Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu den 24. Korrika Hendaiatik martxoaren 25eko goizean pasako da, Bilbon 29an bukatu aitzin.
1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen KORRIKA antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da.
Bere euskararen aldeko engaiamenduaren baitan, Hendaiako Herriak urte anitz darama AEK eta helduen alfabetatzea laguntzen. Hori dela eta, oso naturalki laguntzen du Korrika.
Ibilbidea
Korrika Pausuko bidetik sartuko da Hendaiara. Ondotik, Hapetenea, Raphaël Lassallette, Xurienea, Tunelgo, Zubiko, Elizako eta Askatasunaren karrikak hartuko ditu, De Gaulle etorbidean bukatzeko, Irunera Santiago zubitik sartu aitzin.
Hona hemen kilometroen abiapuntuak, eta lekukoa eramanen dutenak:
- Km 1557 – 04:34 > Urruñatik Hendaiarako bidean, sagarnotegi ohia eta gero, etxe hesi urdindunaren aitzinean: Hendaiakoop / Mintzaian / Hendaiako Gaztetxea
- Km 1558 – 04:40 > Pausuko bidean, Postetxearen pareko autobus geltokian: Lehena Surf / Endaiarrak
- Km 1559 – 04:46 > Hapetenea karrikaren goiko aldean, Villa Concha-ko biribilgunea aitzin: Sokoa EKS / Hendaiako Ikastola
- Km 1560 – 04:52 > Aizpurdi karrikan, Tunelgo karrikara sartu aitzin, ateka urdin argiaren aitzinean: Hendaiako Herriko Etxea / Baleak
- Km 1561 – 04:56 > Herriko Etxe hertzean: Udaleku / Akelarre
- Km 1562 – 05:01 > De Gaulle etorbidean, AXA-ren parean: Axut / Antxeta Irratia / AEK
Korrika Txiki
Gure ttipiek ere Korrika egiten dute! Aurten, Korrika Txiki martxoaren 27an iraganen da, eta Hendaiako eskola ia guztiek parte hartuko dute. Goizeko 10:00etan abiatuko da igerilekuko aparkalekutik, Aizpurdi lizeoan geltokirantz joanen da, eta ondotik Gaztelu Zahar pilotalekura joanen da. Hiri-barnean itzuli txiki bat egin ondoren, Gaztelu Aretoko zabaldegian bukatu du 10:30ak aldera. Hor haurrek dantza eginen dute, eta ongi merezitako krakada gozatu. Ez duda eta joan zaitezte gure korrikalari ttipiak txalotzera!
Martxoaren 27ko animazioak
Eguna besta giroan bukatzeko, Mintzaian elkarteak animazio programa prestatu dizue martxoaren 27an, 17:00etatik 20:00etara, Errepublika plazan. Bertan, haurrentzako bixkotxak eta txokolate beroa, puzgarriak, jokoak, aurpegi margoketa, mutxikoak eta kantuak izanen dira, ahantzi gabe Imanol Espinazo aktorearen Dortoka Irratia. Eguna ederki bukatzeko, Tapia eta Leturiaren kontzertua izanen duzue Gaztelu Aretoan!
Gonbidatzen zaituztegu Euskararen Festa handi horretan parte hartzera eta Korrika laguntzera, bizkarrekoak erosiz, korrika eginez, eta antolatzen diren ekitaldietara hurbilduz!