitologiaren izpirituan eta irudimenean moldatuak, denborarekin Hendaiako ondare bihurtuko direnak.

Horien artean: Mezularia, Zaharra eta Ama arimen zaindariak, Ardora itsasokoa, Negartia, Ezti erleen xuxurlaria, Bidegilea eta Bizkiak bikoiztasun eta orekaren sinbolo.

Hendaian sortuak eta euskal irudimenez haziriko pertsonaiak dira eta bidea irekiko diote Andere Beltzari, pertsonaia gerizatzaile eta misteriotsua. Gauaren muinean jalgiko da, gure beldurrak erreko ditu eta errituari bukaera emanen dio talde-dantza handi batekin, bizidunen eta arimen artean birsorturiko lokarrien eta berpiztearen sinbolo.

Publikoa zeharkaldi horretan azkarki parte hartzera gomitatua da: nork bere beldurrak idaztea, pertsonaien ondoan ibiltzea, dantzatzea eta Andere Beltza deitzea, gaua argiz bete dadin.

Gaualdia musikan bukatuko da Jeiki Hadi taldearen kontzertuarekin.

Talde-sorkuntza parte hartzailea

Gau Beltza Akelarre, Mutxiko Elkartea, Luixa, Zarpai Banda tokiko elkarteen arteko elkarlan hertsiaren emaitza da, baita Hendaiako boluntario ugariren parte hartzearena ere.

Haien sorkuntzak eta kemenak gaueko zeharkaldi handi hori animatuko dute, ikuskizun, ipuin bizi eta besta herrikoiaren arteko giroan.

Xehetasun praktikoak

Data: 2025eko urriaren 31n (ostirala)

Programa:

  • 16:30 – Gaztelu Aretoan: Sorginen dantzaldia
  • 18:30 – Gaztelu Aretoko zabaldegian: Arimen iristea eta ibilaldia hiri-barnean
  • 20:00 – Gaztelu Aretoan: Andere Beltzaren errituala eta beldurren erretzea
  • 20:30 – Gaztelu Aretoan: Jeiki Hadi taldearen kontzertua (jan eta edatekoa bertan Denentzat Gizarte Zentroaren eskutik)

Elkarrekin bizitzeko gaua

Dardarak, olerkia eta partekatzearen artean, Hendaiako Gau Beltzak talde- esperientzia ahaztezina iragartzen digu – bakoitzarentzat, oroimenari, bozkarioari eta iluntasuna gainditzen duen argiari berriz lotzeko bidea eskaintzen duen aukera.

Arimak deitzeko kantua

GAU ILUNEAN
KANDELA ESKUTAN
IBILI KALEAN
ARIMEN ARTEAN

Beldurrak erretzeko kantua

BELDURRAK IDATZI ETA EZ JANTZI
BELDURRAK ERRE ETA EZ GORDE
PAPERAK URRATU ETA UFATU
PAPERAK SUTARA!

BELDURRAK SUTARA!
PAPERAK SUTARA!
BELDURRAK SUTARA!
SUTARA! SUTARA! SUTARA! SUTARA!

Navigation de l’article