Auzo-batzordeen barne araudia

Aitzin-adierazpena

Demokrazia parte hartzailearen aldeko politikaren harira, Hendaiako udalak auzo-batzordeak sortzen ditu.

Aholku-instantzia horien helburua da biztanleak tokiko bizitzan parte harraraztea, herritarrak, hautetsiak eta herriko zerbitzuen arteko elkarrizketa indartzea, baita interes kolektiboko proiektuen sortzea sustatzea ere.

Auzo-batzordeen ibilera funtsezko baloreetan oinarritzen da: errespetua, arreta, irekitasuna, engaiamendua, elkartasuna eta interes orokorraren bilketa.

1. artikulua – Definizioa

Auzo-batzordeak tokiko hitzartzerako instantziak dira, legezko nortasunik gabe, Hendaiako udalaren gerizan jarriak.

Trukatzeko, proposamenak egiteko eta biztanleak, tokiko eragileak eta udalaren artean lankidetza-eraikuntzarako eremuak dira.

2. artikulua – Helburuak

Auzo-batzordeek aholku-eginkizuna dute. Honako eginkizunak bete behar dituzte:

  • biztanleek bere auzoei buruz dituzten igurikapenak, beharrak eta proposamenak biltzea;
  • bizi ingurumena hobetzean parte hartzea, iritziak eta interes kolektiboko iritziak agertuz;
  • beren auzoetan eragina duten herriko proiektuen gogoetetan, apailatzean eta jarraipenean parte hartzea;
  • herritarren parte hartzea akuilatzea eta gizarte-lokarria indartzea auzoetan;
  • biztanleen aldean beren auzoei loturiko herriko proiektuei dagozkien berriak zabaltzea eta adieraziriko oharrak udalari jakinaraztea;
  • biztanleen aniztasuna ordezkatzen duen adierazpen eta hitzartze gune bat osatzea.

3. artikulua – Lurralde eremua

Hiria bizi-auzoei dagozkien eskualdetan banatua da. Batzorde bakoitzak Herriko Kontseiluko delibero batek zehazturiko eremu bat estaltzen du.

  1. Dongoxenea – Zopite – Agerre – Azkubea
  2. Lizardi – Orio
  3. Hondarraitz
  4. Intzura
  5. Geltokiko auzoa
  6. Hiri-barnea – Harrizabaleta

Mapa : https://umap.incubateur.anct.gouv.fr/fr/map/quartiers_6493

4. artikulua – Auzo-batzordeko bulegoaren osaketa

Ordezkatzeko ahala eta engaiamenduaren balorizazioa dira urraspidearen oinarrizko baloreak. Orduan, honela osatua da auzo-batzorde bakoitza:

  • hautagaitza deialdi batetik jalgiriko kidez osatua den bulegoa,
  • hunkituriko eremuan bizi diren biztanleak,
  • tokiko elkarteen ordezkariak,
  • merkatariak edo eragile ekonomikoak

Parte hartzea boluntarioa da eta irekia.

Herritar-hurbiltasuna eta Demokrazia parte hartzailearen ardura duten 2 hautetsik Herriko Kontseiluarekiko eta herriko zerbitzuekiko lotura segurtatzen dute.

5. artikulua – Hautagaitza

Gutienez 16 urte bete dituzten auzoko biztanle guziek osa dezakete hunkituriko eremuaren auzo-batzordea. Auzoko eremuan elkarte- edo lanbide-jarduera batean dihardutenek ere parte har dezakete. Elkarte-ordezkariek elkarteek emaniko manatu argia ukan behar dute.

Hautagaitza aurkezteko, www.hendaye.fr/eu/ udalaren webgunean eskuragarri den lineako inprimakia bete behar da edo paperezko formatuan eskuratu herriko etxean (Herriko etxea/Komunikazioaren eta Demokrazia parte hartzailearen Zuzendaritza).

Hautagaitzen eta auzo-batzordeen ibileraren harira bilduriko datu pertsonalak Hendaiako udalak tratatuko ditu Datuak Babesteko Araudi Orokorraren arabera (DBAO). Hunkituriko pertsonek datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta mugatzeko eskubidea dute, indarrean den araudiak finkaturiko baldintzen arabera.

Hautagaitzak aurkeztu behar dira 2026ko urriaren 5etik azaroaren 15eko gauerdira. Hautagaiei erabakia jakinaraziko zaie 15 eguneko epean.

Auzo-batzordeko bulegoa osatu ondotik, Herriko Kontseiluari kideen zerrenda jakinarazia zaio. Karguak borondatez beteak dira.

Kidetza kentzen da honako kasuetan: kargua uztea, auzoz aldatzea edo kanporatzea parte hartze herritarraren gutuna eta araudi hau urratzeagatik. Kargu uzte oro jakinarazi behar zaio jaun auzapezari.

Auzo-batzordeen galtzarrean engaiatzea 3 urterako egiten da jartzeko egunetik goiti, 2029ko berritzea arte. Karguaren bukaeran, auzo-batzordekideek beren hautagaitza berriz aurkez dezakete.

6. artikulua – Ibilera

Batzordearen barne antolaketa

Batzorde bakoitzak kideek finkaturiko ibilera antolatzen du libreki. Bere galtzarrean, lehendakari bat izendatzen du (Herriko kontseilaria ez dena), udalaren administrazioaren eta hautetsien erreferenteen solaskidea izanen dena.

Batzordeak ohiko biltzarrean biltzen dira, urtean bitan gutienez, udalarekin adosturik, finkaturiko gai zerrenda baten arabera. Batzordearen edo udalaren ekimenez biltzar gehigarriak antola daitezke, hilabete bateko aitzin abisuarekin. Auzoan, biltzeko gela bat ezarriko da batzordekideen esku. Erreserbatu beharko da biltzarra eguna baino hilabete bat lehenago udalaren hautetsi edo administrazio erreferentearen aldean. Udalak ditu gomitak bidaliko batzordeetako lehendakariei. Horiek dituzte batzordekideei helaraziko.

