Hendaia euskaraz: martxoaren 24tik 30era

Hendaia Euskaraz: ez da bukatua, hemen dituzue azken jarduerei buruzko informazioa! 

Martxoaren 24an:

Mutxiko Besta

Martxoaren 24an (igandea), Hendaia Euskaraz-en kari, Mutxiko elkarteak mutxikoen eta Euskal Herriko zein kanpoko dantza herrikoien inguruko festa batean parte hartzera gomitatzen zaituzte.

Eguneko egitaraua honako hau izanen da:

  • 10:00: Txistularien alardea hiri-barnean
  • 11:30: Mutxikoak Gaztelu Zahar pilotalekuan
  • 13:00: Zintzur-bustitzea eta kalejira Daniel Ugarte pilotalekuraino (Beltzenia).
  • 14:00: Kantu bazkari herrikoia
  • 16:00: mutxikoak eta dantza herrikoiak.

23 eurotan proposatzen zaizuen menua honako hau da : urdaiazpikoa eta patea, arrainez beteriko piperrak, karda betea txanpiñoi saltsan, saiheskia patatekin, deserta, arnoa, kafea eta ondokoa. Baitezpadakoa da berantenaz martxoaren 18an erreserbatzea: +33 (0)6.83.90.25.11 – +34 666.126.091 –

Publiko gaztearentzako ikuskizuna euskaraz

Martxoaren 24an (igandea), 17:00etan, Hendaia Euskaraz-en karietara, Errenteriako Dejabu Panpin Laborategia konpainiak “Linbo Planeta” publiko gaztearentzako ikuskizuna (6 urtetik goiti) aurkeztuko du Mendi Zolan kulturgunean.

Hondarrez, zaborrez eta behin etxe izan zen hondakinez inguratutako leku urrun bat. Gizaki bakarra bizi da bertan, zortzi urteko neskatila bat: Numa. Erasoei bizirauten ere ikasi du. Aspaldian aspertzen hasia da ordea, faltan botatzen baititu lagunak, familia eta ia oroitzen ez duen bere herria.

Goiz batean lagun berri bat azaldu zaio, Ibrahim txakurra. Irudimenari esker, inoiz susmatuko ez luketen bidaia batean murgilduko dira. Numak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, bere arbasoek, basamortuko nomadek, aspaldi egin zuten moduan. Izarrei jarraika.

Ikuskizun hau Euskal Hirigune Elkargoak programatu du, Kultur Agendaren baitan. Iraupena : 50 mn. Prezioak : 10€, 6€ eta 4€. Xehetasunak eta erreserbak : 06 35 16 25 91 eta www.kultura-bidean.eu (leiho berria)

Martxoaren 27an:

Euskara, ikastetxetik plazara

Martxoaren 27an (asteazkena), 08:45etik 12:30era, Hendaia Euskaraz-en karietara, “Euskara, ikastetxetik plazara” saioaren hirugarren lan bilkura iraganen da Autoportuko gelan.

Ipar Euskal Herrian, azken 13 urteetan, sail elebidunetako kopuruak %82z hazi dira. Gaur egun, ama eskolatik lizeora, 13.500 ikasle baino gehiagok euskaraz ikasten dute sail desberdinetan. Gure lurraldean, hein handi batean adin piramidearen zolatik eta eskolaren bitartez jokatzen da euskararen berreskuratzea.

Rol handi bat jokatzen badu ere, ezin zaio eskolari dena delegatu. Euskarak plazan, familian, aisialdian eta eguneroko bizian ere bizi behar du, haurraren jabetzea eta motibazioa azkartzeko. Hartarako, gurasoen inplikazioa eta aisialdi eskaintzaren egituraketa egokia beharrezkoak dira.

Testuinguru horretan, nola sustatu euskararen eskolaz kanpoko erabilera? Zer egin dezakete hobeki gurasoek? Nola ezagutarazi euskarazko aktibitate eskaintza?

Aisialdi eta irakaskuntzako profesionalei, guraso elkarteei, euskara teknikariei, Euskalgintzako langileei zuzendutako lan saio horiek 2018ko irailean hasi ziren Mintzalasaien karietara, azaroan segitu Baxe Nafarroko Euskararen Urtaroaren karietara, eta 2019ko martxoan, Hendaia euskaraz hilabetearen baitan, beste gogoetaldi bat izanen da. Saioen artean, Eusko Ikaskuntzak solasaldiak bilduko ditu, ondotik zabalduko den idazki batean.

Seminario hau Mintzalasai, Eusko Ikaskuntza eta Euskal Elkargoarekin (Euskararen Urtaroaren baitan) elkarlanean antolatua da. Izen-ematea derrigorrezkoa da martxoaren 24a aitzin: – 06.83.73.64.98.

Linean izen-emateko esteka (leiho berria)

Publiko gaztearentzako filma eta zine-topaketa

Martxoaren 27an (asteazkena), Hendaia Euskaraz-en karietara, Variétés zinegelako lan taldeak euskal zinemaren inguruko bi hitzordu proposatzen dizkizue.

Lehenik, 15:00etan, publiko gaztearentzako filma “Herensugeak: Haritzaren bihotza” proiektatuko da euskaraz (azpititulurik gabe).

Fenomeno bitxi batzuek herensugearen mendixkako klima itzulipurdikatu dute. Tenperaturen jauste lasterrak lurraldea hotzean eta iluntasunean murgildu du. Oihana hilzorian da baina Robin ipotx basozain ttipiak jainkoen laguntza galdeginen du bizia mehatxatzen duen gaitz horri buru egiteko.

