HENDAIA EUSKARAZ, hamabosgarren aldia!

Duela 15 urtetik, udaberri guztiz bezala, Hendaiak bere indarrak bateratzen ditu martxoa Euskararen hilabetea izan dadin.

Aurten berriz ere, proposatutako programak Hendaiar guztiei, ttipienei zein adinekoei, euskarazko edo euskararen inguruko jarduera batean parte hartzeko aukera emanen die. Egitarau aberatsa eskaintzen zaizue: ikuskizunak, bisita gidatuak, literatura-topaketak, eta abar… Asisko Urmeneta eta Eneko Bidegain idazleak, Maialen Errotabehere kantaria, EliralE, Bat Egin, Alabena, Pirritx Porrotx eta Marimotots konpainiak gure artean egonen dira, besteak beste, baita Plazara elkartea ere, euskararen inguruko gogoeta ziklo baterako.

Gure herriko kulturguneak ere mobilizatuko dira: Mendi Zolan, Mediateka, edota Gaztelu Aretoa.

Gainera, aurten, euskararen aldeko ekitaldi garrantzitsuenetarikoa den Korrika Irundik abiatuko da martxoaren 14an, festa handi baten ondotik. Hendaiara Santiago zubitik sartuko da 17:25ak aldera, bere ibilbidea Pausu eta Urruñarantz segitu aitzin. Ekitaldi horren ospatzeko, haurrei eskainitako Korrika Txikia martxoaren 15ean iraganen da herriko karriketan, eskoletako ikasleekin.

Gure herriaren euskararen aldeko mobilizazioa ez da martxoan hasten edo bukatzen. Urte osoan zehar, Hendaiako Herria elebitasunaren aldeko politikan engaiatua da, eta Ipar Euskal Herriko aitzinatuenetakoa da.

Martxoa arreta osoa euskaran jartzen den momentu nagusia da. Hendaiako elkarteen eta udal zerbitzuen laguntzarekin osaturiko 2024ko egitaraua ezagutzera gonbidatuak zarete, eta parte hartzera animatzen zaituztegu.

2024ko egitaraua.

Navigation de l’article