Biltzar bakoitzaren ondotik, udalak biltzar agiria idatziko du eta lehendakariei bidaliko die, azken horiek kideei segiaraziko dietena.

Udalarekiko harremanak

Herritar-hurbiltasunaren eta Demokrazia parte hartzailearen ardura duten hautetsiek, herriko zerbitzuek lagundurik (Komunikazioaren eta Demokrazia parte hartzailearen Zuzendaritza eta gaien araberako zuzendaritzak) honako eginkizunak bete beharko dituzte:

  • sei auzo-batzordeen lana koordinatzea,
  • galderei erantzutea eta esku hartzea araudi honen betearazteari loturiko liskarrak agertuz gero,
  • Herriko Kontseiluari auzo-batzordeen proiektuen eta iradokizunen berri ematea.

Herritar-hurbiltasunaren eta Demokrazia parte hartzailearen ardura duten hautetsiek auzo-batzordeen ekintzak, proposamenak eta emaitzak aurkezteko urteko txostena irakurriko dute urtean behin Herriko Kontseiluaren biltzar baten denboran.

Helbide generiko bat sortua izan da, , udalaren solaskide diren auzo-batzordeen lehendakariek adieraziriko galderak edo eskariak biltzeko xedez.

Eginkizuna eta gaitasunak

Aholku-instantzia den auzo-batzordea arreta, adierazpen eta hitzartze eremu bat da, biztanleei beren auzoko bizitzan parte hartzeko eta udalari auzoetako errealitateak hobeki ulertzeko bidea eskaintzen diena, erabakiak bideratzeko eta ekintzak auzoetako beharrei egokitzeko gisan. Bere gaitasunak honela zehaztuak dira:

  • Beren auzoetako lurraldeari edo beren etorkizunari eragiten dioten proiektuei buruz informatzea eta iritzia biltzea,
  • Beren auzoetako lurraldeari dagokien arazoei eta dosierrei buruz proposamenak egitea, beren ekimenez edo udalak eskaturik,
  • Ideiak sortzea menturazko aurrekontu parte hartzaile baten harira.

Auzo-batzordeen proposamenei udalak idatzizko erantzun bat eman beharko die ekarriko diren jarraipenei buruz.

Auzo-batzordeen biltzarretan dauden herriko hautetsiek entzuteko, solastatzeko eta informatzeko eginkizuna dute. Elkarrizketak akuilatzen dituzte, biztanleen kezkak eta proposamenak adierazten dizkiote udalari, eta udalak eramaniko politika publikoak eta ekintzak balioan ezartzen dituzte. Auzoan bizi diren hautetsiek herriko hautetsi gisa parte har dezakete, beren lurraldearen eta auzoko biztanle gisa bizitako errealitateen ezagutza ekarriz.

Auzo-batzordeek soilik interes orokorraren zerbitzuko izateko eginkizuna dute. Ildo horretatik, ezin dira baliatu hauteskunde-, sindikatu-, erlijio-, merkataritza-xedeetarako edo xede alderdikari edo pertsonaletarako. Auzo-batzordeek ez dute aurrekontu, erabakitzeko eskumen edo udala engaiatzeko ahalmen propiorik.

7. artikulua – Auzo-batzordeen esku ezarririko baliabideak

Hendaiako udalak batzordeen esku ezartzen ditu:

  • herriko gelak [Geltokiko eskola; Intzurako eskola edo Denentzat gizarte zentroa; Lizardiko eskola edo Txiki Handi; Dongoxenea haurtzaindegiko gela, Ondarraitz elkarte-gela; Gaztelu Aretoa].
  • jarraipen logistikoa eta administratiboa,
  • komunikazio tresnak (herriko gutuna, udalaren webgunea, sare sozialak…)

8. artikulua – Komunikazioa

Udalak auzo-batzordeen lanak balioan ezartzea hartzen du bere gain bere komunikazio tresnen bidez (webgunea, herriko gutuna, sare sozialak, argizko taulak…). Biltzar agiriak eta argibide baliagarriak publikoaren esku ezarriak dira, gardentasunez jokatzeko xedez, udalaren webgunean, horri eskainiriko atalean.

Udalaren Komunikazioaren eta Demokrazia parte hartzailearen Zuzendaritzak auzo-batzordeak zabaldu nahiko lukeen sustapen-dokumentu oro ontzat eman behar du. Elementuak hilabete bat lehenago bidali beharko dira.

9. artikulua – Desadostasunen kudeaketa eta interes aurkakotasunei buruzko gardentasuna

Kideek beren interes pertsonala eta batzordearen lanen arteko desadostasun bat sortuko lukeen egoera oro ohartarazten dute.

Auzo-batzordekideak desadostasunak elkarrizketa bidez konpontzera eta onez oneko aterabide bat bilatzera bermatzen dira.

Zailtasunak luzatzean edo barne araudiaren edo gutunaren arauak urratzean, batzordeko lehendakariak udalaren hautetsi erreferentearen esku hartzea eska dezake bitartekaritza sustatzeko gisan.

Desadostasuna irautean edo errespetua, neutraltasuna edo interes orokorraren arauak argiki urratzean, udalak behar diren neurriak har ditzake, barne araudiaren eta eztabaidaren arauaren errespetuan.

10. artikulua – Barne araudia aldatzea

Araudi hau alda daiteke Herriko Kontseiluko delibero bidez.

 

Hendaiako Herriko Kontseiluak onarturik, 2026ko irailaren 30ean