Itotzearen prebentzioa: uretan ohitura onak ikasteko aste bat

Uda hurbiltzen ari zaigularik, Hendaiako udalak ttipi eta handiak ohitura onak ikastera gomitatzen ditu uraz gozatzeko segurtasun osoz. 2026ko ekainaren 8tik 13ra, udal igerilekuak salbatzen gaituzten jestuen eta itotzearen prebentzioren inguruko aste bateko animazioak, atelierrak eta erakustaldiak antolatuko ditu. Mobilizazio horren hitzordu nagusia: 8 urtez goitikoei irekiriko arratsaldea, ekainaren 13an, larunbata, 14:00etatik 18:00etara.

Frantziako Osasun Publikoaren azken emaitzen arabera, itotzea erronka nagusi bat da oraindik uda garaian, ehunka jende hiltzen delarik urtero Frantzian eta istripu kopurua emendatzen doalarik azken urteetan. Zenbaki horiek publikoa ttipi-ttipitik hartu beharreko ohitura onei eta jokabideei buruz sentsibilizatzeko garrantzia azpimarratzen dute.

Ekainaren 8tik 13ko aste osoan zehar, Hendaiako igerilekuak eskolako ikasleei, igeriketa eskolako kideei eta helduei zuzenduriko pedagogia-programa bat plantan ezarriko du. Uretako arriskuei eta sorospen teknikei buruzko sentsibilizazio uneak gehituko dira ohiko jardueretan, udal igerilekuko igerizain sorosleekin, Les Corsaires (itsasbazterreko sorospena) elkartearekin, Itsasoko Sorospenaren Frantziako Elkartearekin eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Sute eta Sokorri zentroarekin lankidetzan.

Ekainaren 13an, larunbata, parte hartzaileek murgiltze-ibilbide bat segitzen ahalko dute atelier batzuk biltzen dituen Soroslearen Pasaporte baten bidez: irakaspen jostagarria biktima bat begiztatzea, hurbiltzea eta ateratzearekin, itsasoko arriskuei eta hondartzetako araudiari buruzko sentsibilizazioa, lehen sorospenaren jestuak ikastea (egoeraren azterketa, alboko segurtasun-postura, bihotz-biriketako bizkortzea eta desfibriladorearen erabiltzea), baita sorospen materiala probatzeko saioak eta erakustaldiak (sorospen-buiak, sorospen-oholak eta ur hegalak). Igerilekuan laguntza ekartzeko eta uretik ateratzeko teknikak ikasteko saioek osatuko dute arratsaldea.

Segurtasun zibileko tokiko eragileekin eramanik, ekimenak funtsezko ohitura onak transmititzea du xede, bakoitza arrisku-egoerak hobeki saihesteko eta larrialdi kasuetan modu eraginkorrean erantzuteko gai izan dadin.

Ekintza horren bitartez, Hendaiako udalak prebentzioaren eta erabiltzaileen segurtasunaren aldeko engaiamendua berresten du, hantatze handi-handiko itsasbazterreko lurralde batean.

Edizio berri horrez gain, udalak epe luzeko urraspidea sortu nahi du, itotzearen prebentzioa udako ohiko hitzordua bihurtzeko gisan.

Ekainaren 13an, larunbata,14:00etatik 18:00etara, igerilekuko sartzearen ohiko prezioan – animazioak urririk. Publikoa: 8 urtetik goiti.

Navigation de l’article