Joanes Zuhigaraitxipi sorterrira itzuli da

Hiriak apirilaren 18an, “Coursic” edo “Croisic” ezizenez ezagutu kortsarioaren omenez plaza bat inauguratu du Portu Zaharrean.

Berritze lanetan 6 hilabete eman ondoren, hala biztanleek nola turistek Txingudi badiaren eta Hondarribiaren gainean eskaintzen duen ikusmira zabalarengatik gustuko duten Hendaiako leku enblematiko horrek historiari hertsiki loturik den behatoki helgarri, inklusibo, eroso eta segurtatua eskaintzen digu. Plazak, bere izenaren bitartez, frantsesez Coursic edo Croisic, euskaraz Kortsario Txiki izenaz ere ezagun den Joanes Zuhigaraitxipi hendaiar kortsarioaren izena ohoratzen du.

Proiektuaren ideia «Freskura gune» bat kokatzea zen terrazen inguruan eta lehendik hor ziren barandez (azkartzeak eta estaldura Frantziako Eraikinen iritziari jarraikiz atxiki ditugu) bereiziriko eskaleren inguruan, ipar-mendebalde eta hego-ekialdean, ikusgarri gerta daitezen aldi berean hala urrunetik nola Portu karrikatik. Zuhaitzek eta zuhaixkek itzala eman eta landareen presentzia areagotuko dute erdiko ikusmira baten inguruan. Gisa berean, landare txikiak kokatuko dira baranden luzeran dauden zuhaitzetaraino. Antolaketa hori Errepublika plazarako aurreikusiak direnekin koherentzian izateko egin da.

Antolaketaren gastua 279 318 € ZB  da eta Estatuaren (DSIL) eta Euskal Hirigune Elkargoaren dirulaguntzak jaso ditu. Herri barneko proiektuak dituen lan handietan bururaturiko bigarrena da.

Zenbait kopuru

  • 250m² Larrungo harrobietako harri
  • 180m² betoi desaktibatu
  • 70m² berdegune landaturik
  • bizkardun 9 banku LED argitan gibeletik argiztatuak
  • LED argidun mailak
  • Bunkerraren kokalekuz eta motaz azalpenak emateko taula 1 (1944ko martxo-uztail artean eraiki zen)
  • Lehendik dauden zuhaitzak atxiki eta Errepublika plazatik bi zuhaitz gazte aldatzea
  • Panoramika 1 (egilea: Bertrand Linne)
  • Oroitarri 1

Plaka batek bere historia kontatzen du eta, Ternuan ehortzita dagoen lekutik Axel Brûckerrek ekarritako lur apur bat berdeguneetako batean zabaldu dute.

Portu plazaren historia

Herri barnearen goietan eder-eder kokaturik, Kaneta portuko plaza zaindari isil baten gisa altxatzen da eta Bidasoaren, Txingudi badiaren eta Hondarribia burgu harresituaren gaineko ikusmira bikaina eskaintzen du. Gaur egungo edertasunaren gibelean historia jori eta zoragarria gordetzen da.

Jatorrian

Plaza horren historia Portu Zaharrarenera da loturik eta behiala portu plaza izenaz zen ezagun. Hastapenean muino natural bat besterik ez zen, nora biztanleak eguzkia sartzen ikustera edota mugan gertatzen zirenak ikustera etortzen baitziren. Haatik, biztanleek berehala ikusi zuten aukera ematen zuela trukegune bat, pasagune bat eta behatoki bat sortzeko Bidasoaren eta Espainia aldearen gainera.

Kaneta portuaren plaza 1906an azaltzen duen posta txartela

Kanetako portu zaharraren historiari buruzko artxiboak galdu ziren 1793 eta 1813ko inbasioen karietara, eta, hartara, ez da garai horren gaineko dokumenturik. Haatik, badakigu 1865etik goiti emendatu zela Hondarribira joan nahi zuten turisten jarioa. Halatan, bada, antolaketa xume zerbait egin ziren haien beharrei erantzun eta arrantzaleei ere laguntzeko.

Portuaren plaza, XIX. mendean, hesi batez inguraturik zen sostengu horma batekin sendotu zuten. (1890eko azaroan, euri zurrupiten ondorioz, horma badiara erori zen eta lurkatze lur zenbait eta hesia eraman zituen berekin).

