Hendaiako Herriko Etxearen otsaileko kultura hitzorduak bertan behera utziak, gibelatuak edo aldatuak

«Bakarrik taulagainean» festibala otsailaren 12, 13 eta 14an egitekoa zen baina bertan behera utzi da eta So Artistikoen erakusketa linean ikusi ahalko da.

Egitarau aberats eta erakargarria eginagatik ere, otsaileko ekitaldiak ezin izanen dira, zorigaitzez, egin, krisi testuinguru honetan, ikuskizunetarako aretoak, zinemagelak eta erakusketa aretoak ateak publikoari zabaldu ezinik baitira oraindik. Azken hil hauetan guztiotan egin bezala, kultura zerbitzuak agenda aldatu du egokitzapenak eginez eta hitzorduak gibelatuz.

«BAKARRIK TAULAGAINEAN» FESTIBALA

«Bakarrik taulagainean» festibala heldu den asteburuan zen egitekoa Mendi Zolan kulturgunean, txiki nola helduentzako hiru ikuskizunekin eta Floriane Facchini konpainiak aurkeztu sukaldaritzari buruzko lurralde proiektu batekin. Ikuskizun horiek hurrengo kultura sasoirako utziko dira, batzuk urri-abendu artean eta beste batzuk 2022ko otsailean (datak gero zehaztuko dira).

«SO ARTISTIKOAK» 2021 ERAKUSKETA LINEAN, YOUTUBEN

Osasun krisiak erakusketak aurkezteko moldea ere eman du azpiz gora. So Artistikoen 14. aldi honetan, sukaldaritza genuen gaia («Bakarrik taulagainean» festibalari egin begi keinua) eta bideo bat filmatu da eta linean emanen, hemendik zenbait egunetara.

Erakusketa Herriaren Kultura Zerbitzuak eta Hezkuntza/Haurtzaroa Zerbitzuak antolatu dute eta haurrek eskolaldi inguruko aldietan egin lanak erakusten ditu. Lehen aldia da udal zinemako lantaldeak haurren jarraipena egin duela sortzen ari ziren bitartean eta erakusketa ere filmatu du; linean besterik ezinen da ikusi.

Bideo horren ikusteko esteka laster emanen dugu www.hendaye-culture.fr webgunean eta sare sozialetan. Erakusketaren afixaren behe-ezker aldean ageri den QR kodean flasha joz eskura dezakezue ere.

JAKIN EZAZUE ERE

Hendaiako udal mediateka dugu egun zabalik den kultura leku bakarra, dokumentuak mailegatzeko bakarrik.

Navigation de l’article