Mugikortasunaren Europako Astea Irun, Hondarribia eta Hendaiara iritsiko da

Adin guztietarako jarduerak antolatuko dira irailaren 16tik 22ra bitartean

Irunen, 2023ko irailaren 5ean. – Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoaren bitartez, mugikortasun iraunkorraren erronkari buruzko sentsibilizazio-lanarekin jarraitzen dute. Horretarako, Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, eskualdeko eguneroko garraio-ohiturak aldatzeko diseinatutako hainbat ekimen antolatu dituzte. Ekintza horiek elkarrekin egingo dira eta udal bakoitzak Mugikortasunaren Europako Astearen inguruan dituzten programak osatzen dituzte.

Antolatutako jarduerak adin guztietako pertsonei zuzenduta daude, eta bizikletaren eta beste garraiobide jasangarri batzuen erabilera sustatu nahi dute klima-aldaketari aurre egiteko alternatiba gisa. Hirugarren urtez jarraian, hiru udalek hiri-mugikortasuna protagonista duten jardueren agenda bat programatu dute.

Miguel Ángel Páez Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak elkarlaneko ekimen honen garrantzia azpimarratu du. “Mugikortasunaren Europako Astea aukera bat da gure hirien arteko lankidetza indartzeko eta mugikortasun iraunkorrerako ikuspegi integrala sustatzeko. Zenbait jarduera aurkezten ditugu, herritarrak beren garraio-hautuei buruz hausnartzera eta ingurunearekiko jasangarriagoak diren aukerak aintzat hartzera gonbidatzen dituztenak “.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendariak, Mónica Pedreirak, adierazi duenez, “Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik Eskualdeetako Energia Planen bultzada sustatzen dugu; izan ere, klima-aldaketa erronka orokorra da, baina haren borrokak tokiko mailan hasi behar du. Eta, jakina, mugikortasun iraunkor, elektriko eta solidarioagoa sustatzea helburu estrategikoa da energia-erronken barruan”.

Ildo horretan, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kiroletako, Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko zinegotziak adierazi du, “hiri-eredua egokitzen ari gara mugikortasun-eredu jasangarriago bat bultzatzeko, modu desberdinean mugitzen eta gozatzen dugunarekin. Ildo horretan, aste honetan herritarrei azaldu nahi diegu beste mugikortasun eredu batzuk posible direla egiazta dezaten”.

Bestalde, Estitxu Urtizberea Hondarribiko Hiri eta Lurralde Antolamenduko zinegotziak azpimarratu duenez, “beharrezkoa da etorkizuneko hirian autoaren presentzia murriztea, eta, horretarako, eskumena duten administrazio guztien lankidetza behar da, herritarrei mugikortasun iraunkorra eskaintzeko helburua lortzeko”.

Hendaiako Udalaren ordezkari gisa, Chantal Kehrig-Cottençon, Hirigintza, Obra, Hiri Garapen, Jarduera Eremu eta Mugikortasun Berrietako alkateordearen azpimarratu duenez, “mugikortasuna erronka handia da lankidetza-esparru honetan batuta gauden hirientzat, eta mugaz gaindiko loturak hobetzen jarraitu behar dugu, hainbat ekimenekin egiten ari garen erara”.

Hiru hiri, hiru ekimen

Hiru hirietan bizikleta protagonista izango den hiru ekimen izango dituzte.

Village Vélo. Neska-mutilei zuzendutako hainbat tailer antolatzen ditu, bizikletaren erabilera sentsibilizatzeko eta sustatzeko, jolasen, eskulanen, trebetasun-zirkuituaren eta bizikletaren erabilera segurua ahalbidetzeko bideoen proiekzioaren bidez.

Tailerrak Irunen izango dira irailaren 16an, larunbata, 17:00etatik 19:00etara, Zabalgune plazan; Hondarribian irailaren 17an, igandea, 11:30etik 13:30era, Butroe pasealekuan; eta Hendaian irailaren 20an, asteazkena, 15:00etatik 17:00etara, Gaztelu Zahar pilotalekuan.

Nagusikleta jarduera bizikletan ibili ezin diren adinekoei paseoa ematean eta une atsegina eskaintzean datza. Jarduera bi pertsona garraiatzeko egokitutako trizikloekin egiten da. Ordubete inguruko ibilbideak Hendaiako Itsasoko bulebarreko eta Txingudiko badiako bidegorrietatik igaroko dira, Irungo Behobia eta Oxinbiribil artean, eta Hondarribiko hondartza eta portuetara.

Ibilbideak astelehenean egingo dira Irunen, irailaren 18an, 16:00etatik 18:00etara, Ama Xantalen egoitzatik; Hondarribian irailaren 21ean, osteguna, 16:00etatik 18:00etara, San Gabriel egoitzatik; eta Hendaian irailaren 19an, asteartea, 15:00etatik 17:00etara, Haizpean EPADHetik.

Helduei zuzendutako gaueko bizikleta martxa musikala. Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik abiatuko da ostiralean, hilaren 22an, 21:00etan, Irungo Urdanibia plazara iristeko 21:40etan. Ibilbidea 22:15ean berrabiaraziko da, eta Hondarribiko San Pedro kalean amaituko da 23:00etan. Ibilaldiarekin batera DJ bat izango da, ibilbide osoan zehar musika jarriko duena.

Beste jarduera batzuk

Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailaren eta Bidasoa bizirek-en arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, jasangarritasun energetikoaren arloan eskualde-mailan ekimen praktiko eta zehatzak bultzatzeko, aurten arreta auto elektrikoan jarri da (mugikortasun garbia), Mugikortasunaren Europako Astearekin batera.

Testuinguru horretan, “Nire eragina mugikortasunean” komunikazio-kanpaina jarriko da abian, eta bi informazio-hitzaldi antolatuko dira, Juan Carlos Ausin INNventa Energiako aholkulariaren eskutik, “Hiri-mugikortasunaren oraina eta etorkizuna: Interesatzen zait auto elektriko bat erostea?” izenburupean. Topaketak irailaren 19an izango dira, 19:00etan, Hondarribiko Auditorio-Musika Eskolan, eta irailaren 21ean, ostegunean, 19:00etan, Irungo Palmera Montero Gunean.

Navigation de l’article