“Villa Maria” belaunaldiarteko egoitzaren irekitze ekitaldia

Ekainaren 5ean, asteazkenarekin, Habitat et Humanisme Pyrénées-Adour  elkarteak «Villa Maria» belaunaldiarteko egoitza ireki du, bertan zirelarik Kotte ECENARRO Hendaiako auzapeza eta Bernard DEVERT, Habitat et Humanisme mugimenduaren lehendakari fundatzailea.

Hiri erdian dagoen XIX. mendeko etxe horren berriztapena Hego Lapurdiko Bizilekuen Tokiko Programaren barnean kokatzen da. Gizarte laguntza handiko alokairuko 11 bizileku ditu adinekoentzat, guraso bakarreko senideentzat eta heldu gazteentzat. Kotte ECENARRO azuzapez eta GEUZaren lehendakariak honako hitz hauek erran ditu: “bozkario handia zait hendaiar anitzentzat historiaz eta oroitzapenez beterik den eraikin honen giltzak ematen parte hartzea. Egintza hau Herriko Etxearen gizarte eta elkartasun politikaren barnean dugu, hiri erdian bizitegi lagunduak kokatzea ardatz garrantzitsua baitzaigu”.

Sozialki berritzaile den proiektua

Gizarte proiektuak honako hiru asmo hauek ditu:

  • Eraikinean bizi direnei, alokatzaileei, kalitatezko bizitegiak ongizate eta autonomia betean baliatzeko aukera ematea eta, hartara, pasa dituzten egoera gaitzen ostean, duintasunez bizitzeko aukera ematea.
  • Biztanleen eta auzokoen artean elkarbizitza elkarren begiramenean eta asmo onean gerta dadin bermatzea.
  • Adinekoei bizitegi autonomoa proposatzea eta, auzo dituztenei esker, mendekotasun egoeran izanen diren garairako eztiki eta pixkanaka prestatzen joateko aukera ematea.

Urririkako laguntzaile talde batek animatzen du lekua, elkartearen soldatapean den gizarte laguntzaile profesional baten laguntzaz, batez ere lantegiak plantan ematen eta laguntasun giroko uneak antolatzen.

Higiezinen proiektua

«Eraikin bikain» gisa sailkaturik den eraikin berezi hori alokatze kontratu enfiteutiko baten barnean berriztatu da eta egungo arau guztiak betetzen ditu, bereziki MUP arauak. 11 bizitegi ditu (alokairu oso lagundua duten Gizarteratzerako Alokatze Mailegu Lagundukoak (PLAI)), zahartzen ari direnen, bakarrik bizi direnen eta familien beharretara egokituak. Honela dira antolatuak: hiru T1 (17 m²), T1 bis bat (33 m²), sei T2 (43 m²), T3 bat (44 m²).

Guztientzako 17 m² zabal den gela batek lagunarte giroa sortzen eta gizarte harremanak lotzen laguntzen du. Herriarena den etxe ondoko lursail batek ortu partekatu bat sortzeko aukera ematen du.

Partaidetza emankorrak

Proiektua Habitat et Humanisme elkarteak eman zuen abian eta Estatuaren eta kolektibitateen sostengua jaso du, bai eta Crédit Agricole Solidarité et Développement fundazioarena, NEXITY fundazioarena, SNCF fundazioarena, WHIRLPOOL-ena eta SOKOA sozietatearena.

Horrez gain, Habitat et Humanisme Pyrénées Adour elkarteak Herriko Etxearekin eta gizarte egiturekin elkarlan hertsian darama proiektua egoitza ingurunean bete-betean koka dadin.

Diruztapena

Proiektuaren kostu osoa: 879 000 €

  • Bere funtsak: 383 000 €
  • CDC mailegua: 280 000 €
  • Mezenasgoa: 20 000 €
  • Diru laguntzak: 196 000 €
    • Haietan Estatuak: 72 000 €,
    • Hego Lapurdiko Hiriguneak: 24 000 €,
    • P.A.-en Departamentuak: 78 000 €,
    • Hendaiako Herriko Etxeak: 21 000 €.

Etxebizitzari buruzko orrialdea ikus

 

Navigation de l’article