2026ko otsailaren 1ean Hendaian Océan Imagerie erradiologia medikutegiaren hestearen ondorioz, eragile publikoak eta lurraldeko osasun arloko profesionalak berehala mobilizatu dira biztanleei arten jarraipena bermatzeko.
Joan den otsailaren 2an, Herriko Etxearen eta GEUZaren ekimenez, biltzar batek alderdi guziak bildu ditu: APHP (itsas ospitalea), Eskualdeko Osasun Agentzia (EOA), Osasun arloko Lurraldeko Profesionalen Batzordea, erien asurantza kutxa, Baionako ospitalea, Kontxa erietxea, mediku liberalen ordezkari bat eta Océan Imagerie medikutegia.
Mobilizazio horrek mantendua den eskaintza argitan ezartzeko eta aterabide zehatzak identifikatzeko bidea eskaini du hendaiarrek mediku-irudiak erabiltzen segi dezaten.
Horrela, epe motzean, zenbait neurri balioan ezarriak izanen dira:
Hendaian esku hartzen duen hiriko medikuntzak ekografia arten eskaintza mantentzea: Hendaiako ekografia zentroa, CCECB ekografia baskularra
Eskaintza publikoa indartzea: mediku-irudien eskaintza bat publiko zabalaren esku ezarria da jadanik Hendaiako APHP itsas ospitalean Doctolib plataformaren bitartez, astean bi egun erdiz ekografiak egiteko (Balea zentroa). Hitzarmenezko erradiologia helgarri izanen da datorren apirilaren 1etik goiti, astean 5 egun erdiz, erietxe berean.
Gure ospitale publikoen arteko lankidetza: APHP itsas ospitaleak eta euskal kostaldeko ospitaleak beren indarrak batuko dituzte zerbitzu ahal bezain ona segurtatzeko gisan.
Tarte batzuk identifikatuak: Donibane Lohizuneko Elgar taldeko erradiologia medikutegiak hendaiarrentzako tarteak gordeko lituzke.
Epe ertainean, Hendaiako Herriko Etxeak EOAri dei eginen dio haren Eskualdeko Osasun Eskemaren ibilbide erdiaren harira, 2027an, ebakiduran eginiko irudien ekipamendu bat lortzeko eskaera ikertua izan dadin (eskaner eta erresonantzia magnetiko bidezko irudiak), Hendaian jartzeko xedez.
Hurbileko eskaintza bat, herritarren zerbitzuko
Larrialdiaz gain, hurbildu diren eragile guziek lankidetza urraspide hori aitzina eramatea hitzeman dute, Herriko Etxeak eta GEUZak kudeaturik, lurraldeko arten eskaintza modu iraunkorrean hobetzeko, besteak beste mediku berezituen eta mediku-ekipamenduen arloan.
Denek deitoratzen badute bat-bateko heste hori, eragile publikoen eta osasun arloko profesionalen erantzunak argi erakusten du gure lurraldea mobilizatzeko gai dela herritarrak artatuak izan daitezen eta lurraldeko osasuna eta medikuntza- eta gizarte-arloko etxeen ibilera ahal bezain ona izan dadin.