GURASO ENPLEGATZAILEAREN GIDALIBURU OSOA

PDF

BANAKAKO HARRERAREN GIDALIBURUA

GURASO ENPLEGATZAILEAREN GIDALIBURU OSOA

ONETSIRIKO HAURTZAINA, KONFIANTZAZKO PARTAIDEA ZURE HAURRAREN LORATZERAKO

Harrera liburu hau guraso-enplegatzaile gisa urratsez urrats zure laguntzeko apailatua izan da. Urraspide administratibo desberdinen bide orria, onetsiriko haurtzainarekin lehen harremana prestatzeko funtsezko aholkuak eta zure haurra behar bezala lekukotzeko giltzak biltzen ditu modu egituratuan.

PRESTAKETA & LEHEN HARREMANA

Haurtzainarekin lehen harremana urrats erabakigarria da epe luzeko konfiantzazko harreman baten oinarriak finkatzeko.

Telefono bidezko lehen harremana

Deitu aitzin, eman nahi dituzun funtsezko argibideak zerrendatu eta zure galdera nagusiak prestatu:

  • Lekurik duen : zure beharrei dagokien lekurik ba ote du?
  • Eman beharreko xehetasunak : zure haurraren adina, zaintza hasteko eguna, xedetzat harturiko harrera denbora (zaintza egunak, ordutegi zehatza).
  • Prezioak : orduko prezioa aipa dezakezu.
  • Hitzordua : bere etxean elkartzea proposatu.

Lehen topaketa haurtzainaren etxean

Hitzordu horri esker, bere bizi ingurumena ezagutuko duzu eta egunerokotasunari buruz hitz egiten ahalko:

  • Aurkezpena : zure haurra, haren erritmoak, elikamoldea eta bizi ohiturak aipatu. Zure familia-antolaketari eta lanari loturiko harrera beharra zehaztu.
  • Harrera proiektua : proposatzen dituen ereduzko eguna, jokoak, jarduera eta ateraldiak aipatu, baita hezkuntza arloan dituzun xedeak ere.
  • Ingurumena : aterpeturiko beste haurren erritmoei eta ohiturei buruz galdetu (haur kopurua, haien adina), baita familia-ingurumenari ere (etxe animaliak).
  • Tokiaren bisita : haurraren bizi eremua bisitatzea eskatu (lo egiteko, jostatzeko, jateko, artatua izateko gelak).

Laburpena – Lehen hitzordua

  • Haurtzainaren izena: _______
  • Telefono zenbakia: _______
  • Adosturiko orduko prezioa eta ordainsariak: _______
  • Opor asteak: _______

Gogoetatzea : epe jakin bat finkatu, bakoitzak gogoetatzeko denbora ukan dezan. Ondotik, bakoitzak bere erabakia jakinaraziko du.

ENPLEGATZAILEAREN IBILBIDEA

Onetsiriko haurtzain bat aurkitu

Haurtzainak Departamenduko kontseiluak ematen duen onespen balioduna baduela segurtatu behar duzu nahitaez (legezko betebeharra). Zure herriko Lehen Haurtzaroaren Bitartekaritza-guneari (LHB) dei egin diezaiokezu, edo monenfant.fr webgune ofiziala kontsultatu.

Harrera beharrak zehaztu

Elkarrekin, asteko ordu kopurua, egunak eta ordutegia, kontratu mota (52 asteko urte osoa edo 46 aste baino gutiago) eta zaintza hasteko eguna zehaztu. Urrats hori ezinbestekoa da, lansariaren hilabeteko ordainketa kalkulatzeko bidea baldintzatzen duelako.

Lan kontratua idatzi eta izenpetu

Kontratua idatzia izan behar da, eta bi alderdiek behar dute inizialez eta osorik izenpetu nahitaez. Alderdien nortasuna, ordutegia, orduko lansari gordina eta garbia, hilabeteko ordainketaren moduak, opor ordainduak eta arta eta apairu ordainsariak barne hartzen ditu. Xehetasun guziak aurki ditzakezu partikular enplegatzaileen eta etxeko enpleguaren hitzarmen kolektiboan, www.legifrance.gouv.fr edo www.fepem.fr webguneetan.

