Zenbait egunen buruan, Beltzenea eta Xurienea hilerrietako bidexkak usain goxoz eta kolorez beztituko dira. Omiasaindu hurbiltzen zaigu eta urtero bezala familiak beren hurbilekoen oroimena lorez apaintzera etorriko dira, oroitzapen puska bat utziz hilobi gainean.
Horretarako, Claude Michelena usaian baino adiago ere egoten da dena prest izan dadin. Joan den irailaren 1ean hasi den hiriko hilerrizain berriak, isila baina beti erne, bildutasun leku horietako zoko guziak ezagutzen ditu jadanik. Bere eremua hektarea bat eta erditan zabaltzen da Xurienean eta 5 000 m2tan Beltzenean.
Lore fresko eta harri zaharren artean, lasaitasun publikoa, artatzea, hobiratzeen ibilera ona baita familien eta profesionalen harrera ere segurtatzen ditu. Bere bulegoa, Xurienea hilerrian kokatua, beharrez edo lasaitasun beharretan sartzen direnak entzuteko lekua bilakatu da.
Haatik, “hilerria eta hilobiak errespetatzea” garrantzitsua dela gogorarazi nahi du. “Ez da zerbitzu libre bat” dio ahots ezti baina irmo batez, oroimena eta bizidunak mintzen dituzten oieskeria batzuk aipatuz, landareak ebastea adibidez.
Denei irekiak zaizkien bildutasun tokiak
Hendaiako bi hilerriak egunero irekiak dira, ordutegi honen arabera:
- Apirilaren 1etik urriaren 31ra, 8:30 – 18:00
- Azaroaren 1etik martxoaren 31ra, 8:30 – 17:00
Lehen, ibilgailuak arrunt debekatuak ziren hilobiak ez andeatzeko. Baina Claude iritsi denetik, neurri berri bat plantan ezarria izan da: astean bi arratsaldez, astearte eta ostegunetan, 13:30etik 17:00etara, ibilgailuz etor daiteke Henri Barbusse karrikatik soilik. Adinekoei edo ahalmen urrikoei sarbidea errazteko harturiko erabakia, lekuaren lasaitasuna beti zainduz.
Ezagutu behar diren urraspideak
Claude Michelenarekin harremanetan sar zaitezke 06 70 16 04 96 zenbakira deituz. Haatik, hilobi kontzesioak erosteko edo berritzeko, heriotza bat deklaratzeko edo honen agiria eskuratzeko, herriko etxera joan behar da, beherean, Herritarrak sailarengana. Argibideak 05 59 48 23 23 zenbakira edo helbidera.
Hilerrietako obrek arau zehatzak bete behar dituzte: ezin da esku hartu larunbatetan, igandetan eta besta egunetan, ez eta Omiasainduko bestetan ere (zazpi egun lehenago eta hiru egun berantago), lekuen lasaitasuna segurtatzeko bildutasun une horietan.
Xurienea, hautsen oroimenerako gune bat
Xurienea hilerrian hauts-kutxendako gune bat ere bada, hiriko zerbitzu teknikoek berrantolaturik. Oroitzapen-baratze horrek hilen hautsak aterpetzen ditu, kutxetan, hauts-hilobietan, edota Euskal Herriko haize goxoaren esku utziak.
Izadia eta oroimenaren artean
2022ko uztailaren 1etik goiti, produktu fitosanitariorik ez da gehiago erabiltzen hilerrietan. Noiztenka belarra hazten da bidexken artetik, izadiak hemen ere bere lekua berriz hartzen duela gogoratuz. Zero fito urraspidearekin bat datorren erabaki horrek osasuna, bioaniztasuna eta ingurumena zaintzea du xede. Gaur egun hilerri bat zaintzeari behako berri bat eskaintzeko eskatzen du, bihotz onekoa: helburua ez da hainbeste polit-polit uztea, baizik eta bizirik atxikitzea – bizi lasai, errespetutsu eta isil batez.