Hendaian, Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Batzordearen lanak baditu emaitzak!

2023ko abenduaren 21eko ostegun honetan, Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Batzordearen (SGPB-CLSPD) eragile guztiak bildu ziren osoko bilkuran. Elkar aditzeko tokiko instantzia horren eragile guztiak bertan zirela, Jérôme Bourrier Errepublikaren prokuradoreak, Fabrice Rosay Baionako suprefetak eta Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak segurtasun ezaren aurka eta gaizkintzari aurrea hartzeko eginiko lanaren emaitza onak goraipatu zituzten.

Emakumezkoei edota senideartean egin indarkerien aurkako borrokan eta prebentzioan (SGPB-1. ardatza), indartua izan da Hendaiako Herriaren eta Emakumezkoen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroaren (C.I.D.F.F.) arteko partzuergoa, komunikazio ekintza anitz egin da eta berritu da larrialdietarako ostatatze leku baten alokatzea babesa eman eta laguntzen aritzen den Atherbea elkartearekin.

Suprefetaren hitzak

Mendekotasuna sortzen duten jokabideen prebentzioan eta haien aurkako borrokan (SGPB-2. ardatza), Gurutze Gorria, Planèt’ Ecole elkartea, Denentzat gizarte zentroa eta Sokorri Katolikoa ikastetxeetan aritzen dira «herritar ibilbidea» deiturikoaren bitartez gazteei informazioa eman eta beren elkarteak aurkezteko eta ikasleak urririkako laguntzara lot daitezen sustatzeko.

Lasaitasun publikoa (SGPB-3. ardatza) lehentasuna zaio Hendaiako Udalari eta horretarako behar zituenak sortu ditu eta jadanik 7 udaltzain eta zerbitzuburu bat ditu. Udaltzaingoaren eta nazio poliziaren arteko hitzarmena berritzeak eta 2023ko ekainean ireki genituen lokal berrien partekatzeak laguntzen dute bi polizia taldeen arteko elkarlana eta herritarrei herri barnean zerbitzu hobea emateko aukera ematen diete.

Prokuradorearen hitzak

Hendaian, elkartasuna funtsezko balorea dugu. Halatan, gizarte laguntzaren alorrean (SGPB-4. ardatza), udalak behartsuenen aldeko jardunean darrai Gizarte Ekintzarako Udal Zentroaren (GEUZ-CCAS) lantaldeek egin lan bikainari esker. Egin bidean dugun Intzura auzoan Larrialdietarako Ostatatzeen Neguko Baliabidea iraunkor egin eta garatzea horren adibide ederra da.

Azkenik, bereizkerien aurkako borrokaren alorrean (GPB-5. ardatza), hainbat jardun egin da elkarteekin elkarlanean jende oro ohartarazteko eta gizarte lotura hobetzeko xedez.

«2024an, elkar aditze eta iritzi trukatze lan horrekin dihardugu Segurtasunerako eta Gaizkintzaren Prebentziorako Tokiko Batzordean (SGPTB-CLPSD), zeren prebentzioaren eta segurtasunaren alorrean, gai orotan bezala, ez baikara itxuratan eta liluratan ari, baizik eta hendaiarren egunerokoa hobetzeko jardunean eta aterabideen etengabeko xerkan» erran du Kotte Ecenarro auzapezak.

Navigation de l’article