Aurten, 900 haur inguru sartuko dira herriko eskola publikoetan: 310 ama eskolan eta 577 lehen mailan.
Kotte Ecenarro auzapeza, Chantal Kehrig Cottençon Hirigintza eta Antolakuntzaren ardura duen lehen auzapezordea, eta Patricia Hannibal Hezkuntza, Irakaskuntza eta Eskolaldi Ingurukoaren ardura duen auzapezordea Lizardi ikastetxeko haurrekin bildu dira bazkalorduan. Alabaina, Hendaiako eskola publikoetan dabiltzan haurren %95ek eskolako jantegian bazkaltzen dute. Ttipienak ABLA langileen ardurapean dira eta lehen mailakoak animatzaile batzuen ardurapean.
Lizardin bezala autozerbitzuz hornituak diren lehen mailako ikastetxeetan, haurrek berek osatzen dute beren apairua, sasoiko ekoizkinez apailatua eta nagusiki Ipar Euskal Herriko hornitzaile sarean eta banaketa bide laburretan oinarritua dena. Antolaketa horrek udalaren xedea argitan ezartzen du: jaki mota eta kantitatea hautatuz, haurrek beren baitatik erabakitzen, beren beharrak neurtzen eta janari xahutzea murrizten ikasten dute. Bide batez, ttipi-ttipitik, bazkariaren inguruan gizarteratzeko gaitasuna ere garatzen dute. Ikasteko eta gozatzeko aukera da, hala haurrentzat nola herriko langileentzat.
Urte osoan zehar mobilizatuak diren langileak
Udalak ehun bat agente ditu bere eskolak kudeatzeko egunerokotasunean: 18 Ama-eskoletan Berezitu Lurralde Agente (ABLA), 42 animatzaile, 14 jantegiko agente eta 35 garbitzaile.
Bazkalorduko ardura segurtatzen duten animatzaileek hiru aisialdi zentroetan ere dihardute eskolako oporretan:
- Haurtzaroaren Etxean (2-6 urte)
- Lizardi Txiki lehen haurtzaroaren harrera gunean (2-6 urte)
- Haurtzaroaren harrera gunean (6-13 urte)
“Zuen ondoan bizitako lehen sartze horren harira, hezkuntza-talde osoa eskolako sartze berri horretan laguntzeak pozten nau, dio Patricia Hannibalek. Ikasleak ditut bereziki gogoan, baita gurasoak, irakasleak eta herriko agenteak ere, egunero gure ikastetxeen ibilera ona eta haurren ongizatea zaintzen dutelarik.”
RACINE 2 Lizardin: eskola biharko klimara egokitu
Sartzeko zenbakiez gain, ikasturte horrek etorkizuneko obra bat ere du ardatz. Frantzia metropolitanoaren mailan, RACINE 2 programan parte hartzeko hautatuak izan diren 15 kolektibitateetako bat da Hendaia. Frantzia mailako programa hori ikastetxeak bero handiei egokitzeari eskainia da. Lizardi lehen mailako ikastetxea programaren gune pilotua da, hurbilpen ausartarekin: sinpleak, soilak eta eraikinari egokituak diren aterabideak lehenestea.
Urraspidea jadanik abian jarria izan da udan, tenperatura eta higrometria sentsoreak jarriak izan direlarik ikasgeletan, baldintza termikoak zehazki neurtzeko gisan. Bozkatzeko kutxak ere ezarriak dira haurren eta langileen esku, haien sentsazioak biltzeko eta datu teknikoekin konparatzeko.
Udazkenean, azterketa garaia izanen da: bilduriko neurriak tratatuak izanen dira eta ikastetxearen erabiltzaileek adieraziriko erosotasun bozekin gurutzatuak. Urte bukaeran, diagnostiko horrek atelier parte hartzaileak antolatzeko bidea eskainiko du, antolaketa aterabideak lankidetzan eraikitzeko, 2027ko udaberrian gauzatzeko helburuarekin.