Joan den abenduaren 10ean, asteazkena, Txiki Handi gune berriaren estreinaldi ofiziala antolatu da Lizardi auzotegian.
Estreinaldi horrek urrats handi bat markatzen du: Herriko Etxeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluak biztanleei – familiak, haurrak, egoera zaurgarrian direnak – eremu publiko modernoa, iraunkorra eskaini nahi diete, elkartasunen eta denen ongizatearen zerbitzuko.
Biztanleen zerbitzuko den proiektua
Txiki Handi gunea lehengo Haizpean zahar etxean jarri da: berrantolaturiko 1 800 m2-ko eraikina, lau solairutan banatua, 7 000 m2 inguruko lursailean, Jean Mermoz karrikan. Orain arte, behereko solairuak baizik ez zuen herriko Aterperik Gabeko Aisialdi Zentroa (AGAZ) aterpetzen – 150 haur aterpetuz asteazkenetan eta oporretan – elkarteak lehen solairuan zeudelarik.
Lur-funtsen urritasunaren eta beharren emendioaren aitzinean, Herriko Etxeak Departamenduari Elkartasunen eta Gizarteratzearen Departamenduko Zerbitzuak lekualdatzeko proposamena luzatu zion. Hertsiegi ziren lehengo bulegoek lekualdaketa bat eskatzen zuten. Helburua: eremu publikoaren erabilera optimizatzea eta egunerokotasunean baliagarri diren zenbait zerbitzu biltzea, biztanleen probetxuan.
Zerbitzu eskaintza handiagoa eta osagarria
Obrak bukatu direla eta, Txiki Handik honakoak aterpetzen ditu orain:
- Beherean: aterpetzerik gabeko aisialdi zentroa, goitik behera berrantolatua, haurrentzako heziketa eta aisialdi jarduerei egokituriko eremuekin.
- 1. solairuan: Errobi-Urdazuriko Elkartasunen eta Gizarteratzearen Departamenduko Zerbitzuak, Ama-haurren Babesa eta Autonomiaren Departamenduko etxea – bulego egokituz, isilpeko gelez, bitartekaritza gela batez eta bilkura gelez horniturik, familiak konfidentzialtasun eta erosotasun baldintza hoberenetan errezibitzeko gisan.
- 2. solairuan: Ahalmen Urriko Helduentzako Medikuntza- eta Gizarte-Laguntzarako Zerbitzua, lehen hiri barnean kokatua, arrazoizko gela helgarriz horniturik.
- 3. solairuan: Tokiko Misioak, lehen Autoportuan aterpetua, 16-25 urte arteko gazteak errezibitzen ditu, horretarako antolaturiko bulegoetan.
- Erabilera anitzeko gela batzuk ere ezarriak dira AEK edo Elgar Bizi bezalako elkarteen esku. Biltzeak baliabideak bateratzea eta egituren arteko topaketak laguntzen ditu, eta zerbitzu publikoaren eskaintza ulergarriago egiten du.
Ingurumenari buruz itzuliriko zaharberritzea
Eraikin zaharraren berritzea ingurumen urraspide batean sartu da: zaharberritze termikoa, zureria berriak, igogailu modernoagoa, iturri biologikoko ekaien erabilera, baliabideen kudeaketa hobea, erosotasun termikoaren eta airearen kalitatearen hobetzea – 250 m2-ko panel fotovoltaikoak teilatu gainean eta obraguneko hondakinen balorizazioa ahantzi gabe.
2024ko martxoan abiaturiko obrak larriak izan dira: kanpoko bi eskailera sortzea, kanpoko eremuak goitik behera berrantolatzea, aitzinaldeak garbitzea, zureriak ordezkatzea, teilatua berritzea, panel fotovoltaikoak ezartzea, elektrika, hoditeria, zolak eta murruak berritzea, igogailu berri bat jartzea, altzari integratuak ezartzea eta barneko trenkadak berrantolatzea.
