Astelehen honetan, 2025eko apirilaren 28an, Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariordeak, Chantal Kehrig-Cottençon, hirigintzaren, lanen eta hiri antolaketen ardura duen auzapezordeak, Joëlle Gras, Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren idazkariorde nagusiak, Fabien Tremouille, ENGIE Solutions enpresaren Bâtiments Aquitaine Sud sailaren eskualde zuzendariak, eta Albert Perez, ENGIE Solutions enpresaren Hego-mendebaldeko lurralde zuzendariak ofizialdu dute biomasako bero sarearen lanei ekitea, lehen harria kokatuz.
Iragan martxoaren 6an, biomasako etorkizuneko bero sare baten sortu eta ustiatzeko sei urterako kontratu batetan engaiatzea sinatzearen ondorioz, instalazio horrek hainbat hornikuntza publiko elikatuko ditu tokiko energia iraunkorrarekin 2025eko udazkenetik goiti; horrela, urtero 248 tona CO2 gutxiago isuriko dira. Mix energetikoa berdetuz, biomasa zati handi batekin, Hendaiak energia berriztagarrien garapenaren alde duen engaiamendua baieztatzen du.
Tokiko energia lehiakorra
Bero sareak 667 metro ditu eta bero berriztagarria banatuko die Irandatz auzoko honako lau abonatu nagusi hauei:
- Irandatz kolegioa
- Irandatz gimnasioa
- Udal igerilekua
- Irandatz Ikastola
Lehen harriaren kokatze hori martxoaren 24an abian emaniko aurreikuspen plangintzari loturik da, data hartan hasi baitziren lanak. 2025eko udazkenean hasiko da zerbitzu ematen.
Proiektua gauzatzeko, ENGIE Solutions enpresa honako lau enpresa hauek osatzen duten elkargoaren ordezkaria da: CETAB azterketa bulegoa, 5Cinq Architecture, Neo Réseaux (lurpeko sareak) eta Etchart Construction (obra larria, egitura).
Inbestimendu osoaren kopurua 2185 milioi eurokoa da eta sarearen xedea hiri berokuntza sistemaren kostua epe luzera segurtatzea eta energia fosilen prezioen gorabeheren gaineko mendekotasuna murriztea da. Proiektuak ADEME eta FEDER erakundeen sostengua du eta Euskal Hirigune Elkargoak diruztatzen du ere.
Oraingo energia sistemaren ordez baliabide berriztagarria erabiliz, Hendaiak urtero 248 tona CO₂ gutxiago isuriko ditu bere eraikinei dagokienean, hau da, ibilgailu termikoan 1,3 milioi kilometro baino gehiago ibiltzearen heina.
Tokiko ekonomia sostengatzen duen hornidura iraunkorra
Sutegia Irandatz auzoan kokatuko da, hornituko dituen eraikinetatik hurbil, eta sarea %90ean berriztagarria den energiaz elikatuko du. Bi biomasa galdara ukanen ditu, bakoitza 230 kW indarrekoa, bero beharren gehien-gehiena beteko dutenak, eta gas naturaleko beste bi galdara, osagarri eta laguntza izateko muturreko kontsumoko egoeretan edo ezohiko beharrak badira.
Biomasa erabiliz tokiko egur adarra sostengatzen hartuko dugu parte, 30 kilometroko inguruko oihanetan hornituz.
Ingurumenean egokitua
Ingurumenean harmoniatsuki egokitzeko pentsatua da biomasa sutegi berria eta inguruneko topografia baliatzen du, 4 metro gora den pentoka baten gibelean gorderik izanen baita; horrela, ikustearen eragina murritzagoa izanen da. Teilatua ere egokitzeko logikari jarriakiz pentsatu da eta guztiz landareztatua izanen da.
Kebideak, herdoilezin karrakatuzkoak, paisaiara hobe egokitzeko, inguruko zuhaitzek ezkutatuko dituzte zati batean. Horien kokagunea, goratasuna eta diametroa arta handiz kalkulatu dira auzokoei batere kalterik eginen ez zaiela bermatzeko.
Keak eta hautsak iragazteko gailua ukanen du sutegiak eta errautsak zakutzarretan bil eta aterako dira. Araudi zorrotzak kontrolatzen du hori guztia eta erregularki egiten dira kontrolak. Sutegirako sarrera hetsirik izanen da ondoan diren ikastetxeen segurtasuna bete-betean bermatzeko.