1886tik goiti, arrantzaleek sardina arrantzari ekin zioten, inguruan nasaiki zelarik. Harrezkero, jardun bizi-bizia garatu zen Kanetako portu zaharrean. Horren ondorioz, 1892an, herri kontseiluak merkaturako ontziralekua handitzea erabaki zuen.  

Bigarren mundu gerlaren lekukoa

Plaza historia markatu zuten gertakari anitzen lekuko izan zen ere. Bada Bigarren Mundu Gerlaren hondakin bat, gurdien aurkako bunker bat, Regelbau R680, Schartenstand für 7,5 cm PaK 40, 1944ko uztailean bururatu zutena.  

Kanetako bunkerraren barnealdearen argazkia ©BEMALPA

1960. urteen hondarrean, antolaketa lanak egin ziren Kaneta portuan eta plazan, orain ezagutzen dugun itxura emanez.

Portu zaharra auzoa

Herri barnearen behere aldean kokaturik, Kaneta auzoak harresien hondakinak ditu oraindik, Hondarribirantz, Espainia aldera, zuzenduriko hiru kanoiekin beti. Badira 2011z geroztik Monumentu Historiko gisa zerrendaturiko bi etxe. Lehena, Bakhar Etchea, Pierre Loti idazlearen bizileku izan zen; bigarrena, Etxe Moriskoa, arkitektura berezikoa da.

Zuhigaraitxipi kortsarioa ohoraturik

Euskaraz Kortsario Txikia deitua, frantsesez Coursic edo Croisic, egiazko izenez Joanes Zuhigaraitxipi, 1643an sortua, Hendaiar jatorriko euskal kortsarioa zen. XVII. mendean bizitu zen, eta garai hartan kortsarioek gobernuaren baimena zuten etsaien ontziak erasotzeko, gatazka eta gerlen harira.

Zuhigaraitxipi kortsario gisa eginiko balentriengatik bihurtu zen ospetsu; itsaso Atlantikoaren uretan aritzen zen nagusiki. Espainiar ontzien aurkako erasoak egin zituen eta arerio lazgarria izan zen etsaien ontzidientzat. Erabiltzen zituen taktika ausartek eta itsasoen aditu ezagutzak ekarri zioten nagusiki ospea. Zuen kuraiarengatik eta temarengatik zen ezagun, bai eta ur arriskutsuetan abilki nabigatzeko gaitasunarengatik.

1693an, Spitzberg uhartera igorri zuten, Groenlandiako itsasora eta garaipen nabarmena ukan zuen holandar ontzidiaren gainean, ontzi guztiak suntsitu baitzituen Hartzen badian. Ternuara igorri zuten ingelesen arrantza instalazioei eraso ziezaien eta sasoi hondarrean frantziar goleten itzulera babes zezan; L’Aigle deitu baionar fragatan, ingeles ontzidia pausaturik zen Florillon badian sartzera ausartu zen. Ondikoz, guduak hondamendia ekarri zion fregatak hondoa jo baitzuen eta kortsario txipia herioz zauritua izan baitzen 1694. urtean, Ternua pareko itsas zabalean egin borroka hartan.
Plaisance-eko hilerri txikian lurperatu zuten eta haren hilarria da Ternuako eskualde horretan frantziar presentziaren lekuko diren euskal hilobi oso-oso zaharren arteko ezagunenetako bat. Halere, Plaisance ingelesen mendera pasatzearekin, elizatxoa anglikano bihurtu zen eta, denboraren joanarekin, hilarri zahar katolikoak desagertu ziren. Zuhigaraitxipiren hilobi zaharraren zenbait puska berreskuratu eta gorde dira halere. Axel Brücker Ternuara joan zen eta hendaiar kortsarioa datzan leku zehatza atzeman zuen bertan. Euskal koloredun hiru xingoletan bil lore bat kokatu eta lurra bildu zuen.

Halatan, bada, kortsario horren oroitzapenean, inauguratu berri dugun plazatxo horretan, plaka batek gogoratzen digu haren historia eta laster haren azken egoitzatik ekarri lur poxi bat emanen dugu beraren izeneko plazaren berdeguneetako batean. Horren osagarri, Kanetako auzokoen Elkartearekin adosturik, aingura bat koka eta argiztatzeko asmoa dugu plazaren horman.

Plaisance-ko hilerri zaharra, non Zuhigaraitxipi datzan ©Axel Brücker

Navigation de l’article