“Elkartasun txekea” krisiak jo dituen familientzat

Hetsialdiaren bitartean, familia anitzi diru baliabidea arras eskastu zaie eskola jantokiak hetsirik izan direlako.
Herriak gaiari heldu dio pandemia garaian sortu “Elkartasun” lantaldeari esker eta garrantzitsu iruditu zaio eskola jantokia den funtsezko zerbitzu publikoaren eteteari neurri batean bederen ordaina ematea.

Ia 2000 haur dira ukituak

Halatan, bada, Hendaian bizi eta bertako eskoletan –ama eskoletan, lehen mailako eskoletan eta kolegioetan (publiko nola pribatuan)- haurrak dituzten familiei sostengua eman nahiz, Herriak haur bakoitzeko 30 euroko “elkartasun txekea” eskainiko die. Eragiketa horren kostua, orotara, 60 000 € ingurukoa da eta Herriak hartuko du bere gain osoki. Laguntza hori ekainean emanen dugu, herri kontseiluak horretarako deliberamendua bozkatu ondoren.
Familia anitzek jasan dute bete-betean krisiak ekarri dituen ekonomia ondorioak. Lanpostuaren galtzea, elikadura gastuen emendatzea… Horregatik erabaki du Herriak gizarte bereizketarik egiten ez duen baliabide berdinzalea eskaintzea.

Tokiko saltegientzako laguntza

Bestalde, elkartasun txeke hori Hendaiako saltegi batean beharko da erabili, tokiko ekonomia ere gogorki jo baitu Covid-19 krisi honek eta ekonomia horren laguntzarako ere gerta dadin. Saltegiei horri buruzko informazioa igorriko zaie heldu diren egunotan, zuzkidura horren hartzeko moldeak argi diezazkiegun.

Navigation de l’article