Zaldigaineko brigada bioaniztasunaren zaintzarako 

Ekainaren lehen egun honetatik irailaren 30 bitartean, Marcos eta Raven Abadia eremuko bi zaldiak ikus ditzakezue gure hondartzetan eta Txingudi badiatik hurbil. 

Uda honetan, zaldigaineko brigadako zaldiak ibiliko dira, lehen aldiz, hiru naturagune andearrez hauetan: Abadia eremuan, hondartzan eta Txingudi badian. Udan zerbitzua indartu da eta brigada astean hiru egunez arituko da, zaintza eginez, informazioa emanez eta, behar balitz, isuna ezarriz, beste ezer baino lehen kalteei aitzina hartzeko logika batez. 

Ohartaraztea, babesteko xedez 

1999az geroztik,beti izan da hor, Abadia Eremuan, asteburu eta oporraldietan, zaldigaineko brigada, eta orain bere egitekoak areagotu ditu. Oraingoan, lehen aldiz arituko da erregularki itsas hegi osoan zehar, hondartza eta Txingudi badia barne. 

Pierre eta Delphinez gain, langile sasoilari bat etorri da lantaldea indartzera, lanaldi osoaren %50eko lanaldian. Abadia Eremuan, honako hauek egiten ditu brigadak: 

  • Naturagunearen zaintza orokorra, 
  • Indarrean den araudia gogora ekartzea (udal agindu berezia), 
  • Eta, horren beharrik balitz, isuna ezar dezakete ere, zehaztu den protokolo bati jarraikiz. 

Hondartzan eta itsas hiribidean: 

  • Sarbideetako afixen kontrola,
  • Hesiak gainditzen ez direla zaintzea (bereziki hondartzaren Dunbarrien aldean eta Zokoburuko areamuinoetan), 
  • Bizi arauetaz ohartaraztea: tabako gabeko hondartza, suteen eta metal detektagailuen debekua, hondakinen kudeaketa, etab. 

Txingudi badian eta itsas zentroko hondartzan: 

  • Bainatze araudia gogora ekartzea, 
  • Debekaturik diren aldeei buruzko informazioa, hala nola den hegaztien uhartea (prefet agindua), 
  • Hezeguneen eta habia egite aldeen andeakortasunaz ohartaraztea. 

Marcos eta Raven, parte hartzaile baliotsuak 

Brigadaren helburua ez da ordena publikoko zeregin hutsa. Aldiz, brigadako langileek, beste ezer baino lehen, tokiko bioaniztasunaren enbaxadoreak nahi dute izan. Zaldiek zeregin nagusia dute horretan: zinezko bitartekari biziak izan eta solaserako bidea ematen dute eta jendeen jakinmina erakartzen. «Uniformaturik eta zaldi gainean izateak ez du erran nahi zigortzeko xedez garenik hor. Gure lehentasuna pedagogia dugu, leku horiek zergatik babespean diren ulertzera ematea», diote brigadariek. 

Areamuinoen babesa dela edo hegaztien habien babestea, edota jokamolde arriskutsuak izan ez daitezen (zakurren debekua, udaberrian loreak biltzea, mendiko txirrinduak alde andeakorretan ibiltzea), brigada saiatuko da jendeei azaltzen zein jokagai diren jokoan, mezuak pasarazten. Ohartarazte hurbil eta eraginkorra, zaldiak eskaintzen duen hurbiltasunari esker. 

Ibilbide osoan zehar, maiz deitzen dute brigada jendeek. Ibiltariak, oporlariak eta bertako biztanleak, itsas hegian zaldiak ikusi eta jakinminez solasten dira brigadakoekin. Naturalki sortzen diren solas horiek aukera onak dira jokamolde onen berri emateko: hesiak kontuan hartzea, babesturiko espezieei destorburik ez egitea, nork bere hondakinak biltzea… 

Iraunkorki babesturiko bioaniztasunaren alde 

Zokoburuko areamuinoen aldea, Pirinio Atlantikoen itsas hegiaren mendebaldeko muturrean, Espainiako mugaren eta Biarritzen artean geratzen den areamuino eremu zaindu bakarra dugu. Landaredia andeaerraza da hor eta ekosistema bakanaren lekuko. Berdin gertatzen da Txingudi badian ere, hegazti migrarien espezie anitzen babeslekua baita. Ingurune horiek babestea natura ondare bikaina zaintzea da. Horren egiteko, zaldigaineko brigada tresna baliotsua zaigu, bertan izateak dakarren eraginkortasunaz gain, jendeengandik hurbil baita eta gizakiaren, abereen eta naturaren arteko lotura balioan ematen baitu. 

Navigation de l’article