Ondotik, 19:30etik goiti, zine-topaketa bat izanen duzue Oier Aranzabalen “Margolaria” dokumentalaren inguruan, zuzendaria eta filmaren protagonista den Mikel Urdangarin kantaria hor izanen direlarik.

Hasteko, pintxo goxo batzuk dastatzen ahalko dituzue baso baten inguruan. 20:00etan, Oier Aranzabal zuzendariak bere filma laburki aurkeztuko du, eta ondotik, dokumentala proiektatuko da (euskaraz, frantsesezko azpitituluekin). Azkenik, gaualdia bukatzeko, topaketa musikala izanen da, Oier Aranzabal zuzendariarekin eta Mikel Urdangarin musikariarekin. Galdu behar ez den zine eta musika gaualdia!

Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.

Prezioak: 5,50€ / 4€ (14 urte pekoak)

Martxoaren 28an: Txillardegi Hendaiatik, sorterrira itzultzeko azken geltokia

Martxoaren 28an (osteguna), 18:30ean, Txillardegiren omenezko mintzaldi eta erakusketa proposatuko dira Herriko Etxeko 1. solairuko aretoetan.

Txillardegi euskara batuaren aita izan da eta horrela aitortzen dute zenbait euskaltzainek, Ibon Sarasolak edo Jean-Louis Davantek kasu, nahiz eta Euskaltzaindiak berak orain arte behar bezalako aitortzarik ez egin. Hamasei urte ibili zen erbestean eta epe hartan 28 tokietan bizi behar izan zuen, Hendaia izanik bere sorlekura itzultzeko azken geltokia.

Euskal Herria modernoa markatu duen historia honen berri eta, bereziki, bere protagonista nagusia izan zen Txillardegiarena azalduko du “Txillardegi Herri Ekimena” elkarteko Fito Rodriguez idazleak. Txillardegiren bizitza eta obraren inguruko erakusketa bat ikusgai izanen da ere egun horretan (mintzaldia aitzin eta horren ondotik), Hendaiako Herriko Etxeko 1. solairuko aretoetan.

Mintzaldia euskaraz izanen da, eta bat-bateko itzulpena eskainiko da frantsesera. Sartzea dohainik da. Hendaiako Udalak du mintzaldi hau antolatzen, baina Korrika Kulturalaren programan sartzen da ere, euskararen aldeko ekitaldi ospetsuak Txillardegi omenduko baitu.

Martxoaren 29an: Bakean dagoena bakean utzi

Martxoaren 29an (ostirala), 20:30ean, Hendaia Euskaraz-en eta Korrika Kulturalaren karietara, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai artistek “Bakean dagoena bakean utzi” umorezko ikuskizuna aurkeztuko dute, Mendi Zolan kulturgunean.

Euskara eta generoa binomioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. “Euskahalduntze” kontzeptua protagonismo horren adierazle garbia da. Erlazio horren garrantziaz jabetuta daude gure bi protagonistak eta bikote horri hirugarren erpin bat gehitu nahi izan diote: umorea.

“Bakean dagoena bakean utzi” ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketek osatzen dute. Bertan, euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dituztelarik, betaurreko umoreak jantzita: euskalkiak, amatasuna, onomatopeiak, gorpuzkerak, euskarakadak… Bakean dagoena bakean uzteko ez daude prest!

Hendaiako AEKk antolaturik. Sartzea dohainik, toki kopuru mugatua.

Martxoaren 30ean:

Antzerkia familian eta euskaraz

Martxoaren 30ean (larunbata), 10:00etatik 12:00etara, Chimères antzerki taldeak familientzako antzerki tailerra proposatzen dizuete euskaraz, Txomin Héguy-ren eskutik, Mendi Zolan kulturgunean. 7 urtetik gorako haurrek parte hartzen ahal dute heldu batekin.

Egun horretan, talde joko eta inprobisazioetan parte hartuko duzue, pertsonaiak eta egoerak sortuko dituzue, gorputz eta ahotsarekin jolastuko zarete, espazioa beteko duzue… Ongi pasako duzue, eta zuen haurren / gurasoen beste itxura bat ezagutuko duzue, antzezlari profesional baten gidaritzapean.

Tailerra dohainik da baina toki kopuru mugatua da. Baitezpadakoa da izena ematea martxoaren 29a aitzin : – 05.59.48.30.49.

Abbadia bertsotan

Martxoaren 30ean (larunbata), 17:00etan, Hendaia Euskaraz-en karietara, bisita oso berezia proposatzen dizuegu Abbadia gazteluan. Binakako oren t’erdiko bisita horretan, Odei Barroso bertsolariak alaituko ditu gidariaren iruzkinak bertsoak botaz.

Anton Abadi Euskaldunen Aita deitua zen bere biziaren bukaeran. Lore jokoak hasi zen antolatzen Euskal Herrian eta, euskal kultura eta euskararen defendatzaile handia zen. Bere lore jokoetan, bertsu saioak antolatzen zituen, besteak beste. Hori horrela izanda, Hendaiako euskararen hilabetearen karietara, bisita berezi hau bere Jauregian antolatzea, beharrezkoa ikusten dugu.

Odei Barroso Gomila, Urruñarra, Xilaba Bertsu Txapelketan lau aldiz finalista izan da eta gaur egun bertsolaritza irakaslea da.

Toki kopurua mugatua denez, aholkatua da aitzinetik erreserbatzea: www.chateau-abbadia.fr (leiho berria) webgunean, Hendaiako Turismo Bulegoan edo telefonoz: 05.59.20.04.51 – 05.59.20.00.34. Prezioak: 10€ / 5€ (6-13 urteko haurrak).

Navigation de l’article