Handiplage gunea irekia da

Bainatzeko onurez gozatzea plazer sinplea eta denentzako irisgarria izan behar da.

Itsasoko aisialdiak bizitzeko aukera denei eskaintzea axola zaiolako, Udalak urtero dihardu hondartza gero eta erosoago egiteko, antolaketa egokituei esker. 3. mailako Handiplage labela duen gune hori urririk da eta ahalmen edo mugikortasun urriko pertsonei itsasora heltzeko bidea errazten die erosotasun eta segurtasun baldintza hoberenetan.

2026ko berritasuna: uretarako laguntza indartua

2026ko uda honetan, erabiltzaileen autonomia hobetzeko urrats berri bat gauzatuko da, laguntza dispositibo berezi batekin.

Printzipioz, ahalmen urritasun egoeran den oro lagundua izan behar da bainatzeko. Haatik, laguntzailerik gabe direnentzat, USSBN (uretako segurtasun eta sorospen brebeta nazionala) titularra den Handiplage erreferente bat izanen da aurten lekuan berean, uretarako laguntza indibiduala proposatzeko. 30 minutuko hiru tarte proposatuak dira egunero, asteartetik larunbatera.

Dispositiboa baliatzeko, izena eman behar da baitezpada zerbitzuarekin harremanetan sartuz 06 40 14 50 85 zenbakira (harrera ahalmena mugatua da erabiltzaile guzien segurtasuna bermatzeko gisan).

Hiru hilabetez irekia

Erabiltzaileen igurikapenei erantzuteko xedez, Udalak iaz plantan ezarririko uda luzean zehar zabalduriko irekitze egutegia mantentzen du, hots ekainetik irailera. Gunea erabilgarria da ekainaren 16tik (asteartea) irailaren 14ra (igandea), honako baldintzetan:

  • Ekainaren 16tik (asteartea) ekainaren 30era (asteartea): irekia asteazkenetik igandera 11:30etik 16:30era eta astearteetan 11:30etik 15:30era. Astelehenetan hetsia (ekainaren 15, 22 eta 29an).
  • Uztailaren 1etik (asteazkena) abuztuaren 31ra (astelehena): egunero irekia 11:00etatik 19:00etara.
  • Irailaren 1etik (asteartea) irailaren 14ra (astelehena): irekia asteazkenetik igandera 11:30etik 16:30era eta astearteetan 11:30etik 15:30era. Astelehenetan hetsia (irailaren 1 eta 8an).

Segurtasuna bermatzeko gisan, azken uretaratzea programatua da gunea hetsi baino 30 minutu lehenago.

Erosotasun ezin hobe baterako ekipamenduak eta azpiegiturak

Gunearen antolaketa ibilbide arina eskaintzeko gisan apailatua izan da, aparkalekutik uretaratzera. Handiplage guneak azpiegitura osoa eta egokitua ezartzen du erabiltzaileen esku:

  • Arta eta atseden guneak: harrera gela bat, aldagela egokitua, MUP komunak eta dutxa, baita atseden gune itzaltsua ere.
  • Aulkiz aldatzeko eta uretaratzeko materialak: harean ibiltzeko eta itsasoan sartzeko uretarako orgatxoak, pertsonen altxagailu batekin aulki aldaketak segur izateko gisan.
  • Zolaren antolaketa: egurrezko bidexkak zabalduak dira gurpil aulkiak ibil daitezen eta puska pertsonalak itzalean uzteko.

Ordutegiak: • Ekainaren 30a arte eta irailaren 1etik 13ra: 11:30etik 16:30era (15:30era astearteetan, hetsia astelehenetan). • Uztail & abuztuan: Egunero, 11:00etatik 19:00etara.

Aholku baliagarria: lehentasuna emana zaionez erabiltzaileen erosotasunari egurrezko bidexketan, laguntzaileei beren eguzkitakoa eramatea eta beren puskak ibilbide horretatik kanpo uztea gomendatua zaie.

Aparkatzea

Hondartza nagusiko azpiegituretara zuzenean heltzeko gisan, MUP aparkatzeko zenbait gune daude gunetik hurbil-hurbil:

  • Epe motzeko MUP aparkaleku 1 Handiplage gunean berean, jendea berehala uzteko.
  • MUP minibusentzako 2 aparkaleku seinalatuak Itsas etorbidean.
  • MUP minibusentzako 2 aparkaleku finkatuak Heriotzorri karrikan.
  • 8 MUP aparkaleku arrunt Florida aparkalekuan.

Taldeen harrera

Antolaketa arina, materialak erabiltzeko ahalbide berdina eta harrera-terrazan denen erosotasuna bermatzeko gisan, taldekako harrerak planifikatu behar dira.

Taldeek (elkarteek, medikuntza- eta gizarte-egiturek) izena eman behar dute aitzinetik horretarako den ordutegi/egutegian.

📞 Xehetasunak eta izen emateak (taldeak eta USSBN dispositiboak): 06 40 14 50 85

 

 

 

 

Navigation de l’article