Hendaiako 25 kolegioko ikasle, departamenduko lehen “Angela” enbaxadore

Hezkuntza taldeekin, hautetsiekin eta Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroarekin (EFEIZ) bildurik, hogeita bost kolegioko ikaslek Angela enbaxadore agiria lortu dute, zenbait hilabeteren engaiamendua eta sentsibilizazioaren sari gisa. Nehoiz ikusi gabea departamenduan.

Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluko ekintzen harira eramaniko ekimen horren helburua zen gazteak karrikako jazarpenari eta irain sexistei buruz sentsibilizatzea, Angela dispositiboa eta herrian dauden aterpe guneak ezagutaraztea, baita ikaskideen aldean egiazko prebentzio-bitartekariak formatzea ere.

Ulertzeko eta ekiteko atelierrak

Apiril eta maiatzaren artean, ikasleek EFEIZek animaturiko atelier bat baino gehiagotan parte hartu dute. Trukaketak, lehiaketak, rol jokoak eta egunerokoan inspiraturiko egoera errealen bitartez, karrikako jazarpena mota desberdinak identifikatzen eta modu egokian erantzuten ikasi dute.

Claire Sabalo EFEIZeko zuzendariak pedagogia-lan hori aurkeztu du: “Gazteek bizi ditzaketen antzeko egoeretatik abiatu gara: autobus geldilekuan, ikastetxetik ateratzean edo garraioetan. Rol desberdinak antzeztu dituzte egoerak hobeki ulertzeko eta, oroz gainetik, esku hartzen ikasteko beren buruak arriskuan jarri gabe.”

Horrela, ikasleek metodo hau ezagutu dute: arreta galarazi, hizketatu, dokumentatu, laguntzara bideratu eta egoera heldu baten edo baliabide-pertsona baten esku utzi. Helburua da tresna zehatzak ukan ditzaten segurtasun osoz esku hartzeko. Ondotik, garrantzitsuak iruditzen zitzaizkien hitzei buruz gogoetatu dute elkarrekin eremu publikoan gertatzen diren bortizkerien aurka borrokatzeko, eta errespetuaren egiazko gutun bat idatzi dute.

Jokabideak aldatzearen alde guziz engaiatuak diren gazteak

Udalak dioenez, agiri horren emateak herritar engaiamendu baten hastapena markatzen du. Bereizkerien eta familia arteko bortizkerien aurkako borrokaren ardura duen Bernard Gil zinegotziak betekizun horren eragin zehatza gogorarazi nahi izan du: “Diploma emateaz gain, garrantzitsua dena da egunerokoan gauzatuko duzuena. Nola biziaraziko duzue urraspide hori? Zenbat gazte sentsibilizatuko dituzue? Betetzeko eginkizun garrantzitsua duzue eta zuen engaiamenduagatik goresmenak ematen dizkizuet.”

Demokrazia parte-hartzailearen ardura duen Peio Pouyfaucon auzapezordeak ere gehitu duenez: “Zuen engaiamendua garrantzitsua da elkarbizitzarako eta etorkizunerako. Eredu izaten hasi zarete. Ondoko urteetan, zuen inguruan errespetua, onginahia eta bortizkeria-eza bezalako baloreak zabaltzera eta engaiamendu hori aitzina eramatera akuilatzen zaituztet.”

Kolegioetako hezkuntza-eginkizunekin jarraikitasuna

San Bixente kolegioan, Philippe Bancon ikastetxe buruak eta Sophie Winom hezkuntza aholkulari nagusiak erantzukizun berri hori goretsi dute: “Gazte horietako batzuek jadanik “begirale” eginkizuna betetzen zuten, bakartasun edo ezinegon egoerak hautemanez ikastetxearen galtzarrean. Horietako bat baino gehiagok Angela enbaxadore bilakatu nahi izan dute.”

Engaiatu diren profilen aniztasunaz ere pozten dira: “Neskak badira, baita mutiko anitz ere. Eta, egia errateko, ez dira beti lasaienetakoak! Hau da hain zuzen interesgarria dena. Profil desberdinetako gazteak elkarrekin engaiatzen ikusteak proiektuaren eragina handizki indartzen du.”

Hezkuntza taldea parte hartzaileen inplikatzeaz ohartu da bereziki:

“Parte hartze bizia ukan dute atelierretan, ideia ugarirekin. Ikasle batzuk beste ikuspegi batetik ikusi ditugu. Gaur egun, haietaz harro gara eta oraindik badugu ondoko urtean segitzeko lan, haien ekintzak ikasle guziek ezagut ditzaten.”

“Eredu izan”

Enbaxadoreen aldetik, esperientziak harriturik utzi ditu.

“Ekintza horretan parte hartzea atsegin izan dut”, dio ikasle batek. “Sustengu handia bildu dugu. Batzuetan, haserre garelarik, hitz mingarriak edo iraingarriak bota ditzakegu. Beste bide batez jokatzea eta eredu izatea hobe dela erakutsi dit urraspide horrek. Denek gogoan hartu dute formakuntzaren hari nagusia zen mezu soil baina funtsezkoa: “Egoerari so egotea deus egin gabe, gertatzen uztea da.”

Angela enbaxadore diren lehen gazte horiekin, prebentzioa, errespetua eta herritar engaiamendua egiazko tresnak egiteko udalak duen xedea berresten du, bortizkerien aurka borrokatzeko eta, denentzako eremu publiko segurago bat bermatzeko.

Navigation de l’article