Zatozte 2026ko martxoaren 28an udaberriko garbiketa handian parte hartzera

Hondakinek itsas ingurunean duten eragin iraunkorraren aitzinean, itsasbazterreko udaberriko garbiketak bakoitza konkretuki parte hartzera gomitatzen du ingurumenaren zaintzaren alde.

Sagar xuxkurra itsasora botatzeak hutsala dirudi. Ororen buru, hondakin biodegradagarria da. Alta, “naturalak” diren hondakinek ere itsas ingurunea kaltetzen dute. Bi hilabete inguru behar ditu sagar xuxkur batek desagertzeko, kartoiak bezala. Komuneko papera bi eta lau aste artean desagertzen da, eta aluminiozko botilañoak 200 urte iraun dezake. Zenbakiak are kezkagarriagoak dira plastikoa delarik aipatzen: polistirenozko ontzi batek 50 urte behar ditu desagertzeko, plastikozko botila batek 450 urte eta berina 600 urte baino gehiagoz egon daiteke ingurumenean.

Oroitarazi behar da itsasoan aurkituriko hondakinen %80 lurreko jardueretatik datozela zuzenean. Itsas ekosistemak eta bioaniztasuna kaltetzen dute modu iraunkorrean.

Denei irekia den ekintza

Itsasbazterraren zaintzan parte hartzeko, ohiko udaberriko garbiketa antolatua izanen da martxoaren 28an, larunbata, 9:30etik 11:30era, Hendaiako Herriko Etxearen eta Euskal Itsasbazterreko CPIE zentroaren ekimenez. Publiko guziei irekia den borondate oneko lan horrek biztanleak, elkarteak, auzotegietako batzordeak eta tokiko enpresak ingurumenaren aldeko ekintza konkretu baten inguruan mobilizatzeko xedea du.

Lau bilketa gune proposatuak dira:

  • Dunbarrietako hondartza – Hendaye Bidassoa Surf Club elkartearen egoitza, Itsas etorbidea, 2. (harrera eta animazioa elebidunez)
  • Zokoburuko harea muinoa – Serge Blanco talasoterapia-zentroa, Itsas etorbidea, 125.
  • Itsasketa zentroa, Txingudi badiako etorbidea (harrera eta animazioa elebidunez)
  • Badiako behatokia, Jean Moulin biribila (harrera eta animazioa euskaraz)

Argibide baliagarriak:

  • 9:30: harrera bilgunean
  • 9:45: aginduen aurkezpena
  • 10:00: hondakinen bilketa
  • 11:00: hondakinak bilgunera ekartzea
  • 11:30: hurrupaldia eskainia itsasketa zentroan, Tree6clope elkartearen sentsibilizazio erakusmahairekin

Zapata onak eta eskularruak eramatea gomendatua da.
Izena baitezpada eman behar: https://cpie-littoral-basque.eu/agenda/1453-nettoyage_de_printemps_des_rivages_hendayais

Hedatzen den lurraldeko dinamika

Itsasbazterreko herrien ingurumen-arloko erronkei eskainiriko teknikari sare bat sortzearen harira, Hendaian urtero antolatua den garbiketa ekintza hori lurraldeko beste herri batzuetara hedatu da iaztik goiti. Urraspide horrek indarrak batzea, kolektibitateen arteko lankidetza sendotzea eta bereziki zaurgarriak dien inguruneak zaintzeko ikusmolde harmonizatua hartzea ahalbidetzen du.

Epe luzean sartzen den mobilizazioa

Hendaian, ekintza hori aspaldiko dinamika batean sartzen da. 1990eko hamarkadatik goiti, ekimen desberdinak eramanak dira itsasbazterra zaintzeko eta balioan ezartzeko, besteak beste Abadia eremuko taldeak antolaturiko “Itsasadar garbiak” udako ekintzekin. 2009ko martxoan, lehen “Hendaiako itsasbazterraren udaberriko garbiketa handiak” urrats berri bat markatu zuen mobilizazio kolektibo horretan.

Herritar-ekintza horiez gain, hondartzan araudi egokitu bat plantan ezarria da: zikinontzirik gabeko hondartza, bakoitza bere hondakinekin joatera bultzatzeko, tabakorik gabeko hondartza seinale argiekin etorbidearen luzera osoan, edota sakelako hautsontziak esku uztea zigarreta muturrak denetan ez uzteko.

Urraspide guzi horiek gogoratzen dute itsasbazterraren zaintza engaiamendu kolektiboan eta eguneroko jestuetan oinarritzen dela.

Navigation de l’article