Gizonezkoen kontrazepzioa: emazte-gizonen arteko berdintasunerako gizarte aldaketa?

Martxoaren 8aren karietara proposatu jardueren artean, Herriak eta Segurtasunerako eta Gaizkintzaren prebentziorako Tokiko Batzordeak (SGPTB-CLSPD) gizonezkoen kontrazepzioari buruzko mintzaldi bat antolatu dute.

Mundu osoan nonahi, emazteek dute nagusiki kontrazepzioa bere gain hartzen. Oraindik ezezagun den gai horri buruz Altea Giacometti medikua miintzatuko zaigu. Egin duen tesiaren gaia «gizonezkoen kontrazepzio metodo berritzaileen onargarritasuna» da.

Mintzaldia Gaztelu Aretoan eginen da, martxoaren zortzi honetan, ostiralarekin, 19:00 orenetan,  jendeak gizonezkoen kontrazepzioari buruz eta dakartzan osasun jokagaiei buruz ohartarazteko. Giacometti doktoreak zientziak alor horretan egin dituen aitzinamendu berrienak azalduko ditu eta gizonezkoen kontrazepzioak hala norbanakoengan nola oro har dituen jokagai psikologikoak, gizarte mailakoak eta politikoak aipatuko ditu

Pentsaerak alda elkarrekin aitzin egin dezagun

Leonor Labeau, bereizkeriaren aurkako borrokaren arduradun hautetsiak uste du ezen «hendaiarrei metodo berritzaileen gaineko informazioa ematea gure lehentasunen artean dugu Segurtasunerako eta Gaizkintzaren prebentziorako Tokiko Batzordearen bereizkerien aurkako lantaldean. Martxoaren 8aren karietara, Hendaiako Herriak jarduera hautu handia proposatzen du emakumezko guztientzat bai eta gizonezko guztientzat ere. Emakumezkoen eskubideetan aitzin egiten gizonezkoek parte har dezaten xerkatzen dugu. Elkarrekin bizi baikara. 

Garrantzi handikoa deritzot gorputz anatomia ezagutu eta zaintzeari. Gizonezkoen kontrazepzioa hala emazteek nola gizonek igurikatu baliabidea da. Pentsaera, ohiturak aldatu behar ditugu. Eman diezaiegun gizonei ugalketari loturiko gaiaren ardura bikotean partekatzeko aukera.

Giacometti doktorea hartzea informazio baliagarri horiek hedatzeko egiazko aukera eta xantza zaigu gizonek eta emazteek ukan dezaten nor bakoitzari egokien zaion kontrazepzioa hautatzeko aukera. Gizonek beren kontrazepzioa eta beren erantzukizuna bere gain hartzeko aukera da ere, aita izateko prest noiz diren hauta dezaten».

Navigation de l’article