Hendaiako Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluaren biltzarra

Hendaian, joan den azaroaren 25ean, Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluan bildu dira Estatuko zerbitzuak, erakundeak, elkarteak, ikastetxeak, osasun arloko profesionalak eta hiriko zerbitzuak.

Sar hitzan, Hendaiako auzapezak gogorarazi du segurtasuna, bortizkerien aurkako borroka, bereizkerien prebentzioa, ezegonkortasunaren murriztea, oieskerien kudeaketa eta jende hauskorren laguntzaren alde engaiatuak diren partaide guzien arteko elkarlan hertsiaren garrantzia agerian ezarri duela 2025. urteak.

Biltzarrak gaikako bost taldeetan eramaniko lan guziak aurkezteko bidea eskaini du.

Familia barneko bortizkerien aurkako borroka

Familia barneko bortizkerien aurkako borrokari eskainiriko taldeak sentsibilizazioa, formakuntza eta laguntzaren inguruko ekintzak aitzina eramaten dituela gogorarazi du. Aurkezturiko elementuen artean izan dira bortizkeria neurgailua, ikastetxeetan eginiko esku hartzeak, lanbide-arteko formakuntzak, elkarte adituen zaintza-zerbitzuak, baita entzuteko eta ostatatzeko dispositiboak ere. “Angela” guneen sarea zabaltzea ere aipatua izan da. Arduradunek azpimarratu dute hezkuntza eta osasun arloko profesionalei zuzenduriko formakuntza saioak izan direla aurten. Halaber, elkarte-lankidetzak indartuak izan dira eta Donibane Lohizune eta Urruñako herriekin ohitura desberdinak aipatuak izan dira, batez ere Angela dispositiboari buruz eta taxiz eginiko bidaiei buruz.

Mendekotasuna sor dezaketen jokabideen aurkako borroka

Mendekotasuna sor dezaketen jokabideei eskainiriko taldeak isilpeko galdeketa baten bidez nerabeen aldean eramaniko diagnostikoaren aitzinamendua aurkezten du. Zenbait ekintza gogoraraziak izan dira, hala nola ezinegonaren seinaleak hautemateko formakuntzak, hitz egiteko gune berrien sortzea eta zenbait zaintza-zerbitzu berriz ezartzea Gazteria eta Numerikoaren sailaren eskumenean. Parte hartzaileek urraspideak hurbileko prebentzio batean sartzen direla azaldu dute behin eta berriz, erakundeak, profesionalak, familiak eta gazteak berak mobilizatuz.

Bereizkerien aurkako borroka

Bereizkerien aurkako borrokari dagokionez, aurkezturiko lanak denak berdin tratatzea bermatzeko helburu berean oinarritu dira, edozein izan dadin jatorria, sexu-orientazioa, itxura edo eskubideetarako helgarritasuna. Taldeak tokiko baliabideen eguneratzea aipatu du, partaide sare zabalago batekin, eta ikastetxeetan eginiko esku hartzeak, sentsibilizazio tailerrak, hiriko agenteei eta elkarte-partaideei proposaturiko ekintzak aurkeztu ditu, baita publiko zabalari zuzenduriko proiektuak ere, besteak beste kultura-euskarrien bitartez. Administrazio mailako laguntza eta osasun arloko profesionalengana bideratzea ere aipatuak izan dira urtean eramaniko ekintzaren atal garrantzitsu gisa.

Ezegonkortasunaren aurkako borroka

Ezegonkortasunari eta elkartasunari eskainiriko taldeak egoera zailean direnen aldeko dispositiboen egoera akta egin du. Gogoratuak izan dira hazkurri laguntza, garbitasunerako eta funtsezko beharretarako helgarritasuna, gizarte mailako laguntza, gizarteratzea sustatzen duten talde-proiektuak, karrikako hezitzaileen presentzia eta artatua izateko bidea errazten duten ekintzak. Abendu eta martxo artean hirurogeita-hemeretzi lagun aterpetu dituen neguko larrialdiko ostatatze dispositiboa ere aipatua izan da.

Lasaitasun publikoa

Lasaitasun publikoari buruzko atala eguneroko oieskeriak eta segurtasun arazoak tratatzen dituzten zerbitzuen koordinaketari buruz joan da. Hizlariek eginiko ekintzak deskribatu dituzte, eskuragarri diren tresnen erabilera, hala nola bideo bidezko babesa edo bitartekaritza, baita erakunde-partaide desberdinekin plantan ezarririko elkarlan operatiboak ere.

Biltzarra bukatzeko, lekuan berean eramaniko prebentzio eta sentsibilizazio urraspideei biziki atxikia den Mariel Garrigos errepublikako prokuradorea pozik agertu da, tokiko eragileen parte hartze azkarra ikusirik. Drogen azpiko negozioaren aurka borrokatzea eta bortizkeriak tratatzea, besteak beste familia barneko bortizkeriei eskainiriko sailaren bitartez, Baionako ministerio publikoaren bi ardatz nagusiak direla gogorarazi du. Tokika eramaniko prebentzio ekintzen garrantzia azpimarratu du. Mathieu Duhamel suprefetak Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseilua existitzen dela goretsi du, baita parte hartzen duten eragileen engaiamendua ere. Familia barneko bortizkerien arloko seinalatzeak emendatuz doazela adierazi du, libreki hitz egiteko giroarekin loturan. Gazteak sentsibilizatzeko indarrak segitu behar direla errepikatu du.

Gaur egun, azaroaren 25eko emazteen aurkako bortizkeriaren kontrako nazioarteko eguna kari, gogorarazi behar dugu Frantzian, 2025ean, ehun eta berrogeita-bederatzi ematze hil direla, ezkontideak edo ezkontide ohiak eraso eginik. Zenbaki horiek bortizkeria horien jarraikitasunaren lekuko dira eta denen zaintzaren eta biktimei ekarririko sustenguaren garrantzia agerian ezartzen dute.

 

Navigation de l’article