Elkarren aldeko engaiamendua

Kontratua izenpetzeko eguna urrun izanez gero, elkarren aldeko engaiamendu bat izenpetzeko aukera bada, lekua erreserbatua dela bermatzeko gisan. Hitzarmen kolektiboaren arabera, elkarren aldeko engaiamendu hori finkoa da. Alderdi batek ez badu engaiamendua betetzen, beste alderdiari kontratuan aurreikusiriko hilabeteko lansariaren erdiari dagokion ordainsari finko bat ordaindu beharko dio.

Diru laguntza eskatzea

Haur ttipien harrera zerbitzuaren (Paje) zaintza modua libreki aukeratzeko osagarria (CMG) eskatu, FaLK (www.caf.fr) edo MSAren webgunean. Ezinbesteko dispositibo horrek lansari garbiaren eta zure kotizazioen zati handi bat hartzen du bere gain.

Mugaz gaindiko familientzako oharra : Frantzian bizi baina Espainian lanean ari bazara, Europako koordinaketa arauak aplikatzen dira. FaLKak diru laguntza esleitzen du diru laguntza diferentzialaren moduan, hiru hilabetetarik behin kalkulatua dena (epea bururatzean), zure eskubideak Espainiarekin ikertu ondotik. Orduan, 3 hilabeteko epea aurreikusi behar da zure lehen ordainketak eskuratu aitzin.

Hilabeteko laguntza horiez gain, onetsiriko haurtzain bat enplegatzeak abantailazko zerga-kreditu baterako eskubidea irekitzen dizu, zure gain diren zaintza gastuen erdiaren heinekoa (indarrean den gehieneko zerga mugaren heinean).

Enplegua deklaratzea eta izena ematea Pajemploi zerbitzuaren aldean

CMG FaLKari eskatu ondotik, Pajemploi zerbitzuak zuri dagokizun sarbidea bidaliko dizu gutun bidez. Zure erabiltzaile izena adierazteko lehen gutun bat jasoko duzu, eta bigarren bat pasahitzarekin. Bi dokumentu horiek eskuratuz gero, zure Pajemploi gunean sartzen ahalko zara eta pantailan ageri diren jarraibideak bete. (Dokumentu horiek zure azken haurrak 6 urte bete arte gorde behar dira artoski).

Lansaria kalkulatu eta ordaindu

Hilabetero, kontratuan adosturiko hilabeteko prezioaren arabera finkaturiko lansaria ordaindu. Arta ordainsaria gehitu behar duzu nahitaez (haur artatzailetza materiala, argindarra, jokoak eta abarrei dagozkien gastuak estaltzen dituena), eginiko harrera egun bakoitzeko, baita apairu ordainsaria ere, haurtzainak janaria hornitzen badu.

Pajemploi webgunean deklarazioa egin

Eginiko ordu kopurua eta ordainduriko lansari orokorra deklaratu. Pajemploi zerbitzuak enplegatzailearen gain geldi daitezkeen kotizazioak kobratuko ditu eta haurtzainaren soldata agiri ofiziala sortuko du. Ordainketa ohiko transferentzia bidez edo Pajemploi+ zerbitzu seguraren bidez egin daiteke.

Opor ordainduak kudeatu

Haurtzainak 2,5 lanegun opor lortzen ditu lan-hilabete bakoitzeko. Ordainketa moduek kontratuan zehazturiko mugak errespetatu behar dituzte: edo hilabeteko ordainketaren barne, edo hilabeteko lansariaz gain (gehienetan ekainean).

Kontratua hausteko prozedura eta nahitaezko dokumentuak

Unea delarik, bereizketa administratiboa handizki sinplifikatua da. Pajemploi zerbitzuak ditu urraspideak zentralizatuko. Azken deklarazioa egitean, kontratua bukatzen dela adieraztea eta eskaturiko elementuak ematea nahikoa da (kontratua hausteari dagozkion ordainsariak, gelditzen diren opor ordainduak, etab.). Pajemploi zerbitzuak kalkuluak eginiko ditu automatikoki eta ezinbesteko dokumentu ofizialak sortuko dizkizu: France Travail ziurtagiria, kontu guziak kitatuak direlako agiria eta lan-agiria. Deskargatu eta izenpetu beharko dituzu soilik.

