Bixintxo eliza, XVII. mendeko monumentu historikoa, berriztapen handiaren beharrean da eta emaitzen deialdia egin dute Herriak eta Ondarearen Fundazioak elkarrekin funtsezko proiektu horren sostengatzeko. Zuk ere, har ezazu parte eraikin bakan horren zaintzen.
Hendaiaren erdi-erdian, Bixintxo eliza, herriaren XVII. mendeko eraikin enblematikoa, herriaren historiaren lekuko gisa da hor zutik. «Monumentu historiko gisa zerrendatua da eta ez da soilik otoitz lekua, baizik eta kultura, ondare eta giza ikurra ere eta herriaren nortasun historikoaren irudia. Hendaiaren historia kontatzen digu bere harrietan, zizelkaturiko bere elementuetan, astroen irudiak dakartzan erdi aroko bere gurutzean, bere galeria bereizietan, bertako gauzetan, bereziki 1659ko Pirinioetako itunari loturiko plaka bakanean» dio Marie de Merlis, Ondarearen Fundazioaren Departamenduko ordezkariak, Eric Richter lurralde ordezkariarekin etorririk.
Asmo handiko proiektua
«Funtsezkoa zen, herri barnearen berrantolatze eta edertze lanen karietara, herriko ondare hau zaintzea» azaldu du Kotte Ecenarro auzapezak, eta honela jarraitu du: «2024ko urtarrilaren 29an, Herriak hautagaitza dosierra aurkeztu zion Ondarearen Misioari. 2024ko martxoan aitzin hautapen bat ukan ondoren, proiektua Bordelera igorri zen izapidetua izan zedin. 2024ko irailean, berri ona jaso genuen: proiektua saritua izan zen. 2024ko abenduaren 18an, 220 000 €ko behin betiko dirulaguntza eman zitzaion, eta horrenbestez, fase berri batean sartu zen euskal ondarearen harribitxi hau».
Talde lan bati esker eta Ondarearen Misioaren engaiamenduari esker, Stéphane Bern-en gidaritzapean, DRAC erakundeari esker eta Akitania Berriko Eskualdeari esker, berriztapen handiko proiektu hori egi bihurtu da.
Laster egin beharreko berriztapenaren kanpaina
«Bixintxo eliza, denborak jorik, berriztapen lan handien beharretan da iraunen badu eta seguru izanen bada. Egin zitzaion lehen berriztapen handia 1986koa da, azaldu du Chantal Kehrig-Cottençon, Herri Lanen auzapezordeak eta zehaztapen hau gaineratu du: «kanpo eta barneko lanak 3 zatitan eginen dira; kanpoko hormak erabat berriztatuko dira, teilatua aztertuko da, kanpoko arotziak konponduko, bai eta egiturako piezak ere; gas berogailuaren ordez argindar bidezko beroketa sistema ezarriko da, eta eliza parte den plazako eraikinak argipean ematen bukatuko dugu.
Lanak zatika eginen dira eta guztizko kostua 1568 406€ ZB izanen da. Lehen zatia, 2025eko urritik 2026ko otsail bitartekoa, kanpoko berriztapenekoa izanen da. Bigarren zatia sei hilekoa izanen da eta barneko berriztapena eginen da hor, besteak beste estaldura leungarriak berritzea eta gurutzaduraren sabaia berriztatzea. Hirugarren zatian altzariak balioan emanen dira.
Lehen zatiko lanak egin bitartean, eliza zabalik izanen da, hala bisitarientzat nola elizkizunetarako ere.
Ingurumenaren kezka beti hor dugu
Gas berogailua argindar bidezko berotze sistema batez ordezkatzea herriaren eraikinen berotze sistemen karbonogabetze asmo baten ondorioa da. Gainera, ezkila dorrearen bigarren solairuan traba den gas berogailua kentzeko aukera emanen digu eta horrela zeinutegiari ondare balioa eman eta gauez agerian eman ahalko dugu. Kanpoko eta barneko argiztapenak argindar gutxi kontsumitzen duten LED argibideekin eginen dira.
Horrez gain, zeinutegian, belatzentzako habi bat kokatuko da animalia kaltegarrietatik babesteko eta uso gehiegi izan ez dadin.
Abian da diru bilketa!
2024ko abenduan, hautetsiek emaitzen deialdiari ekiteko baimena eman zuten. 2025eko lehen hiruhilekoan, emaitzen deialdirako dosierra eta komunikaziorako euskarriak bururatu eta Hendaiako Herriak, Ondarearen Fundazioarekin partzuergoan, proiektu enblematiko horren gaineko jende guztientzako, enpresentzako eta mezenentzako emaitzen bilketari ekin diote.
Zergatik proiektu hau bultzatu?
Proiektu hori bultzatuz, eraikin enblematiko hori hurrengo belaunaldientzat atxikitzen laguntzen duzu. Emaitzen gainean zerga apalketa nabarmenak egin litezke: % 66 partikularren kasuan, % 60 enpresek eta % 75 higiezinen gaineko zergen kasuan.
Proiektu horrek herritarrak, bisitariak, enpresak, hautetsiak, eskulangileak eta historialariak batzen ditu. Gure lurralde nortasunaren barnean ondareak duen garrantzia baieztatzen du. Espero dugu hedatuko duzula, saiatu eta engaiatuko zarela, Bixintxo elizari behialako edertasun handia itzul diezaiogun.
Elkarrekin arituz, berriztapen hori giza eta ondare abentura bihur dezagun. Milesker Ondarearen Fundazioari eskaintzen digun laguntzarengatik, eta milesker etorriko diren emaileei.
Informazio gehiagorako eta emaitza egiteko, Ondarearen Fundazioaren webgunera jo ezazu: www.fondation-patrimoine.org/101283