Bainu uraren kalitatea: zaintza eta informazioa unean-unean

Uda orotan, milaka bainatzaile baliatzen dira euskal itsas hegiko uraz.
Posta txartelaz gibelean, uraren kalitatea egunero-egunero da zaindua, ororen osasuna bermatzeko: bakteriologia kontrol zorrotzak, hetsialdien kudeaketa lasterra eta Ostropsis deitu mikroalgaren jarraipena.

Bainu uraren kalitatea funtsezko gaia da bainularien osasun segurtasuna bermatzeko eta itsas hegiaren erakargarritasuna atxikitzeko. 2006/7/CE europar zuzentarauaren menean da eta bakteriologia adierazleen kontrolak egiten dira erregularki (Escherichia coli eta hesteetako enterococcusak). Euskal itsas hegian, Euskal Hirigune Elkargoak araudiaz haratago joan eta eguneroko autokontrola egiten du, emaitzak hiru orenetan ematen dituzten analisi lasterrekin. 2024an, 3100etik gora analisi egin ziren udaldian.

Hondartzen hestea auzapezek dute erabakitzen, analisietan oin hartuz. 2024an, udaldia bereziki euritsu izan bazen ere, hondartzak denboraren % 92,3an izan ziren zabalik, hondartza bakoitza 10,7 egunetan hetsirik izan zelarik batez beste, batez ere euri handiak izan zirenean.

Natura eragozpen handien pean den lurraldera egokitzeko (mendia eta itsasoa elkarren hurbil izatea, euriaren zurrupita lasterra, hiritartze trinkoa), elkargoak 40 miliotik gora euro ematen ditu urtero saneamendu sareen modernizatzeko, euri uraren biltzeko  ahala handitzeko eta hornikuntza berrien eraikitzeko. Diru ahalegin handi horrek lurraldeak eurite horien aitzinean duen erresilientzia etengabe hobetzeko eta kutsatze arriskuak mugatzeko aukera ematen du.

Gardentasuna eta informazioa unean-unean ematea

Bainatze uraren kudeaketaren gako jokagaia dugu jendeentzat gardenki jokatzea.  Kalilo aplikazioa, lau hizkuntzatan erabil liteke eta 2024an 47 000 pertsonek baliatu zuten; uraren kalitatearen berri, banderatxoen koloreen berri, alerten berri ematen du unean-unean, eta oharrak egiteko aukera ere ematen du.

Ostreopsis, begiratu beharreko mikroalga

Bakteriologia kontrolekin batera, euskal itsas hegiaren begiratzaileak bereziki adi dira, 2021. urteaz geroztik, hedatzen ari den mikroalga bati, Ostreopsis deiturikoari. Ikusezina da begi hutsez; klima aldaketaren eraginez ari zaigu hedatzen eta uretan eta itsas langarrean zabaltzen diren toxinak sor ditzake. Sintoma arin baina trabagarriak sortzen ditu, hala nola eztula, eztarriko mina, larruazal narritadurak edo arnasteko arazoak, batez ere pertsona ahulengan (haurrak, adinekoak, asmadunak).

Gaur-egunean, ez da atalase arauturik Ostreopsis algarako, baina Euskal Hirigune Elkargoak begiratze areagotuko baliabidea eman du plantan, urtean 20 000tik gora analisirekin, besteak beste teknika molekular zehatzekin. Emaitzak unean-unean ematen dira jakitera Kalilo aplikazioaren bidez. Alerta maila gora gertatuz gero, informazio, prebentzio eta hondartzen heste neurriak har litezke laster batean. 2021az geroztik, egun bakar batean hetsi behar izan dira hondartzak Ostreopsis algarengatik. Mugazgaindiko ikerketa programa bat, OSTREOBILA, da indarrean mikroalga hori, dituen toxinak eta giza eta itsas osasunean duen eragina hobe ulertzeko xedez.

Uste komunei aurka egiteko liburuxka

Isurbideak itsasoan hustutzen omen dira, araztegiak zaharkiturik omen dira, uraren kalitatea urterik urte okerrera omen doa… aurreiritzi temati horien aurka egiteko, Euskal Elkargoak pedagogia eskuorria argitaratu du gaiaren gainean errepikatzen diren kritika horiei egiazko datuekin erantzuteko.

Ikus ezazu liburuxka: «Stop uste komunei»

Navigation de l’article