30km/h eremua: karrika parteka dezagun

30eko eremuak gure mugitzeko ohiturak aldatzen ditu: erne egon gaitezen.

Bide seinale guziak plantan ezarriak izan dira. Orain, hiri osoa 30eko eremu gisa sailkatua da ofizialki, salbu Enperadore hiribidea, Pausu karrika, Hapetenea karrika eta Itsas Hegiko bidehandia (Lizardi etorbidearen bidegurutzeraino)

Bakoitza bere lekuan

30eko eremuak auto gidariak, txirrindulariak eta oinezkoak baldintza hobeetan elkarrekin bizitzera gomitatzen ditu. Baimenduriko abiadura gorena murriztuz, helburua da eguneroko erabileren – mugitzea, ibiltzea, pedalatzea, saltegietara joatea – eta karriken zirkulazio funtzioaren arteko oreka aurkitzea. Urraspide horrek mugikortasun eztien garapenean ere parte hartzen du: bizikleten zeharkatzea erraztea eta, oro har, eremu publikoa lasaitzea.

Norabide biko bizikleta bideak: erne egon

30eko eremu batean, karrika guziak norabide bikoak dira bizikletentzat, herriko aginpideak kontrarioa ez badu erabaki. Dispositibo horrek bide bizikleten jarraipena hobetzea ahalbidetzen badu, denen arreta eskatzen du.

Auto gidariak

· Norabide bakarreko karrika batean sartzen zaretelarik, gogoan ukan txirrindulari bat etor daitekeela zuen parean.

· Abiadura moteldu eta erne egon garajetik ateratzean edo bidegurutzeetan.

Oinezkoak

· Zeharkatzean, bi aldeetara so egin, norabide bakarreko karrika batean ere.

Txirrindulariak

· Norabide biko bizikleta bideek zuhur jokatzea eskatzen dute: agerian egon, lehentasunak errespetatu eta beste erabiltzaileen erantzuna aurreikusi.

Zergatik da onuragarria ekimen hori?

Segurtasun handiagoa denentzat

30eko eremuak erabiltzaileen segurtasuna ahal bezainbat handitzen du. Gidarien ikuspena eta erantzun-denbora emendatuak dira, arrasta tinkatzeko tartea eta istripu larrien arriskua murriztuz. Adibidez, oinezko batek 8,5 aldiz aukera gehiago ditu 30 km/h-ko kaskako batetik bizirik ateratzeko 50 km/h-ko abiaduran baino. Neurri horrek oinezkoak eta txirrindulariak ditu bereziki babesten.

Eremu publikoaren partekatze hobea

30eko eremuak hiriaren ikuspegi inklusiboagoa eta autoaren inguruan hain antolatua ez dena irudikatzen du. Zirkulazio arinagoa eta mugitzeko modu desberdinen arteko elkarbizitza hobea ahalbidetzen du. Berrantolaketa batzuk (espaloiak zabaltzea, bizikleta bideak sortzea) eginak izanen dira neurri horren harira, gurpil zuhurra eraginez: abiadura motelagoa, segurtasun handiagoa eta mugitzeko beste bideak akuilatuak.

Harrabots trabagarri gutiago

Abiadura moteltzeak gidatzeko modu arinagoa ahalbidetzen du, bat-bateko azeleratze eta frenatzeak mugatuz. Ondorioz, ibilgailuen harrabotsa 1,4/3 dezibel gutiagokoa da. Ttipitze xumea bada ere, herritarren bizi kalitatea hobetzen du eta hiria goxoago egiten du.

Navigation de l’article