1985etik hona, Antzerkiaren Maiatzak herria zuzeneko ikuskizunen erritmora jartzen du dantzan. Aurten, Hendaiak festibalaren 40. urteurrena ospatuko du eta 40. edizioa; Frantziako karrika arteen festibal zaharrenetako bat bihurtu da denborarekin.
Alde batera utzi ezinezko kultura hitzordu hori artea biztanleengana ahal beste hurbiltzeko nahiak sortu zuen. Florida kaietatik Gaztelu Zahar frontoira, festibalak bilakaera egiten jakin du, bai eta luzerako errotzen hendaiar paisaian, hastapeneko izpiritua galdu gabe: herri besta bat, orori zabalik eta engaiatua, egun Herriaren Kultura Sailak daramana.
Urteurren egitaraua
Ezohiko edizio honen seinalatzeko, festibalari leial diren konpainiak berriz hemen ditugu, hala nola Le Petit Théâtre de Pain, Pernette, Hecho en Casa, Les Batteurs de Pavés… arte historia partekatuaren lekukoak. Hor berriz izateak erakusten du artista horien eta lurraldearen artean den atxikimendua, bai eta urteetan zehar ehundu diren lotura iraunkorrak.
Hainbat lehen obra ere hartuko du festibalak: La Méchante Compagnie, Petit Théâtre de Pain, Komorebi Produkzioak konpainien sorkuntzak, edota talde obra berri bat, 40. urteurrenerako bereziki asmatua euskal artistekin, Irandatz kolegioko ikasleekin eta Itsas Ospitaleko egoiliarrekin.
Maiatzaren 22tik 25era: ikusgarriak, topaketak eta ezustekoak
Maiatzaren 20an hasiko da festibala, eskola, kolegio eta lizeoko ikasleentzako eta artamendu etxeetako egoiliarrentzako jardunaldiekin; gero, publiko guztiengana zuzenduko da, maiatzaren 23an, Transe Express konpainiaren aire unibertso ikusgarriarekin. Maiatzaren 25ean, igandearekin, bukatuko da, parte hartzeari zabalduriko besta bukaera batean, Gaga dantzaldi baten inguruan. Arte horretan, antzerkia, dantza, zirkua, musika, zinema, suziriak, bat-bateko saioak eta arte ekintzak hedatuko dira leku publikoan zehar.
Iparraldeko Maurice Ravel kontserbatorioko ikasleek ere hartuko dute parte aurtengo edizio honetan, beren energia eta jeinua ekarriz, hainbat unetan, egitarauan zehar.
Euskaraldiari begi kliska bat eginez gogora ekarriko du festibalak hizkuntza aniztasunarekin duen atxikimendua: «Arigune» izanen da eta euskarazko harrera eginen du ekitaldi osoan zehar.
Fresko bat eta erakusketa bat unea seinalatzeko
Urteurren hau hiri paisaian kokatu nahiz, Lisamary Ladebat artista plastikoak fresko bat egiteari ekinen dio Gaztelu Zahar frontoiaren gibelaldean. Obra horrek festibalaren historia ikusiz ospatzeko eta herriarekin eta herritarrekin duen lotura adierazteko aukera eskainiko digu.
Azkenik, erakusketa bat mediatekan, maiatzaren 15etik 28ra, festibalaren une garrantzitsuenak eta oroitzapena guztien gogora ekartzeko. Erakusketa Marie-Hélène Errecart, festibala sortu zenean kultura zinegotzi zenaren omenez eginen da. Festibalari, zein bere alorrean, beren ekarpena egin diotenen lekukotzak azalduko dizkigu, bai eta berrogei edizioen afixa guztiak ere.
Erakusketaren eta gero freskoaren irekitze ekitaldia: larunbatean, 05/24an, eguerdian, mediatekan.
Festibalera urterik urte datozen ezin galduzkoak
Haurren herrixka aktibo eta inklusiboa. Dantza inklusiboarekin, pausaldi gormantekin, jostetekin eta La baleine-cargo konpainiaren «Poulette Crevette» ikuskizunaren emanaldiekin, txikienek parte hartu ahalko dute ere margolaritza eta eskultura lantegietan. Sorkuntza horiek KOLORE talde erakusketa elikatzera etorriko dira.
Ikus’arizale lantegia. Lantegia maiatzaren 24an, larunbatarekin, eginen da, Les Batteurs de Pavés suitzar konpainiaren «Les Misérables» ikuskizunaren inguruan. Printzipioa: bezperan, emanaldira joan eta, biharamunean, Théâtre des Chimères konpainiako jokalari batek lagundurik, ikuskizunak eraginiko zirrarak eta oroitzapenak gorputzaren eta hitzen bidez aurkeztea. Festibala parte hartzaile gisa bizitzeko manera berezi eta sentikorra.
Ostatu eta jatetxe aldea. Lanetik Egina, Borderline Fabrika eta Imagine un Rêve elkarteak arituko dira, festibal osoan zehar, elkartze leku bat eskaintzen, hainbat jaki ere proposatuz.
40. edizioko objektu bilduma
Urtebetetzearen ospatzeko, ikur berezia sortu du Herriaren Komunikazio Zuzendaritzak: sorkari txiki bat 40 zenbakitik eratorririk eta pertsonaia xelebreen talde alai batean gauzaturik!
Sustapenerako hainbat gauza –aldi berean bilduma eta erabilgarriak, eta beti kalitatezkoak- asmatu dira: tixertak, kasketak, kapeluak, esku botilak, oihalezko zakuak, haizemaileak, lepoko zapiak eta txapak.
INFORMAZIO BALIAGARRIAK
Txarteldegia
Ikusgarri guztiak URRIRIK dira baina batzuek leku mugatuak dituzte:
- Joan Català « IDIÒFONA ». Aurretiko erreserba linean eta Mendi Zolanen. Festibalaren denboran: harreran.
- Jon Ander Urresti « EUKALYPTUS ». Aurretiko erreserba linean eta Mendi Zolanen. Festibalaren denboran: harreran.
- La Méchante Compagnie « TROP ! ». Txartela Les Jardins d’Arcadie egoitzeko harreran hartu behar da ikusgarriaren aitzin.
- La Baleine-cargo « POULETTE CREVETTE ». Txartelak Haurren Herrixkan hartu behar dira ikusgarriaren aitzin.
- «POEMES» filma. Txartelak zineman emanaldiaren aitzin.
Garraioa
Gomendagarria da festibalera oinez, bizikletaz, autoa partekatuz edo hiriko garraio publiko anitzen bidez etortzea. TXIK TXAK sareko 4, 14 eta 15 lineei buruzko informazioa egitarauaren 38 eta 39. orrialdeetan aurkituko duzue.
Xehetasunak
40. edizio hau Hiriko Kultura Zerbitzuak antolatzen du.
Xehetasunak:
- 05 59 48 30 49
- FESTIBALAREN DENBORAN: 06 29 19 58 67
Antzerkiaren Maiatzaren kari, Mendi Zolan kulturgunea itxita izanen da maiatzaren 23an, ostirala, 17:00etatik goiti, eta maiatzaren 24an, larunbata, egun osoan.