Hendaia Euskaraz: animazioak martxoaren 8tik 16ra

Hendaia Euskaraz-en programako lehen ekintzei buruzko xehetasunak hemen aurkituko dituzue.

Martxoaren 8 eta 13an: egizue yoga familian… eta euskaraz!

Duela urte batzuk Hendaia Euskaraz-en karietara egiten duen bezala, Kiran Shanti elkarteak yoga familian eta euskaraz probatzea proposatzen dizue. Aurten, jarduera 2019ko martxoaren 9an (ostirala) iraganen da 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, eta martxoaren 13an (asteazkena), 9-12 urtekoentzat. Tailerrak 17:30etik 18:30era izanen dira, eta haurrak guraso batekin etorri beharko dira.

Yoga egiteak izugarrizko onurak ekartzen ditu haurren garapen prozesuan. Yogaren praktikarekin, haurrek beraien oreka, armonia eta osasunarekin topo egin eta ondorioz jarrera baikorrak adierazten dituzte. Familian praktikatuz, momentu gozo horiek gurasoekin partekatzeko aukera dute, eta biziki gustukoa dute!

Hitzordua elkartearen egoitzan, Pausuko errepidea, 74 (Intzura auzoan). Prezioa: 5€ familiaka.

Martxoaren 12 eta 14an: generoari buruzko mintzaldi-tailerra gurasoentzat

Martxoaren 12 (asteartea) eta 14an (osteguna), 17:30etik 19:30era, Hendaia Euskaraz-en baitan, Hendaiako Ikastolako gurasoen elkarteak bi euskarazko mintzaldi-tailer proposatzen dizkizue Mediatekan, Jaime Altuna antropologoak animaturik.

Tailer honen bidez gaur egungo generoaren sozializazioaz hausnartuko dugu; haurtzaroan eta nerabezaroan generoaren arabera jokatu beharreko paperak nola eraikitzen diren aztertuz eta prozesu horretan arrakalak sortzeko egon daitezkeen bideak taldean eztabaidatuz.

7 eta 16 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendurik, martxoaren 12an iraganen den lehen tailerra maskulinitate eta feminitatearen eraikuntzaren inguruan izanen da. Martxoaren 14an, 0 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoentzako bigarren tailerrak diferentziazioa sortzeko mekanismoak aipatuko ditu.

Jaime Altuna Gizarte Antropologian graduatua da EHUn eta “Ikasketa Feministak eta generokoak” masterra burutua du. Ibilbide profesional luzea (1994. urtetik aurrera) garatu du haur eta gazteen heziketarako programetan, mota ezberdinetako lanak burutuz: kale antzerkia haurrentzat, telebistako haur saioen produkzio lana, ipuin kontalaritza, irakurketa sustatzeko programak, udalekuak, aisialdi zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa, aisialdiko begiraleen formazioan…

Tailer horietan parte hartzea dohainik da. Kasu, toki kopurua mugatua da!

Martxoaren 13an: Hondartza auzoa euskaraz deskubri ezazue

Martxoaren 13an (asteazkena), 15:00etan, Hendaia Euskaraz-en karietara, Hendaiako Turismo Bulegoak Hondartza auzoaren bisita gidatua eskainiko dizue euskaraz.

Bisita horretan, Hendaia aurkeztuko zaizue: bere muga-herri egoera berezia, Itsas etorbidea eta herriaren lehen garapen turistikoa, itsas bazterreko euskal estilo berriko etxeak. Ibilaldia atseden portuaren inguruan segituko dugu, lehenengo arrantza portuaz eta bale ihiziaz hitz batzuk erranez…

Ongi entzuteko xedearekin, taldea mugatua izanen da: gehienaz 30 bat lagun.

Bisita dohainik da, eta denei irekia (helduak eta familiak, 8 urtetik gorako haurrekin). Abiatzea Turismo Bulegoaren aitzinean izanen da.

Martxoaren 15ean: antzerkia euskaraz, Mendi Zolan kulturgunean –IKUSKIZUN EZEZTATUA (antzezlari bat zauritu baita)

Martxoaren 15ean (ostirala), 20:30ean, Hendaia Euskaraz-en karietara, Bilboko Rubik konpainia “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” antzezlana eskainiko dizue euskaraz, Mendi Zolan kulturgunean.

Maleta bat. Zertarako balio du maleta batek? Bidaiatzeko, agurtzeko, ametsak lortzeko edota ihes egiteko. Maleta batek 1001 pasadizo konta ditzake, hamaika desio eta atsekabe. Istorioak, istorioak, istorioak… hamaika istorio historian zehar.

Arrotzak. Maletak. Istorio gurutzatuak. Arrotzak bere eguneroko bizitzan eta espazioetan. Ez-lekuetan lekutu diren pertsonak.

Kultur Agendaren baitan proposaturiko ikuskizuna. Iraupena: ordu bat. Prezioak: 12€ / 6€. Txartelak salgai Mendi Zolan kulturgunean eta www.hendaye-tourisme.fr webgunean. Jatekoa eta edatekoa bertan, Borderline Fabrika taldearen eskutik.

Martxoaren 16an: udaberriko garbiketa eta bisita gidatua Asporotsttipin

2019ko martxoaren 16an (larunbata), IEZI Euskal Itsasbazterra elkarteak bi jarduera proposatzen dizkizue Hendaia Euskaraz-en kari.

Lehenik, 9:30etik goiti, Hendaiako itsasbazterreko udaberriko garbiketa handiaren karietara, IEZI Euskal Itsasbazterra elkarteak euskaldunei Kanetako portuan elkartzea proposatzen die, naturaren aldeko lan boluntario honetan parte hartzeko. Izena eman ezazue: 05.59.74.16.18 –

Ondotik, 15:30ean, Asporotsttipin duzue hitzordua, “Erleak, polinizatzaileak eta pestizidak” erakusketaren euskarazko bisita gidatu baterako.

Bisita honetan, erlea eta polinizatzaileen garrantzi handia aipatuko dugu, baita animal horien ahultzearen zergatiak aztertuko ditugu ere. Erlezaintzan erabiltzen diren tresnen eta materialaren aurkezpena ikusteko parada ukanen dugu. Erlearen inguruko arte obra batzuk ikusteko eta IEZI-k eraman dituen proiektuez eztabaidatzeko momentu bat aurrepentsatua da. Bukatzeko, erlezaintzatik heldu diren produktu batzuk dastatuko ditugu baso baten inguruan.

Azken jarduera horren prezioa librea da.

Martxoan, beste hitzordu batzuk euskaraz

Asteazken guztiz, 18:00etatik goiti, euskaldun zahar eta berriek Baleak elkartean (Ereinotz karrikan) dute hitzordua, euskarazko mintzapraktika egiteko baso baten inguruan, Mintzalagunaren baitan.