Erranikoak
«Ekonomia testuinguru gogorrean, asmo handiko proiektu honek bete-betean erakusten du ekologia trantsizioa eta energia burujabetza bateratzeko dugun asmo politikoa. Estatuaren, ADEME agentziaren, FEDER europar funtsaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren laguntza erabakigarriari esker, gure lurralderako energia eredu iraunkor eta erresiliente baten oinarriak ezartzen ditugu elkarrekin. Inbestimendu estrategiko honek, gure eraikin publikoen karbono aztarna erruz murrizteaz gain, aukera ematen digu ere, epe luzera, gure kolektibitatearen energia gastuen kontrola bermatzeko. Urte bukaeratik goiti, egunerokoan funtsezkoak zaizkigun lekuak — igerilekua, kolegioa, gimnasioa eta ikastola — tokiko bero berriztagarri eta lehiakorraz elikatuak izanen dira. Horrek argi uzten du hartu diren engaiamenduek ekarpen zehatzean gauzatzen direla biztanleen eta hurrengo belaunaldien zerbitzura» dio Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapez eta Elkargoaren lehendakariordeak.
Chantal Kehrig-Cottençon, Hirigintza, Lanak, Hiri Antolaketak eta Mugikortasun Berriak bere ardurapean duen lehen auzapezordeak du dosierra bere gain, «Egiten ari garen igerileku berria elikatzeko bero sare bat hautatu dugu, antzeko beste proiektuak eta dituzten emaitzak zorrozki aztertu ondoren. Hautu hori ez da ustekabean hartua: Hendaia etorkizun iraunkorragora, berritzailegora eramateko dugun nahiari dagokio.
Ekologia trantsizioaren eta energia soiltasunaren alde daramagun politikaren harira, aterabide hori agertu zaigu aldi berean zehatz eta eredugarri. Gure energia iturriak anizteko eta ingurumenaren gaineko gure eragina murrizteko aukera emanen digu, gure eraikin publikoak xuhurragoak eta biharko energia jokagaien aitzinean erresilienteagoak bilakatzearekin batera».
«Harrobide zaigu Hendaiako Herriarekin elkarlanean aritzea bero sare berritzaile hau plantan ematen. Gure gaitasunari eta gure partzuerren engaiamenduari esker, tokiko energia lehiakor eta karbonogabetua eskaintzen dugu. Proiektu eredugarri hau ADEME agentziak eta FEDER europar funtsak sostengatzen dute, bai eta Euskal Hirigune Elkargoak ere, eta aldi garrantzitsua da eskualdearen energia trantsizioaren bidean. Baliabide berriztagarriak erabiliz, CO2 isurketak murrizten laguntzen dugu, bai eta tokiko ekonomia sostengatzen, epe luzera hiri berokuntzaren kostuak egonkortzeaz bat. ENGIE Solutions lantaldeek beren gaitasunak erabiliko dituzte tokiko energia lehiakor eta karbonogetua eskaintzeko; horrek erakusten du Hendaiako Herria engaiaturik dela bere herrian energia trantsizioaren alde» dio Albert Perez, ENGIE Solutions enpresaren Hego-mendebaldeko lurraldeko zuzendariak.
«Herriaren eta proiektuaren partzuer guztien engaiamendua goretsi nahi dut. Ekintza honek erakusten du ekologia trantsizioa egin litekeela toki mailan; berrikuntza, lankidetza eta aitzinamendu ekintza da. Estatuak gure mix energetikoa karbonogetzeko Hainbaturteko Energia Programan bete-betean kokaturiko proiektua dugu hau, honako hiri helburu hauek baitu programa horrek: energia trantsizioa lasterrago egitea, gure baliabideak balioan ematea, eta baserrialdeetako ekonomia sostengatzea, bai eta gure oihanak zaintzea, osasuntsu izan daitezen» azaldu du Joëlle Gras, Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren idazkariorde nagusiak
Diruztapenean partaide
Herriak honako hauen diruztapenak eskuratu ditu:
- ADEME: 613 260 €
- EHE: 125 373 €
Herriak eskaria egin die honako hauei:
- Estatuari (DETR/DSIL) 445 770 €
- Europari 445 770 €
- HENDAIAKO HERRIAK honako kopuru hau ematen du proiekturako: 598 678 €
Gako kopuruak
- 667 metro duen sarea
- 280 tona tokiko egur balioan emanik urtero
- 248 tona CO2 ez igorriak urtero
- % 90 energia berriztagarria