Uda bestan izanen da!

Goiz honetan, Gaztelu aretoan bildu dira Hendaiako uda besten eragile nagusiak, udako une nagusien egitaraua erakusteko.

Herria, Turismo eta Merkataritza Bulegoa, Zarpai eta Gaztelu Zahar Abesbatza, denak hor ziren uda bizi eta elkartzaile baten alde elkarrekin egin lanaren joria berriz ere erakusteko.

Tokiko ekonomia biziaren zerbitzuko partzuergoa

Hendaian, turismo garaia urte osora luzatzen bada ere, uda dugu aldi nagusia. Urtero 380 animazio baino gehiago proposatzen direlarik, gehienak uda sasoian metatzen dira. Herriak aktiboki sostengatu nahi du tokiko ekonomia ehundura. Turismoak 800 lanpostu sortzen ditu, horietako 400 urte osorako, eta zenbait saltegi eta jatetxeren negozio kopuruaren % 25 izateraino heltzen da.

Euskal Hirigune Elkargoak ezarri duen araudi berriak Departamenduan den turismo harrera ahalaren % 16ko apaltzea dakar eta horrek are eta garrantzitsuagoak bihurtzen ditu udako animazioak ekonomia horren sostengatzeko. Herriak egitarau jori eta lankidetzakoa prestatzen du bertako biztanleak eta bisitariak erakartzeko eta bertako ekonomia eta kultura oldarra atxikitzeko.

Herriaren hitzordu nagusiak

Herriak antolaturiko uda ekitaldi nagusien artean, Txipiroi Bestak irekiko du sasoia musika giro hautarekin: Zarpai Banda, Kaskarot, Alma Flamenca, Arpège eta Patcha Mama arituko dira jendeak besta arrai batera eramaten.

Itsasoaren Besta, aurten salbuespenez uztailaren 26 eta 27ra atzeratua, itsas eta musika animazio ederretarako aukera izanen da. Aurtengo edizioaren berritasuna: «Suhar Balea». Zarpai Banda, Kantu, Alaiak, Folkesi eta Mutxiko taldeak, eta Kolpez Blai danbor ibilketa, besta giroa sortzen arituko dira.

Abuztuaren 8tik 10era, Euskal Besta eta Hiri Besta txiki nola helduen elkartzeko aukera ederrak izanen dira, kontzertuen inguruan, haurren egunean, besten zapiak ezarriz urtean sortu berri ñiniei, Zarpairen kimu berrien kontzertua, ohiko sardina, larunbat arratsera atzeratua, errebote partidak, pilota txapelketa, gurdien erakusketa eta ibilketa, kabalkada, su artifizialak, dantzaldia… Abuztuaren 4tik goiti, kultura atelierrek emanen dute besta handi hori abian, euskara eta euskal kultura senitartean ezagutzeko pentsaturiko egitarauarekin.

Hiru aldi nagusi horien egitarau osoak laster izanen dira eskuragarri.

Turismo bulegoa eta ororentzako animazioak

Turismo eta Merkataritza Bulegoaren aldetik, sasoia «Hendaiak uda ospatzen du» ekitaldiarekin hasiko du, uztailaren 9tik 12ra, bazter utzi ezinezko merkatuen osagarri (besteak beste, Palmondokoa, 30 urte betetzen dituena), kirol animazioak, haurrentzako atelierrak, ikuskizunak, eta ondare ezagutzak.

Hirurogei bat animazio dira bi hilabetetarako aurreikusiak: berriz trenpuan jartzeko saioak, yoga, eskulangileen eta sortzaileen merkatuak (betetzen ari dena), hondar gazteluen lehiaketa, familientzako ikuskizunak edota historiaren gauekoak, Paueko Unibertsitatearekin partzuergoan. Oroitzapenen Hiria, lehen urtea beteko duena, eta, bere ihes gelarekin, belaunaldien arteko transmisio eta solas leku gisa finkatzen ari dena (zabalik 10:00etatik 18:00etara, astegun orotan, uda honetan). Uztailaren 22ko eta abuztuaren 19ko diskoteka arratsak ditugu besta eskaintza horren osagarri, publikoaren parte hartze handiarekin.

240 partzuer lotu dira turismo bulegoari udako egutegi hori plantan emateko.

Ospakizun bikoitza: 80 urte Gaztelu Zahar, 55 urte Zarpai

Aurten, bestek neurri berezia hartuko dute, bi urteurren enblematikorekin.

Hendaiako kultura elkarte zaharrena, Gaztelu Zahar abesbatzak, 80 urte beteko ditu, ikuskizun handi batekin, abuztuaren 7an, Ugarte frontoian: «Lehen, orain, beti». Ikuskizun horrek, ezer baino lehen, kantu polifonikoa demokratizatu nahi du, eta nahastekatuko ditu kantua, dantza (Oinkari), musika (Angel Unzu, Ritxi Salaberria, Iken Telleria), antzerkia (1945ko aitzindarien omenez), giro bizi eta belaunaldiartekoan. Gonbidatuak izan diren Boxt Axola eta Landarbaso abesbatzak euskararen eta arbasoen kantu horren transmisio mezua indartzera etorriko zaizkigu. Txartelak salgai dira: 20 € aurresalmentan, 25 € bertan.

Zarpairen familia handia (banda, musika eskola, tanborrada, elkarte gastronomikoa), tokiko elkarte bizitzaren zinezko zutabea dugu eta 55. urtebetetzea ospatzera doa, uztailaren 18tik 20ra Kanetan, besta giro ederrean. 260 bolondresen laguntzarekin, 400 enpresekin eta 14 sukaldeburu ospetsurekin – haien artean, Hélène Darroze, ekitaldiaren amabitxia –, egun horiek, besteak beste, eskulangintza azoka, pintxo egun bat, ur ikuskizunak (egunaz 2 eta arratsaz 3), eta kontzertu anitz proposatuko dituzte. Gaztelu Zahar abesbatza ere bestan izanen da, bere elkarte gastronomikoarekin, bi elkarteak batzen dituzten haurridetasunezko lotura historikoen erakusle beste behin ere.

Bi elkarte horien gaineko artikuluak herri aldizkarian irakurri.

Ororentzako besta bat

Hendaiak topaketa, partekatze eta kultura uda proposatzen du horrenbestean, non turistak eta hendaiarrak topatuko baitira bertako nortasuna elkarrekin ospatzen. Besta ekitaldi guztien egitarau osoa herriko etxean eta turismo bulegoan eskura dezakezue jadanik, eta laster saltegietan eta akanpalekuetan ere ukanen duzue. Linean eskura liteke jadanik.

Erakundeen, elkarteen eta herriko indar bizien arteko elkarlanari esker, Herriak erakusten du udan elkarbizitzarako eta bertako ekonomia garapenerako une garrantzitsua izan dadin nahi duela.

Uda bat Hendaian oporrak baino gehiago da. Talde abentura bat da.

Navigation de l’article