Bereizkerien aurkako borroka Hendaiako Udalak aspalditik hartu duen engaiamendua da. Hitzordu sinbolikoez gain, Udalak berdintasuna, denen errespetua eta mota orotako bereizkerien prebentzioaren aldeko politika aktiboa garatzen du urte osoan zehar.
Xede hori ageri da Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluaren bereizkerien aurkako lantaldearen galtzarrean eramaniko lanean besteak beste. Instantzia horrek hautetsiak, herriko zerbitzuak, erakundeak eta elkarteak biltzen ditu, lurraldean aurkituriko arazoak identifikatzeko eta tokiko errealitateei egokituriko erantzunak eraikitzeko gisan. Arazoari modu zehatzean eta iraunkorrean lotzeko taldekako urraspidea da.
Udalak dio bereizkeria bakar bat ere ez dela gutxietsi behar. Izan generoari, sexu-orientazioari, ahalmen urritasunari, adinari, jatorriari edo gizarte-egoerari lotuak, mota orotako gaitzespenek denen mobilizazioa eskatzen dute.
Hurbilpen orokor hori segurtamen ausart batean oinarritzen da: hiri inklusibo bat egunerokoan eraikitzen da politika publiko koherenteei, sentsibilizazio-ekintzei, lankidetza iraunkorrei eta biztanleekin etengabe eramaniko elkarrizketari esker.
Belaunaldi gazteak sentsibilizatzea eta babestea
Prebentzioa funtsezko tresna dela argi duelako, Udalak ekintza ugari zuzentzen dizkie gazteei, saltegiei eta herriko agenteei. 2023tik goiti, karrikako jazarpenaren eta bortizkeria sexisten aurka borrokatzeko Angela dispositiboa zabaltzen du suharki. Gaur, berrogei bat saltegi, erakunde eta zerbitzu partaidek aterpe sare bat osatzen dute, bere burua arriskuan ikusten duen orori berehalako laguntza eskainiz.
2026an, oldar hori indartua izan da Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroarekin lankidetzan eramaniko sentsibilizazio-proiektu bat plantan ezartzearekin. Irandatz eta San Bixente kolegioetako hogeita lau ikasleek jazarpenari, bereizkeriei eta herritar elkar laguntzari eskainiriko atelierretan parte hartu dute. Helburua: ikaskideak sentsibilizatzeko eta jokabide solidario eta errespetutsuak sustatzeko gai diren aholkulari gazteak formatzea.
Udalak lizeoko ikasleei zuzenduriko autodefentsaren lehen irakaspenerako proiektu pilotu bat ere sustatu du. Profesional aditu baten eta hirizain baten ardurapean, parte hartzaileek arrisku egoerak identifikatzen, bortizkeriaren aurrean ohitura onak hartzen eta beren baitako konfiantza azkartzen ikasi ahal izan dute.
Harrotasunen Hilabetea topaketaren lelopean
Irekidura eta elkarrizketa ildo beretik, Udalak Charly et ses drôles de drags (Charly eta bere drag irrigarriak) ikuskizunaren antolaketa sustatzen du, Les Bascos elkartearekin. Sorkuntza horrek umorea, zirrara, drag ikuskaria eta aniztasunaren ospatzea nahasten ditu, nortasuna, desberdintasuna eta norbera izateko askatasunaren arazoak aipatzeko modu hunkigarrian.
Emanaldiaren ondotik, elkartekideekin biltzeko une batek gogoeta luzatzeko eta antzezlanean aipaturiko gaiei buruz hitz egiteko bidea eskainiko dio publikoari.
Hendaian, inklusioa ez da soilik sinbolo bat. Urte osoan zehar elkarteekin, ikastetxeekin, erakundeekin eta biztanleekin eramaniko lan batean mamitzen da. Eguneroko mobilizazioa, berdintasuna, errespetua eta elkartasunaren baloreak biziarazteko, elkar-bizitza oinarritzen dutelarik.
Argibide baliagarriak
Charly eta bere drag irrigarriak! 2026ko ekainaren 17an, asteartea, 20:00etan, Gaztelu Aretoan – Hendaian