Kirola enplegurako bidea bihurtzen delarik

Joan den irailaren 15ean, asteartea, Ondarraitz estadioa kontratazio eremu bihurtu da. France Travail agentziak eta bere partaideek “Kirol zelaitik Mugaz Gaindiko Enplegurantz” ekitaldia antolatu dute, enplegu eskatzaileak eta enplegatzaileak beste bide batez harremanetan ezartzeko eguna.

Hendaian, enplegua Bidasoaren beste aldera ere zabaltzen da. Hendaiako Errugbi taldea, Tokiko Misioa, Cap Emploi erakundea, Lanbide, Bidasoa Activa, Nafar Lansare eta Akitania-Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdearekin elkarlanean, France Travail agentziak lan sail desberdinetako hamar bat enpresa eta 80 enplegu eskatzaile baino gehiago bildu ditu, kirola eta mugaz gaindiko lankidetzaren lelopean antolaturiko egunean parte har dezaten.

Estadioa bulegoa baino

Eguna hasteko, enplegatzaileak eta hautagaiak egintzaren bitartez elkar ezagutzera gomitatuak izan dira. Taldetan eta anonimoki nahasirik, denei helgarriak ziren kiroletan eta jarduera jostagarrietan parte hartu dute. Helburua ez zen irabazle bat izatea baizik eta parte hartzaileei beren nortasuna eta gaitasunak agertzeko bidea eskaintzea, ohiz kanpoko egoera batean.

“Hemen curriculumik ez mahai gainean, ez eta elkarrizketarik bulego baten gibelean. Kirola beste bide batez elkar ezagutzeko, nortasunak agertzeko eta elkarrizketa arrunt batean ageri ez diren gaitasunak argitan ezartzeko bidea bihurtzen da” azpimarratu du Kotte Ecenarro auzapezak, kontratazioaren usaiako oztopoak kentzeko bide hori biziki interesgarria iruditzen zaiola zehaztuz.

Lekuan berean, enplegatzaileek curriculum batean nekez neur daitezkeen gaitasunak behatzeko aukera izan dute: taldean aritzeko, entzuteko, komunikatzeko, egokitzeko, iniziatiba hartzeko, aitzina jarraitzeko edota indarrak eta ezusteak kudeatzeko gaitasunak, hots lanbide munduan, nabarmen daitezkeen giza-kalitateak.

Kirol goizaren ondotik, bazkaltzeko ordua izan da, lagun arteko giroan, araurik gabeko trukaketak lagun. 13:30ean, anonimotasuna kendua izan da. Arratsaldea job dating saioari eskainia izan da, enpresa eta hautagaien arteko banakako elkarrizketekin.

Enplegua ez da mugan gelditzen

Formatuaren berezitasunaz gain, egunak xede berezia zeraman: Bidasoaren bi aldeen arteko lokarriak azkartzea.

Hegoaldetik zenbait kilometrotara Hendaiak duen kokapen geografikoagatik, mugaz gaindikotasuna eguneroko errealitate bat da. Iparraldeko eta Hegoaldeko partaideen presentziak enplegu eskatzaileei aukerak zabaltzeko eta enpresei enplegu eremuan baliagarri diren gaitasunengandik hurbiltzeko bidea eskaini die, muga administrazioaz haratago.

“Kirol zelaitik Mugaz Gaindiko Enplegurantz” ekitaldiarekin, kontratatzeak itxuraz aldatzen du, baita egin-moldez ere. Kirola behaketa eta topaketa tresna eginez, ekimenak CV baten irakurketa soila gainditzeko xedea du, nortasuna eta gaitasun baliagarriak agerian ezartzeko.

Navigation de l’article