Arreta berezia jarria izan zaio gizarteratzeari: obrak egiteko zenbait ordu lanetik urrun diren pertsonei atxikiak izan zaizkie, haien laneratzea sustatzeko gisan.
Kostua, finantzaketa eta partaideak
Ekintzaren kostu orokorra 4 317 085 €koa da BEZa barne, honakoek diruztaturik:
- Hendaiako Herriko Etxea: 3 367 326,97 €
- Pirinio Atlantikoetako Departamendua: 949 759,02 €
Horri gehitzen zaizkio partaide hauen parte hartzea:
- Estatua – Funts Berdeak: 500 000 €
- Familien Laguntza Kutxa (FaLK) – inbestimendurako laguntza: 300 000 €
- Euskal Hirigune Elkargoa: 125 373€
- EGEF: 445 770 € (ikerketa bidean)
Aipatzen dute
Kotte ECENARRO auzapezak Txiki Handi proiektuaren gizarte- eta sinbolo-alderdia azpimarratu du: “Txiki Handi historia bat, eraldaketa bat eta batez ere eginkizun bat dakartzan toki bat da: zerbitzu publiko indartsuago, helgarriago batena, biztanleengandik hurbil. Eraikina babes eta arta gune bat izan da luzaz. Hemendik aitzina, xede berri bat darama: elkartasun, heziketa eta elkarte bizitza gune bat izatea. Gure aberastasuna eta gure indarra da”.
Fabienne BASCOU FaLKaren lehendakariak haurren eta familien haurraren garrantzia gogorarazi du: “Jarduera anitzeko gune horrek aterperik gabeko aisialdi zentroa aterpetuko du, gure haurren ikasketari eta loratzeari eskainiriko gunea. Proiektu horrek familia guzien gizarteratzea eta sostenguaren alde daramagun engaiamendua mamitzen du, batez ere haurren aukeren berdintasuna goraipatzen duelako”.
J. Jacques LASSERRE Departamenduko Kontseiluko lehendakariak hurbileko zerbitzu publikoen erronka eta azpiegituren modernizazioa azpimarratu du. “Proiektu horrek hurbileko zerbitzu publikoen garrantzia irudikatzen du eta Departamenduko Kontseiluaren trantsizio planean sartzen da guziz. Elkartasunen eta Gizarteratzearen Departamenduko Zerbitzuko langileei hartzaileak baldintza hoberenetan errezibitzeko bidea eskainiko die, laguntzeko bidea indartuz, azpiegitura publikoen modernizazioan eta iraunkortasunean parte hartuz”.
Béatrice TARIOL Eskualdeko kontseilariak gunearen giza-alderdi bateratzailea agerian ezarri du: “Eraikin berritu hori haurrak, elkarteak, profesionalak eta biztanleak gurutzatuko diren laguntzarako eta elkartasunerako topaketa gunea da. Goxoa, inklusiboa eta bizia den Hendaiako hiria itxuratzen duen gunea, gizarte kohesioa indartzen duena”.
Mathieu DUHAMEL suprefetak proiektuaren eredugarritasuna goretsi du ingurumenaren eta eragileen arteko elkarlanaren ikuspuntutik: “Ingurumenaren aldetik, besteak beste zaharberritze energetikoaren arloan, ereduzkoa den eraikin hori goresten dut. Bestalde, eraikin hori zerbitzu publikoko misioa betetzeko toki bikaina da. Eragileen aniztasunak zerbitzuak batera daitezkeela erakusten du, borondate oneko jendeen artean gauden ordutik. Hemen ohartzen naiz borondate oneko jendea baizik ez dagoela”.
Haurren iritzia
Aisialdi Zentroa urtarril hondarrean martxan jarriko da. Aron eta Ainhoaren iritziz, “eraikina lehen baino anitzez argitsuago eta handiagoa da, eta lorategia hobeki berritua izan da. Hona itzultzeko irrikaz gaude”.
