Hendaiako Eskolarteko 11. Euskal Kantu Txapelketa astearte honetan (urriaren 13an) abiatu da, Hondartzako lehen mailako eskolan antolatutako kantuen zozketarekin. Azkeneko edizioan bezala, kontzertua euskararen hilabetearen kari antolatuko da, 2027ko martxoaren 21ean (igandea), 16:30ean, Daniel Ugarte pilotalekuan.
Astearte honetan, eskola bakoitzeko bi ordezkari joan dira autobusez Hondartzako eskolara beren kantuak zozketatzeko, txapelketarako hautatua izan den 13 kantuko errepertorioan (gehi elkarren arteko kantu bat). Errepertorio modernoagoa, baina kantu tradizionalak ere ahazten ez dituena! Ondotik, haur guztiek elkarrekin bazkaldu dute, Elsa Spizzichino Euskara teknikaria eta Melinda Couturier, proiektuaren erreferentea Hezkuntza eta Haurtzaroaren zerbitzuan hor zirelarik.
Aurten ere, Hendaiako lehen mailako eskola ia guztietako haur anitzek parte hartuko dute txapelketa horretan; proiektu hau normalean bi urtetan behin antolatua da, hiru helbururekin:
- gero eta gehiago galtzen ari diren euskal kantu tradizionalen ikaskuntza haurrengan bultzatzea ;
- euskaraz molde ludiko batez aritzea;
- euskara ekintza humanitario bati lotzea, aurten proiektuaren partaidea den Hendaiako Gurutze Gorriaren bidez. Elkarteko kideak eskoletan pasatuko dira, haien laguntza lanaren aurkezteko.
Orain, haurrak kantuak ikasten hasiko dira, eskolaldi inguruko animatzaileen, irakasle batzuen eta Mattin Sorzabalbere eta Urbil Artola musikarien laguntzarekin. Dekoratuak, jantziak, kantuak ilustratzen dituzten marrazkiak prestatuko dituzte ere, haien txalotzera etorriko den publikoa liluratzeko.
Dagoeneko, martxoaren 21eko data zuen agendetan apunta ezazue, gure talentu gazteak entzutera joateko, batez ere gurasoak bazarete eta zuen haurrek parte hartzeko izena eman badute!