Eskoletako udako lanak

Udako pausaldi bakoitzean bezala, Herriaren zerbitzu teknikoek zenbait mantentze eta antolatze lan egin dute lehen mailako eskoletan. Kotte Ecenarro auzapezak, Chantal Kehrig lanen arduradun auzapezordeak eta Nicole Butori Hezkuntzaren arduradun auzapezordeak ohiko bisita egin dute udal langileek lagundurik.

Ikasgelen eta jardun gelen berriztatzea, margotzea, zolen konpontzea, sareten berritzea, argiteriaren modernizatzea, sabai faltsuen lauzen eta arotziaren aldatzea, apalategiak eta altzariak ematea, jantokien hosgabetzea… lehen mailako ikastetxeetan antolatze berri anitz egin dira eskola oporraldian ikasleen, irakasleen eta udal langileen (ATSEM, animatzaileak, garbitzaileak) bizi ingurunea hobetzeko.

Mantentze lan horiek eskola orotan egin badira ere, aurten, lan handienak Hondarraitzeko ama eskolan eta lehen mailako eskolan (93 000 € ZB), Intzurako ama eskolan (20 380 € ZB) eta geltokiko lehen mailako eskolan (15 000 € ZB) egin dira.

Berritze lan horiek udalaren beraren 11 langilek egin dituzte: zurginek, margolariek, elektrikariek, harginek edota iturginek. Eskola guztiak kontuan hartuz, ia 140 000 € ZB da aurrekontu osoa.

AITZIN DOAZ ENERGIA SOILTASUN PLANAREN NEURRIAK

Hainbat urte dira gure eskoletan argiteriaren berriztapen lan handiak egiten ari garena, Herriaren ekologia trantsiziorako politikaren eta energia soiltasun planaren harira. Horrekin jarraikiz, aurten ere tutu fluoreszenteen ordez LEB neonak eman dira berritu ditugun eskoletan; horrela, ikuste erosoagoa eskaintzeaz gain, % 65 kontsumo gutxiago egiteko aukera emanen da eskola bakoitzean. Horrez gain, sabai faltsuak kokatuz, beroketaren faktura murriztuko da ere, eta gauza bera eginen dute Hondarraitzeko lehen mailako eskolan kokatu diren berina bikoitzeko leiho zabal berriek.

TRESNA DIGITALEN GARRANTZIA

Lan horiez gain, bada Herriaren antolaketa digitalerako plana ere. Aurten, bideoproiektoreak, ordenagailuak, giltzadiak eta hari gabeko saguak eta bozgorailu gehiago kokatu ditu Herriaren Informazio Sistemen Zuzendaritzak lehen mailako 5 eskoletan.

Azkenik, Segurtatzeko Plan Bereziaren (SPB-PPMS) harira, Herriak hobekuntzak egin ditu Intzurako eta Geltokiko lehen mailako eskoletan.

Heldu den astetik goiti, udal garbitzaileek eskolak garbitu eta ikasgeletan altzariak emanen dituzte irailaren 5ean haurrek eskola sartzea egin aitzin.

Navigation de l’article