Segurtasuna argi eta garbi eztabaidatua geltokiko eskolan

Ezohiko eskola kontseilua egin dute abenduaren 10ean geltokiko lehen mailako eskolan. Eztabaida horren arrazoia azaroaren 29an eskola ondoan dagoen erretentzio zentro administratibotik 5 gaztek egin zuten ihesaldiaren ingurukoak ditugu.

Akademia ikuskaria, Mugetako Poliziaren (PAF) zuzendaria, segurtasun aholkulari eta erreferentea, eskola zuzendariak eta irakasleak, eskolaldi ingurukoaren ardura duten udal langileak, eskola eta segurtasun gaien ardura duten hautetsiak, ikasle gurasoen ordezkariak… gaiarekin harremanik duten guztiak bildu ziren gertakari hori argitu eta segurtasunerako plan bereziaren (PPMS) funtzionamendua hobetzeko.

Haurren segurtasunerako egin beharreko guztia egin da

Poliziek nola alerta eman zuten eta eskoletako irakasleek eta zuzendariek nola haurrak gorde zituzten azaldu ondoren, Judith Gäbel, Mugetako Poliziaren (PAF) zuzendariak gertakariaren nondik norakoa azaltzeari ekin zion eta adierazi zuen normal eta bidezko iruditzen zitzaiola ikasleen gurasoek, irakasleek eta udal hautetsiek dituzten galderetarako arrapostuak ukan ditzaten. Zenbait oren lehenago, Mugetako Poliziaren zuzendariak erretentzio administratiboko zentroa bisitatzera gonbidatu zituen Chantal Kehrig lehen auzapezordea, Nicole Butori eskola gaien arduradun auzapezordea eta Frédéric Tranché segurtasunaren arduradun auzapezordea. Hala egin izana ongi hartua izan zen eta Herriarekin elkarlanean aritzeko asmoaren adierazle da, baina bisita horrek zentroaren langileek egin duten lanaren konplexutasuna erakutsi die ere hautetsiei.

Zenbait neurri proposatu dira

Poliziaren zuzendariak halako ihesaldirik berriz errepika ez dadin lehenbailehen hartuko dituzten neurrien berri eman dio biltzarrari, alegia, bi lekuen arteko hormaren goratzea, gainean ihesen aurkako burdin hesi batekin. Detekzio sistemak azkartuko dira eta leihoak burdin barrez hetsiko. Hartu diren neurriek ondoan dagoen eraikinaren nolakoa hartu dute kontuan, haurren segurtasuna bermatzeko, betiere asaldarazi gabe.

Guraso ordezkariak lasaitu dituzte eman zaizkien informazio horiek: Mugetako Poliziak ongi kontuan hartu du arazoa eta goretsiak izan dira udal langileek eta irakasleek hartu dituzten giza segurtasunerako neurriak. Guztiarekin ere, aipatu dute gurasoei informazioa eman izan balitzaie jabalgarri gertatuko zitzaiela. Hobetzeko aukeren artean, gomendatu da, beste krisiren bat gertatuz gero eskola kontseiluan dauden ikasleen gurasoen ordezkariei jakinaraz dakien. Nolanahi ere den, azaroaren 29ko gertakariari dagokionean, Akademia ikuskariak zehaztu du eskola ez zela xede izan, iheslariek aparkalekua eta jostalekua zeharkatu besterik ez baitzuten egin eta lehenbailehen karrikara atera. Gogora ekarri da halakoetan eskola zuzendaria gurasoei adi dela dituzten galderei arrapostua emateko.

Bada zer hobeturik Arrisku Handien aitzinean Segurtasunean Emateko Plan Berezia gero eta eraginkorragoa izan dadin

Bilkura hori funtsezko bi punturi begiratzeko aukera izan zen ere. Alde batetik, alerta eta alarma sistemak abian jartzea. Izan ere, gertakari horretan ez da soinu seinalerik erabili, haurren eta egoeraren onerako. Bestalde, iragan urriaren 14ko azken ariketak Herriari proposatu dio seinale egokiago eta entzungarriagoaren hedapena findu eta hobetu dezan. Beste aldetik, lehen mailako eskolaren eta ama eskolaren arteko harremana hobetzeko, hautetsiek biltzarrari jakinarazi diote walkie-talkie bat erosi dela.

Erabakien nondik norakoari buruzko berriak eskola kontseiluaren hurrengo bileran, otsailaren 17an, emanen dira.

Navigation de l’article