Azken herriko kontseiluan, hautetsiek parte hartze herritarraren dispositiboa gauzatzearen alde bozkatu dute, estatuak ezarririk eta polizia nazionalak gidaturik.
Ekimen hori prebentzio eta elkartasun tresna bat da, estatuak lasaitasun publikoa hobetzeko eta gure lurraldeetako segurtasuna indartzeko plantan ezarri duen estrategiaren ildotik doana. Bakoitzaren zaintzan eta parte hartzean oinarritzen da, segurtasun indarrekin lotura hertsian, denentzat bizi ingurumen seguruago bat sortzeko xedez.
Gure hirian, dispositiboa bizpahiru eskualdetan esperimentatua izanen da. Hauek polizia nazionalari aurkezturiko gaizkintzaren estatistiken arabera hautatuak izanen dira.
Eskualde hauetan polizia nazionalak proposatuko dituen herritar erreferenteek funtsezko eginkizuna beteko dute parte hartze herritar horren gauzatzean eta biztanleak eta segurtasun indarren arteko loturan.
Zer da parte hartze herritarra?
Dispositibo hau Frantzia mailako gaizkintzaren prebentziorako programa bat da, biztanleak elkartasun- eta begirantza-jarrera hartzera akuilatzen dituena. Ez du segurtasun indarrak ordezkatzea helburu, baizik eta auzoen arteko lotura sendotzea bizi ingurumen zaindu eta seguru batean.
Eremu publikoko gaizkintzaren aurka borrokatzea du xede nagusi, gure auzotegietako bizi kalitateari eragin diezaiokeelarik. Prebentzio-arau hori soila da: informazio gehiago dituzten herritar zaintzaileek jokabide kriminalak aitzintzean eta tokiko elkartasuna birsortzean parte hartzen dute.
Dispositiboak agintarien aldean jadanik dauden seinalatze urraspideak osatzen ditu.
Zergatik dispositibo hau jadanik polizia deitzen ahal dudalarik?
Parte hartze herritarraren dispositiboak ez du eskubide berri bat sortzen – herritar orok polizia dei dezake – baina zaintza natural hori egituratzen eta optimizatzen du. Polizia nazionalak emaniko formakuntzak herritar erreferenteei seinalatzea merezi duten egoerak ezagutzeko eta argibide baliagarriak eraginkorki helarazteko bidea emanen die, haien ekintzaren mugak ulertaraziz.
Horri eskainiriko komunikazio bide batek abisuak larrialdi deien artean galtzeko arriskua baztertzen du eta iturria identifikatzeko bidea segurtatzen du. Are garrantzitsuago ere, dispositiboak zalantzak baztertzen ditu, herritarrak maiz segurtasun indarrak deitzetik trabatzen dituztelarik “alferrik nardatzeko” beldurrez: zaintza hori ofizialki bidezko egiten du.
Ikuspuntu operatiboaren aldetik, segurtasun indarrek eskualde bakoitzeko herritar erreferenteak ezagutzen dituzte. Horrek haien erreaktibotasuna hobetzen du eta lurraldeko gaizkintza gertakarien ikuspegi orokorra eskaintzen die. Auzokide zaintzaileen sare antolatuak efektu eragozgarria ere sortzen du, bakarkako zaintza bakartu batek baino gehiago, dispositiboaren ageriko seinalatzeak indarturik.
Hau da norbere oldez aritzea eta metodo bati jarraikitzearen arteko desberdintasuna: bakoitzak seinala badezake ere, dispositibo antolatua, formatua eta koordenatua beti eraginkorragoa izanen da gure lurraldea babesteko.
Lankidetza orekatua
Polizia nazionala
Polizia nazionalak kudeatzeko eta gainbegiratzeko funtsezko eginkizuna betetzen du. Herritar erreferenteak formatzen ditu, ohitura onak zehazten ditu eta lehentasunezko solaskidea izaten segitzen du gertaera oro seinalatzean. Berak du bermatzen dispositiboak legezko mugak begiratzen dituela eta segurtasun indarren ahalmen bereziak ez dituela bereganatzen.
Herritar erreferenteak
Biztanle boluntarioek dispositiboaren muina osatzen dute. Eguneroko ingurumena zaintzeko eta agintari eskudunei eremu publikoko ezohiko gertakari susmagarri oro seinalatzeko eginkizuna dute, hala nola ohointza edo ondasunen kaltetzeak. Herritar batzuk “biztanleen erreferente” izan daitezke eta bitartekari bilakatu beren auzotegia eta agintarien artean. Horretarako, formatuak eta lagunduak dira bakoitzaren parte hartzea argitzeko hartu beharreko jarrera onetan eta ikusiko dituzten egoerak kalifikatzean.
Herriko Etxea
Dispositiboaren tokiko bideratzaile gisa, Herriko Etxeak koordinaketa segurtatzen du (besteak beste polizia nazionalarekin), informazio-bilkurak antolatzen ditu eta dispositiboaren eragileen arteko komunikazioa errazten du.
Eginbeharrak eta begiratzeko mugak
Herritar parte hartzaileek egin dezaketena eta ezin dezaketena egin ongi ulertzea ezinbestekoa da. Beren betebeharrak behatzean eta seinalatzean mugatuak dira zorrozki.
Nehola ere ezin dituzte honakoak egin:
- Fisikoki esku hartu gertakari bat izatean
- Jendea gelditu edo haien nortasuna kontrolatu
- Segurtasun indarrak ordezkatu haien eginbeharretan
- Beren segurtasuna edo beste bat(zu)ena arriskuan jarriko lukeen iniziatibarik hartu
Polizia nazionalak herritarren engaiamendua muga hertsi horretan egon dadin zaintzen du bereziki, denen segurtasuna eta bakoitzaren eskubideen errespetua bermatuz.
Igurikaturiko probetxuak
Kotte Ecenarro auzapezaren iritziz,
“Dispositibo horrek auzoen arteko elkartasuna indartuko du eta biztanleak beren instituzioengana hurbilduko ditu, estatuarekin eta polizia nazionalarekin lotura zuzenean. Protokolo batek mugaturik, bakoitzaren eskubideen errespetua bermatzen du. Gauzatua izan den lekuetan, ohointza eta oieskeria gutiago izan direla ohartzen gara. Elkarrekin, gure lurraldea lasaiago eginen dugu”.
Frédéric Tranche lasaitasun publikoaren ardura duen axuantaren iritziz,
“Estatuaren zerbitzuekin eramaniko esperimentazioa den zaintza sare horrek gure herrikideak lasaitzean parte hartzen du, batez ere adinekoak edo bakartuak, hobeki babestuak sentitzen direlarik hurbileko elkartasun horri esker”.