ARRETA PUNTUAK

  • Gordina eta garbia : lansari gordina eta garbia ongi bereiztea zaindu negoziatzean eta kontratua idaztean, deklaratzeko orduan gaizki ulertzerik ez sortzeko gisan. Aholkua: haurtzainek beti prezio garbia dute erreferentziatzat hartzen.
  • Egiazki eginiko orduak / hilabetero ordainduriko orduak : hilabetean egiazki eginiko lan orduak eta hilabeteko prezio finkoan aurreikusiriko orduak ez nahastu. Oinarrizko lansaria finkoa da, salbuespenak salbuespen (huts egitea eritasunagatik, ordu gehigarriak).
  • Hastapeneko formalizazioa : hastapenetik, dena idatzirik ezartzeko denbora hartu. Ongi osatua den kontratu bat menturazko liskarrak baztertzeko eta saihesteko tresnarik hoberena da.
  • Kontratuaren bukaera : aitzinetik prestatzen den urratsa da! Kontratua haustean, bi elementu nagusi gehitu behar zaizkio azken lansariari:
    • Lansariaren erregulazioa: aurreikusiriko zaintzaren egiazko ordu guziak behar bezala ordainduak izan direla egiaztatzea ahalbidetzen du (besteak beste 46 aste edo gutiagoko kontratuetarako).
    • Kontratuaren hausteari dagokion ordainsaria: 1/80koa ordaindu behar da kontratua 9 hilabete baino gutiagokoa izan bada. Kontratuaren epe osoan ordainduriko lansari gordin guzien 1/80koari dagokio.
  • Aholkua : ustekaberik ez izateko, hilabetero dirutza ttipi bat baztertu (lansariaren %3 eta 5a artean guti gorabehera), horri eskainiriko libreta batean, zaintza hasi orduko.
  • Irakasleen kontratua : Erregulazio handi bat ez ordaintzeko xedez, kontratua agorrilaren 31n haustea gomendatua zaizu, ekainaren bukaeran baino; horrela, hilabeteko ordainketa finkoa ikasturte bukaera arte banatzen ahal duzu.

ADIBIDE ZEHATZA

Egoera

24 hilabeteko kontratua, 700 €ko hilabeteko lansari garbi finkoarekin (hots 896 € gordin) eta 3,85 €ko orduko prezio garbiarekin.

Kontratua hausteko ordainsaria

  • Bi urtetan ordainduriko lansari gordin guziak: 21 505 € guti gorabehera.
  • Kalkulua: 21 505 / 80 = 268,80 €.
  • 💡 Aurreikusteko: 11,20 € baztertu hilabetero kontratua hastean.

Kontratu bukaerako erregulazioa

46 aste edo gutiagoko kontratuen berezitasuna :

  • Egiazki eginiko orduak eta hilabeteko lansari finkoaren bidez ordainduriko orduak konparatzean datza.
  • Haurtzainak ordu gehiago egin baditu hilabeteko lansari finkoaren bidez ordainduak izan zaizkionak baino (adibidez, eskola garaian, harrera garai gaitz baten ondoko kontratu bukaera batengatik), gurasoak arteka ordainduko dio 3,85 €ko orduko prezio garbian.
  • Kontratua urtemuga egunean bukatzen bada, erregulazioa 0 €koa da gehienetan.

KONTAKTUAK & BALIABIDEAK

Guraso-enplegatzaile bilakatzea beldurgarria izan daitekeelako, hona zure abentura administratiboaren urrats nagusien laburpena. Urraspide horiei buruzko galderarik izanez gero, Urbidaia LHBrekin harremanetan sar zaitezke telefono edo mezu elektroniko bidez, dagokizun laguntza ukan dezazun.