Herriko Etxeak “Korrespondentzia Oneko Tratatuen pasabidea” izena eman dio Setio eta Kortsarioen karriken artean kokaturiko bidexka bati, Intzura auzoan.
Izen berria 2026ko urtarril hastapenean estreinatua izan da, tokiko historia ikertzen duen Agora Txingudi eta itsas ondarea babesten duen Endaika elkarteen ekimenez.
Plaka bat aurkezteaz gain, transmisioa eta oroimen kolektiboa ospatzeko aukera izan da. Euskal Herriko hiru itsas probintzientzat itsasoa abentura, trukaketa eta joritasun eremua izan zen garaia gogorarazi du. Bizkaia eta Gipuzkoa Venezuelara, Antilletara eta Hego Amerikara itzuliak zirelarik, Lapurdik bakailaoaren arrantza hobesten zuen Grand Banken eta Kanadako Louisbourg hiria egiazko Eldorado gisa ikusten zuen. Bertan jarri ziren hendaiar ugari. Lurralde horiek korsuan, itsasturietan, ontzioletan eta elkartasunean oinarrituriko itsas kultura bera partekatzen zuten.
Testuinguru hartan sortu ziren Korrespondentzia Oneko Tratatuak, itsasoko ondare ukigarri eta ukiezin baten elementu nagusi gisa. Zenbait hitzarmen izenpetuak izan ziren denbora joan ahala, azken biak 1675ean eta 1694an, Bidasoa erdian, Faisaien uhartean. Paradoxikoki, garai hartako gatazka etengabeek eta kortsariotza handiak zieten testu horiei garrantzia eman. Hastapenean, hirien arteko eta gero probintzien arteko merkataritza hitzarmen soilak bezala pentsatuak izan ziren. Maiz berrituak eta indartuak izan ziren gatazka berriak agertu arau, usaian errege-botereek baizik ez zituzten garrantzia eta formalismoa ukan arte.
Egiazko bake eremu bat finkatzea
Gutun horiek, besteak beste, amnistiak aurreikusten zituzten lurrean eta itsasoan, baita Castro Urdiales eta Bokale Zaharra hirien artean kokaturiko aplikazio lurralde-eremu bat finkatzea, Baionan, Donostian eta Bilbon emaniko pasaporteak finkatzea kortsariotza murrizteko, eta lau legoako (22 km) zergarik gabeko eremu bat sortzea ere Frantzia eta Espainiako zamaontzientzat. Egiazko bake eremua sortu zuten gerla eremu baten erdian, bizirautea ahalbidetuz, baita eskualdeko itsas merkataritzaren garapena ere, elkarrekikotasuna, zuzenbidea eta korrespondentzia onean oinarrituz.
Eguraldi txarragatik ere, urtarril hastapeneko ospakizunak publiko zabala bildu du, baita Donostiako Euskal Itsas Museoa, Pasaiako Albaola, Ziburuko Itsas Begia, Donibane Lohizuneko Kortsarioen kofradia, CPIE eta Oroitzapenen Hiriko ordezkariak ere, denek euskal itsas ondarea balioan ezartzean parte hartzen dutelarik. Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak eta Igor Enparan Hondarribiko auzapezak ospakizuna lagundu dute, elkarte antolatzaileen ondoan.
Topaketa Intzurako herriko gelan luzatu da. Historialariek eta ondare arloko eragileek gure arbasoak garaiko botere zentralek onetsiriko hitzarmen bereziak sortzera eta aplikatzera eraman zituzten zergatiak aurkeztu dituzte. Jarraipen sinboliko gisa, legezko baliorik gabeko Korrespondentzia Oneko tratatu bat izenpetu dute auzapezek eta elkarteek, itsas ondarea balioan ezartzeko gogoeta bat pizteko asmoz.
Agora Txingudi elkartekideek antolaturiko lagunarteko giroan, trukaketa ugari izan dira. Zenbait hausnarketa bide aipatuak izan dira: Hondarribia eta Hendaiako artxiboak konparatzea, Intzura Hendaiari esleitzera eramanen zuen Ré uharteko operazioaren 400. urteburua gogoratzea, edota San Juan itsasontzia Louisbourgen ikusteko gogoa etorkizuneko zeharkaldi baten karietara.
Estreinaldia, oroz gainetik, denek daramaten xede bera berresteko aukera izan da: itsas ondare arloko eragileen arteko trukaketak, lankidetza eta elkartasuna azkartzea, Korrespondentzia Oneko Tratatuaren izpiritu berean, elkarrizketa eta zuzenbidea hobetsiz, indarra baino.